Koronabirusa

Hasi dira 90 urtetik gorakoak txertatzen Hego Euskal Herrian

Neurriak malgutzeko eguna izan zen atzo Bizkaiko adinekoen egoitzetan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Martxan da 90 urtetik gorakoen txertaketa Hego Euskal Herrian; atzo ekin zioten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur abiatuko da Nafarroan. Gainera, Gipuzkoan, atzo hasi ziren txertoa jartzendesgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroetako eta etxebizitzetako erabiltzaileei, baita horiek artatzen dituzten 55 urtetik gorako langileei ere.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik 90 urtetik gorakoen txertaketaren berri eman zuen atzo, Radio Euskadin eginiko elkarrizketan. Azaldu zuenez, txertatzera osasun etxeetara joateko «erraztasunak» emango dizkiete edadeko pertsonei, baina behar badute, etxean bertan ere jarriko diete. Orotara, adin horretako 30.000 lagun daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, gaur hasiko dira adin horretakoak txertatzen Iruñean. Azpilagaña auzoko kiroldegia erabiliko dute, eta bihartik Arrotxapekoa ere bai. Adinekoei leku horietara joatea errazteko, behin-behineko taxi geltokiak jarriko dituzte batean zein bestean. Azpilagañakoa, gaur eta bihar egongo da martxan, eta Arrotxapekoa, ostegunean eta ostiralean.

Adineko batzuk txertatzeko zain dauden bitartean, beste batzuk jada izan dute aukera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, egoitza soziosanitarioetako egoiliarren eta langileen %97,3k lehen dosia jaso dute, eta %96,3k baita bigarrena ere. Hori dela eta, neurriak malgutu dituzte erresidentzietan: egoiliarrak astean lau adiz atera ahalko dira, eta bi senideren beste horrenbeste bisita jaso ahal izango dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek eta Osasun Sailak adostu zituzten neurriok atzo, zahar etxetan izurriaren egoera «zeharo» aldatu dela iritzita.

70.223 lagunek, bi dosiak

Egoitza soziosanitarioetatik landa ere, ari dira txertoak jartzen. Jaurlaritzak esan duenez, Osakidetzako langileen%78,5ek jaso dute lehen dosia, eta %29,4k baita bigarrena ere. Gainera, ertzainen %47,6k jaso dute dosi bat, baita osasungintza pribatuko langileen %32,6k ere. Txertaketa «azkartzeko» asmotan, txertoa jartzeko lekuak egokitzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Horrenbestez, Donostian, Illunben, txertoa jartzen ariko dira gaurtik aurrera. Sagarduik azaldu duenez, 55 urtetik beherako herritarrak txertatuko dituzte «esperientzia pilotu» horretan. Txertaketarako Osakidetzak jarritako lehen espazio handia izango da Illunbe.Halere, nabarmendu du orain arteko bideari eutsiko diotela, eta osasun etxeak «lehentasunezkoak» izango direla.

Illunben, AstraZenecaren txertoa jarriko diete 55 urtetik beherako herritarrei besteak beste, haur hezkuntzako hezitzaileei, heziketa berezikoei eta jangeletako langileei. Baina Sagarduik ez du argitu zer gertatuko den 56 eta 65 urte artekoekin. Txertatuko dituztela ziurtatu du, baina esan du ulertzen duela «diskriminatuta» sentitzea gazteagoak txertatzen ari direla ikusita. Baina horren atzean motibo bat badela esan du: «AstraZenecaren txertoak 55 urtetik beherakoei jarri behar zaizkie». Eta txerto gehiago iristen direnerako prest daudela nabarmendu du Sagarduik, haren hitzetan badutelako gaitasuna txerto gehiago jartzeko.

Ehun urtetik gorakoen txertaketaz ere aritu da Sagardui. Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak joan den astean adierazi zuen 100 urtetik gorako 1.800 adinekoetatik 800 ingururekin ezin izan direla harremanetan jarri txertaketarako, eta litekeena dela Benidormen egotea (Alacant, Herrialde Katalanak). Kritikak jaso ditu, eta Sagarduik gaur onartu du «ez zuela asmatu» hitz horiekin, eta Osakidetza 100 urtetik gorako guztiekin jarri dela kontaktuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.