Euskal eskola publikoaren jaia

Aniztasunari emandako babesa

Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia egin zuten igandean Lekeition. Antolatzaileen arabera, 35.000 pertsona inguru batu ziren eskola publikoari babesa azaltzera. Hasiera ekitaldian, EHIGEko kideek heterogeneotasunaren aldeko aldarrikapena egin zuten.

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Aurreikuspen guztiak hobetu zituen igandean Euskal Eskola Publikoaren jaiak. Zapran gagoz leloa aukeratu zuten aurtengo deialdirako, Lekeitioko (Bizkaia) euskalkian «zorteko gara» esan nahi duena. Zorte hori eguralditik bertatik hasi zela esan daiteke, igande arratsaldera arte ateri eta eguzkitsu egon baitzen, aurreikuspen meteorologikoek euria iragarri bazuten ere. Horrek berarekin ekarri zuen jendearen erantzun ona. Lekeitioko udaltzainek Euskal Herriko Ikasleen gurasoen Elkarteari (EHIGE) emandako datuen arabera, 35.000 pertsona batu ziren eskola publikoen balioa aldarrikatzeko helburuarekin.

Haur eta gaztetxoentzako ekitaldi ugari antolatu zituzten, eta denetan ibili zen jendetza. Goizean, ekitaldiek erantzun positiboa izan zuten, eta haurrek erruz hartu zuten parte jarduera ezberdinetan. Hondartzan bertan ere bainatzeko aukera eduki zuten horretarako ausardia izan zutenek. Baina, horrez gain, etxeko txikiek aurpegiak margotzen edo bestelako hainbat jolasetan aritzeko aukera izan zuten. Horrek bereganatu zuen haur eta gurasoen arreta goiz osoan. Arratsaldean euria hasi zuen, baina aurreikusita zegoen eguraldi txarrari aurre egiteko bi karpa jarrita zeuden jai eremuan, eta bertan egin ziren falta ziren ekitaldi denak. Ez zen ezer geratu bertan behera.

Aldarrikapena jai hasieran

Eguna hasi aurretik, ordea, inaugurazio ekitaldia egin zen Iturriotz DBHko institutuan. Hezkuntza arloko hainbat eragilek parte hartu zuten bertan, eta baita eragile sindikal edo arduradun politikoek ere. Tartean zegoen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, baina baita Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea ere. Jaia hasi aurreko ekitaldian, Ana Puente EHIGEko presidenteak hartu zuen hitza, eta euskal eskola euskaldun eta anitz baten aldeko aldarrikapena egin zuen: «Gure hezkuntza sistemak datu onak ditu hainbat arlotan; batzuk aipatzearren, ikasle guztiak sisteman mantentzeko egiten den esfortzua edo integrazioaren aldeko ahalegina».

Horrela, Puentek azken boladan bolo-bolo dabilen gaiari heldu nahi izan zion, eta «konpromiso eza» leporatu zien ikastetxe pribatuei. «Berdintasunari kalte» egiten diotelako, azaldu zuenez. Izan ere, gaur egun hezkuntza publikoak hartzen ditu jatorriz atzerritarrak diren ikasle gehienak, eta adierazi zuen horrek sistemen arteko arrakala handitu dezakeela. Hala ere, aniztasun hori gauza positibotzat hartu behar dela ere esan zuen, ikastetxe heterogeneo edo anitzetan «ikasle denei ekarpen positiboa» egiten dielako; hau da, zenbat eta aniztasun handiagoa ikasleen artean, orduan eta positiboagoa dela ekarpen hori. «Segregazioa murriztuz, guztiok irabazten dugu», zioen.

Horretaz aparte, Puentek salatu zuen «ghettoak» sortzen ari direla, hizkuntza ereduen eraginez: «Ezberdintasunak sakontzen ari dira; ereduek desagertu egin behar dute, eta euskararen erabilera sustatu behar da». Horri lotuta, azaldu zuen Euskadiko Eskola Kontseiluan maiz hitz egin dela gai horri buruz ere. «Askotan eztabaidatu da ikasleak nola banatu gure hezkuntza sistemaren ikastetxeetan era orekatu eta kohesionatuan».

2019ko jaia Errenterian

Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia giro onean egin eta balorazio positiboak jaso ondoren, EHIGEko kideak datorren urteari begira jarri dira. Igandeko ekitaldian bertan egin zuten 2019ra begira jartzeko ekitaldia, eta Errenteriako ordezkariei eman zieten lekukoa. Julen Mendoza alkateak «ohore handiz» hartu zuen datorren urteko jaia antolatzeko ardura. Aurtengo Zapran gagoz leloarekin zerikusi gutxi izango du datorren urtekoak, Makina bat taupada izango baita leloa, igandean aurreratu zutenez. Horrela, datorren urteko jai egunean beste keinu bat egingo diote euskal eskola publikoetan aniztasunaren alde egiten den lanari. Hala eta guztiz ere, urte bat falta da oraindik, eta lan asko dago egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.