Nuin: «Bananduta gehiago gehitzen dugu batuta baino»

Berria -

2019ko urtarrilak 22
Ezkerra koalizioaren batzarrak gehiengo handiz erabaki zuen larunbatean, datozen foru hauteskundeetan Ahal Dugu-rekin batera ez joatea. Batzarrera bertaratutako %91,5ek bat egin zuten bananduta joatearekin. Atzo, Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunak nabarmendu zuen erabaki horrek ez duela zerikusirik Ahal Dugu-ren krisiarekin, eta ez dutela alderdi horrekin harreman txarrik. «Bi alderdiek gehiago gehituko dute bananduta joanda, batuta baino». Nuinen ustez, aldaketarentzat bi pieza erabakigarri dira, eta aldaketari berari begira, erantzukizunez jokatu behar da, ahalik eta boto gehien biltzeko. Nuinen ustez, Ahal Dugu-rekin harreman bereziak dituzte, eta erabaki horrek ez du esan nahi beste bozetan batera joango ez direla.

Ezkerrako beste bazkideak, Batzarrek, erabaki du zein izango diren bere hautagaiak. Txema Mauleon aurkeztuko da parlamentuko zerrendetan eta Edurne Egino udaletakoetan. Hala erabaki zuen Batzarrek igandean bertan egindako batzarrean: 260 afiliatuetatik 147k parte hartu zuten bozketan. Alderdiak «ilusioz» ikusten du hauteskundeetan hirugarren aldiz Ezkerraren eskaintza izatea. «Abiapuntu ona dugu, zoru sendoa eta hazteko zantzu onak».