Koronabirusa

Intzidentzia 400dik gorakoa da Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan

Bilbo eta Gipuzkoa itxiko dituzte, eremu gorrian sartu ostean. Positibo tasa %8,9 da Hegoaldean. Ostalariek helegitea jarriko dute, baina, Urkulluren esanetan, oraindik ezin dira neurriak arindu

Ertzaintzaren kontrol bat, Gasteizko irteeran. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz - Arantxa Iraola
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Harrotuta. COVID-19aren laugarren olatua gogor hasi da jotzen Hego Euskal Herrian. Ñabardurekin, baina herrialde guztietan nabari da igoera, eta horren erakusle da azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua: 100.000 biztanleko 400 kasuren langa gainditu dute jada Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan. Baita Gasteizen eta Bilbon ere. Transmisioaren goranzko horrek isla zuzena du osasun sisteman, eta azken hilabeteetako egoera makurrenean dira ospitaleetako zaintza intentsiboetako unitateak ere.

Igandean, beste 795 COVID-19 kasu atzeman zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 8.874 PCR eta antigeno proba egin ostean. Horrek esan nahi du positibo tasa %8,9 dela orain, OME Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatutako gehienezko langa (%5) luze gaindituta. Herrialdeka, 67 positibo atzeman zituzten Araban, 261 Bizkaian, 265 Gipuzkoan, eta 197 Nafarroan. Azken bi asteotako positibo berrien batezbestekoak ere gora egin du: 839, otsailaren 15az geroztik izandako daturik okerrena. Ospitaleratzeak ere ugaritzen ari dira Hego Euskal Herrian, eta kezka eragiten du ZIUen egoerak: Osakidetzak eta Osasunbideak emaniko datuen arabera, 162 gaixo larri daude unitate horietan.

Datu horiekin, eremu gorrian dira jada Araba eta Gipuzkoa, 426,87 eta 484,66ko intzidentzia tasa metatua baitute, hurrenez hurren. Bizkaian, ez dira kopuru horretara iritsi (356,56), baina herrialdea de facto itxita dago, ezinezkoa baita Arabara, Gipuzkoara edo Kantabriara joatea. Nafarroan, berriz, ez dago eremu gorririk, herrialde osoan itxiera perimetrala ezarria baitago iazko urritik, baina intzidentzia tasa bertsua du: 409,15. Hiriburuei dagokienez, Bilbo ere eremu gorrian sartu da, 471ko intzidentzia erregistratuta.

Iragan astean 26 udalerri itxi zituzten: besteak beste, Araba eta Gasteiz. Horiek itxita egongo dira aurrerantzean ere, eta 5.000 biztanletik gorako beste hamasei gehitu zaizkie haiei, gaurtik aurrera. Bizkaian, hiriburuaz gain, Getxo, Markina-Xemein, Muskiz, Portugalete eta Sestao. Eta Gipuzkoan, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Errenteria, Hondarribia, Lasarte-Oria, Orio, Pasaia, Villabona eta Zarautz. 5.000 biztanle dituzten hainbat herrik ere gainditu dute laurehun kasuko intzidentzia tasa, eta orain, denera, 82 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan itxita dauden udalerriak.

Laurehun kasuko intzidentzia tasa gainditzen duten tokietan ezartzen ditu aparteko neurriak Labik. Toki horietatik ezin da atera aparteko baimenik gabe, eta ostatuek barruko jarduera mugatua dute ordu jakin batzuetara: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bakarrik zabal ditzakete barruko aldeak bezeroentzat.

Hain zuzen ere, esparru horretan ezarritako murrizketekin kexu agertu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariak. Auzitara joko zutela jakinarazi zuten joan den astean; atzo aurkeztu zuten helegitea. Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaile Hector Sanchezek adierazi zuen neurri horiek ezartzeak «ez duela zentzurik», eta horiek kentzeko eskatu zuen. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, ordea, neurriok arintzea baztertu zuen atzo: «Inondik inora ere ez». Radio Euskadi irratian emandako elkarrizketa batean solastatu zen.

Alarma egoera bukatzean

Lehendakariak esan zuen indarrean diren murrizketak bete egin behar direla eta, herritar guztien artean jokabide hori gailentzen bada, ez dela beharko neurri zorrotzagorik. Hori bai, alarma egoera amaitzen denean zer-nolako estrategia hautatu beharko den aztertuz joatea garrantzitsua dela gogoratu zuen.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi izan ditu Jaurlaritzak indarrean jarritako hainbat neurri, eta izurriari aurre egiten jarraitzeko «eskuduntzak» nola bermatu aztertu behar dela adierazi zuen Urkulluk. Lehengo astean, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek esan zuen alarma egoera maiatzaren 9an bertan behera uztea dela asmoa, eta, horren harira, egoera berri horretarako prestatu beharko dute instituzioek. Horretarako, Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluaren laguntza batzordea bilduko da gaur, eta han adostutakoak oinarri izango dira hemendik aurrerako neurriak ebazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.