Koronabirusa

Birusaren forma berrien aztarnari jarraika

COVID-19aren aldaera berriak Euskal Herrira ere heldu dira: gero eta zabalduago daude. Izurriaren bilakaera moteltze aldera, aldaera horiek identifikatzeko eta kontrolatzeko sistemek garrantzi handia dute orain.

Langile bat PCR testak egiten, Txagorritxuko erietxean. GORKA RUBIO / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Uste dugu hemendik aste batzuetara gehien detektatuko dugun birusaren aldaera britaniarra deitua izango dela»: horra birusaren bilakaera, Donostia Ospitaleko birologo Miriam Goikoetxearen hitzetan. Orain aste batzuk egindako iragarpenak dira, eta bete egin dira. Hain zuzen, Nafarroan, positibo guztien ia %70 dira aldaera horretakoak; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, erdiak baino gehiago. Birusak lortu du jarritako oztopoak gainditzea, eta formaz aldatzea: aldaera berriak ditu. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Hegoafrikako aldaeraren bost kasu, Brasilgoaren bat eta Portugalgoaren beste bat zenbatu dituzte. Baina, nola identifika daiteke positibo bat aldaera batekoa edo bestekoa den?

Bada, positiboen laginak aztertzera bidalita. Osakidetzak eta Osasunbideak, adibidez, horretarako prozesuak jarri dituzte martxan. Zenbait lagin positibo hartu, eta bigarren proba bat egiten diete, mutaziorik duten ikusteko. Erresuma Batutik zabaldutako birusaren aldaerak atzemateko, esaterako, N501Y izeneko mutazioa bilatzen dute azterketetan. Proba horrek positibo ematen badu, beste azterketa bat egiten dute gero, S genea galdu duela ziurtatzeko. Izan ere, Erresuma Batuko aldaeraren berezitasuna da S izeneko genea galdu izana. Gene hori galdu badu, beraz, Erresuma Batuko aldaera dela ondorioztatzen dute.

«%99,5eko fidagarritasuna du proba horrek», azpimarratu du Carmen Ezpeleta Nafarroako Ospitale Guneko laborategiko buruak. Bere datuen arabera, teknika horrekin 500 positibo inguru aztertu ditzakete astebetean: kutsatuen kurbak goia jo zuenean, urtarrilaren amaieran, positibo guztien %35 zen hori. Gaur egun, gai dira atzemandako positibo guztiak aztertzeko, kopurua ordukoa baino baxuagoa delako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, positiboen laurdenari egiten diote bigarren proba, Jaurlaritzaren Osasun Sailaren komunikazio zerbitzuen arabera.

PCR motako probak dira horiek. IkerBasqueko ikerlari eta EHUko irakasle Ugo Mayorrek azaldu du positiboen aldaerak identifikatzeko «modurik merkeena» direla. Baina, zehaztu duenez, azterketa horiek kasu honetan Erresuma Batuko aldaera atzeman badezakete ere, ezin dituzte beste hainbat aldaera identifikatu. Horregatik uste du birusaren sekuentziazioa maizago egin beharko litzatekeela aldaeren jarraipen egoki bat egiteko: birusaren material genetiko guztia aztertu beharko litzatekeela, alegia.

Oharkabean pasatutakoak

«PCRekin Erresuma Batuko aldaera aurkitu dute, baina beste zenbait ez dira horrela ikusten. Horretarako, sekuentziazioa egin behar da. Demagun genoma —birusaren material genetikoa— liburu bat dela. PCRak fotokopia egiten du, baina ez du interpretatzen. Sekuentziazioak liburuaren hitz guztiak transkribatzen ditu, eta hori da modu bakarra sortzen diren aldaera guztiak ikusteko», azaldu du Mayorrek. Ezpeletak eta Goikoetxeak diotenez, ordea, sekuentziazioak dakarren lana nekezagoa da, eta, Goikoetxearen arabera, asko «luza» daiteke prozesu hori. Iritzi berekoa da Ezpeleta ere: «Lan handia da, eta aunitz kostatzen da; diru eta denbora asko beharko da».

Baina izendatuta dauden aldaerak identifikatzeko soilik ez, berririk sortzeko bidean dagoen kontrolatzeko ere erabilgarria da sekuentziazioa. «Transmisio komunitario handia izan dugunez, baliteke hemen bertan ere beste inon ez dauden aldaera berriak sortzea», ohartarazi du Mayorrek. Europako Batzordearen kezka nagusietako bat ere bada hori. Horrela, urtarrilean kaleratu zuen komunikatu batean, estatu kideei eskatu zien gutxienez positibo guztien %5en sekuentziazioa egiteko. Eusko Jaurlaritzak BERRIAri jakinarazitakoaren arabera, positibo guztien %2 inguru bidaltzen dituzte sekuentziatzera aldaera berririk sortu den aztertzeko. Ehuneko horretatik kanpo daude mutazio gisa identifikatu dituzten laginei egiten dizkieten sekuentziazio probak: hau da, ehuneko hori aztertzera bidaltzeko arrazoia identifikatu gabeko aldaerak atzematea da, ez susmagarriak diren laginak aztertzea.

Nafarroan sekuentziatzera bidalitako laginen datu zehatzik ez badute ere, Ezpeletak aurreratutakoaren arabera, urtebeteko epean 400 lagin inguru bidali dituzte sekuentziatzera: positibo guztien %0,8 inguru. Osasunbidearen azterketak Euskal Herritik kanpoko laborategietan egiten dituzte, Nafarroan ez baitute halakoak egiteko prozesua hasi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.