Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Metronomoaren erritmo inorganikoa

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Das Vorspiel'



Zuzendaria: Ina Weisse.Herrialdea: Alemania-Frantzia. Iraupena: 99 minutu.

Musikaz ari garenean, erritmoaz hitz egitea ezinbestekoa dela argi dago, eta Ina Weissek zuzendutako lanak erritmoak sor dezakeen laztasunean edo, hobe esanda, erritmo asinkopatuek sor dezaketen ezinegonaren ondorioetan murgilduko gaitu.

Filmak biolin irakasle baten istorioa azaltzen digu: Nina Hossek ezin hobeki hezurmamituko duen eta hiperkontrolak xurgatua dagoen emakume zurrun eta normatiboarena. Beira finez osatutako segurtasun hauskorrean preso bizi den emaztearena, amarena, irakaslearena.

Metronomoak bahitua daukalako protagonista, zurruntasunean, bikaintasunak liluratua, tronpatua. Ez da organikoa bizi duena, mozorro bat baizik, kortse bat, zigorra, berak ez ezik ingurukoek ere jasaten dutena.

Erritmoek organikoak behar dutelako, taupadak bezala, naturalak, bat-batekoak, bere inperfekzioan perfektuak, bakarrak, ederrak. Protagonistak, naturaz gaindiko eskakizunak eginez, gorriak ikusaraziko dizkigu guztioi, neurrigabea den bikaintasun horretara heldu gaitezen.

Baina gizakiok inperfektuak gara, organikoak, musika bezala, bereziak, desberdinak, eta huntza bezala lotuko gara metronomoaren inguruan, arau itogarrietan arrakalak topatzeko.

Horrelakoxea izango da protagonista, gupidagabea bere buruarekin eta ingurukoekin, gero, inor begira ez duenean, estutzen duten arau guztiak apurtzeko.

Zintak klima itsusia garatuko du, hedatuz joango dena tramak aurrera egin ahala, familian eta inguratuko diren pertsonaien artean zabalduko den dinamika kutsakorra. Aurretiaz Hanekek La Pianiste filmean bikain egindakoaren usaina ere hartu diot pelikulari, maila ertaineko bertsioa balitz bezala, eta agian alderaketa hori egiteak ez dio batere mesederik egin.

Hala ere, interesgarria da filmaren bitartez egiaztatzea nola, fisikarekin gertatzen den bezala, zenbat eta zurrunagoa den materiala, orduan eta haustura tentsio handiagoa duten gauzek, pertsonek, sentimenduek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.