Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Hesteetatik garunera

2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ez da harritzekoa gure hesteetan bizi diren mikroorganismoak digestioarekin zerikusia duten prozesu eta gaitzetan inplikatuta egotea. Baina, mikroorganismo horiek gure garuneko funtzionamendua eta, ondorioz, gure portaera baldintza dezaketela esango banizu, zer pentsatuko zenuke?

Autismoaren espektroko nahasmena (AEN) pairatzen dutenen %75ek digestio arazoak, elikagaiei alergiak edota glutenarekiko arazoak izan ohi dituzte. Hori dela eta, duela hamarkada batzuk, zientzialariak autismoaren eta mikrobiotaren artean erlaziorik ba ote zegoen ikertzen hasi ziren.

Oro har, nahasmendu neurologikoak dituzten pertsonek, AENdunek barne, mikrobio-komunitate ezberdin gutxiago daukate. Bacteriodetes eta Firmicutes filumeko bakterio espezieek giza hesteko mikrobiotaren %90 osatzen dute. Filum mailako ikerketen arabera, pertsona osasuntsuekin alderatuz, AEN pairatzen dutenek Firmicutes filumeko bakterio gutxiago eta Bacteriodetes filumeko bakterio gehiago dituzte.

Bakterio mailan ez ezik, bakterioek ekoizten dituzten molekuletan ere desberdintasunak atzeman dituzte. Esaterako, Kaliforniako ikerketa talde batek lehenengoz aurkitu zuen AEN saguek osasuntsuek baino 40 aldiz 4-etilfenilsulfato (4EPS) gehiago dutela. Duela hilabete eskas argitaratutako lan batean, ikerketa talde horrek aurkikuntza garrantzitsu bat egin du: hesteko mikrobiotak, Bacteroidetes filumeko bakterioak tarteko, tirosina aminoazidotik abiatuta, 4EPS konposatua ekoitz dezake.

4EPS garunean pilatzen da, eta han hainbat ondorio eragiten ditu. Alde batetik, garuneko gune ezberdinen arteko konektibitate funtzionalari kalte egiten dio. Bestetik, gomazko zorroek kable elektrikoak babesten dituzten antzera, mielinazko zorroek neuronen axoiak babesten dituzte, eta 4EPSren presentzian, mielinazko zorro horiek behar baino meheagoak izaten dira. Izan ere, mielina ekoitzi eta mantentzeaz arduratzen diren oligodendrozitoak ere kaltetuta daude 4EPS konposatuaren ondorioz. Gainera, hesteetako bakterioek ekoitzitako metabolito horrek saguetan antsietatearekin erlazionatutako jokaerak eragiten ditu. Hori horrela, sagu osasuntsuei 4EPS konposatua injektatu ostean, autismoarekin erlazionatutako sintomak garatzen dituztela behatu dute.

Honezkero, inor gutxik mespretxatuko ditu ikusten ez ditugun baina gure inguruan dauden milioika bizidun ñimiñoak. Horietako askok gugan daukaten eraginaz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta indar handiagoa hartzen du I-II. mendean erromatar poeta batek idatzitako mens sana in corpore sano esaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.