Koronabirusa

Gabonen ondorioak gero eta ageriago gelditzen ari dira Hego Euskal Herrian

Egun bakarrean 984 positibo atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. 96 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan

Erizain bat Aguraingo frontoian (Araba), PCR proba bat egiten. RAUL BOGAJO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Gabonzahar gauetik eta Urteberri egunetik bi aste igarota, argi eta garbi antzeman daiteke COVID-19aren transmisio kurbaren goranzko joera Euskal Herrian. Egunetik egunera, gora eta gora ari da positibo berrien kopurua, eta positibo tasak ere ez du jaitsiera zantzurik erakutsi. Atzo, eguneko 1.000 positiboren langara hurbildu ziren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa: 984 kasu atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, 15.712 PCR eta antigeno proba egin ostean.

Azaroaren 21etik, egun bakarrean erregistratutako positibo kopuru handiena da atzokoa egun hartan, 1.001 positibo atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak; eta kopuru absolutuetan ez ezik, batez bestekoetan ere nabari da olatuaren goranzko joera: uneotan, hamalau eguneko positiboen batez bestekoa 703,57 da: handiena abenduaren 3az geroztik 737koa izan zen orduan.

Herrialdeka, 119 positibo atzeman zituzten atzo Araban, 428 Bizkaian, 209 Gipuzkoan eta 213 Nafarroan. Positibotasun tasa da azken egunetan asko hazi ez den aldagai bakarra, baina, batez ere, lau herrialdeotan eginiko test kopuru handiaren eraginez —bezperan baino 1.500 proba gehiago egin zituzten asteazkenean—. %6,2 izan zen atzo erregistratutako ehunekoa, aurreko egunekoaren pare.

Ospitaleratze gehiago

Pandemiaren lehen eta bigarren olatuek erakutsi zutenez, kutsatzeak gertatu eta egun batzuetara hasten da positiboen kurba igotzen, eta egun gehiago behar izaten dira igoera hori ospitaleratzeetan nabaritzeko. Oraingoz, Hego Euskal Herriko ospitaleen eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateen okupazioa ez da azaroan bezain handia, baina goranzko joera nabari da adierazle horretan ere: atzo, 82 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, COVID-19aren eraginez datu handiena, azaroaren 27tik.

ZIUek ez dute gainezka egin: atzo, 96 gaixo larri zeuden zaintza intentsiboetan 206 paziente ziren azaroaren 14an, bigarren olatuaren gorenean; 326, berriz, apirilaren 4an, lehen olatuak goia jo zuenean. Hortaz, ZIUen okupazioa apala da oraingoz, baina, lehengo joerak ezagututa, uste izatekoa da ospitaleratzeak ugaritu ahala gaixo kritikoen kopuruak ere gora eginen duela. Lau heriotzaren berri eman zuen Nafarroako Gobernuak atzo: 95 urteko emakumezko bat, eta hiru gizonezko, 77 eta 92 urte artekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.