Euskal grafia zaharberritua liburu batean

Tomas Hernandezek 'Euskal grafia' liburua argitaratu du Erein argitaletxearekin. 50 urtean egindako marrazkien bilduma bat osatu du, euskal ikonografian oinarrituta

Euskal grafia liburuko irudi bat. TOMAS HERNANDEZ.
Maider Galardi
Donostia
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Donostiako San Telmo museoko hilarriekin txundituta gelditu nintzen gaztea nintzenean. Ordutik, miresmen berezia izan diot euskal grafiari». Hala azaldu du Tomas Hernandez grafista eta margolariak (Donostia, 1940) nola hasi zen Euskal Herriko arte primitiboaren ildoan lanak egiten. 1966an egin zuen lehen zirriborroa, eta, ordutik, 300 lanetik gora bildu ditu. Edorta Kortadi arte kritikoak ikusi zituen marrazkiak, eta orduan proposatu zion Hernandezi bilduma bat osatzea. 150 lan jasotzen dituen liburua argitaratu du Erein argitaletxearekin. Atzo aurkeztu zuten, Donostiako Udal Liburutegian.

Euskal ikonografiaren oinarrizko irudiak ditu abiapuntu Hernandezek, baina sinbolo horiek berreskuratzeko eta eraberritzeko joera nabarmena da: «Hori da Hernandezen arlo interesgarrienetariko bat. Berrikusi egin du euskal grafia, eta proposamen berriak egin ditu», adierazi du Kortadik. Haren ustez, antzinako iruditeria horrek badu indar sinboliko bat, estetikoaz gain. Hainbat etnografok aztertu dute hori, hala nola Jose Migel Barandiaranek eta Julio Caro Barojak. Kortadik berak ere egin zuen ikerketa bat, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, 1994an. Azaldu duenez, euskal iruditeriak Europako hainbat herrialdetako arte primitiboaren sinbologia antzekoa du: zirkuluak eguzkia irudikatzeko, hirukiak mendiak marrazteko, laukiak lurra sinbolizatzeko... Edonola, ikerketen arabera, euskal ikonografiak kultura zeltan du jatorria.

Irudi horiek guztiak jasotzen ditu Hernandezek bere marrazkietan, baina eraberritu egin ditu «zaharkituta» zeuden hainbat irudi. Sinbolo tradizionalak oinarrian baditu ere, natura du inspirazio iturri: «Ingurumena da nire irakasle handiena. Ikasi dut natura interpretatzen eta giza harremanetan arreta jartzen. Hortik edaten dut, eta horrek bultzatuta marrazten dut». Garrantzitsua iruditzen zaio, gainera, euskal kulturaren ondarea den grafia iraunaraztea: «Nazioaz hitz egiten dut nire marrazkietan, sortzeko modu diferente bat daukagulako. Ezin ukatu kultura konkretu bat sortu dugula». Kortadik ere azpimarratu du arte diziplina horri bere balioa ematearen garrantzia: «Askotan pentsatzen dugu grafismoa bigarren mailako artea dela, baina gure ondarearen parte da, eta iraunarazi behar dugu».

Ibilbide luzea arte grafikoan

Hain zuzen ere, Hernandezek ibilbide luzea egin du arte grafikoen munduan, eta, horren adibide, 300 afixatik gora diseinatu ditu, tartean Donostiako Jazzaldiaren eta Zinemaldiaren zenbait kartel ere bai. 1955ean hasi zen Mercadal akademian arte ikasketak egiten, eta 1962tik aritu da Donostiako Valverde lantegi grafikoan lanean. Bertan ezagutu zituen, besteak beste, Bixente Ameztoi eta Juan Luis Zumeta.

Eskultore eta margolari gisa ere aritu da Hernandez, baina, azken urteotan egunero hartu du tartea euskal grafia eraberritzeko. Gainera, urteak aurrera joan ahala, moldatu egin du bere estiloa, eta gaurkotu egin du teknika ere: Txinako tintaz egiten ditu irudiak. Ez ditu alboratu, ordea, euskal iruditeriaren oinarrizko sinboloak: lauburuak eta lerro kurbatuak nagusi dira haren irudietan. Alfabeto bat ere osatu du bildumarako. Hala, euskal tipografiaren proposamen bat ere egin du grafistak.

«Ausarta» iruditu zaio proposamena Kortadiri, berak ere prestatu zuelako eredu bat duela zenbait urte Eusko Jaurlaritzarentzat, baina, adostasunik lortu ez zenez, bertan behera gelditu zen proiektua. Horregatik, nabarmendu du Hernandezen ekarpena: «Beti ari gara euskal ikonografiaren eta grafiaren inguruko ikerketak eta errepikapenak egiten, baina ez dugu berririk sortzen. Hernandezek egin du hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.