Koronabirusa

Bizitzari eusteko eskuak

Hor egon dira, COVID-19aren aurkako lehen, bigarren edo hirugarren lerroan. Pazienteen alboan, beti. Izurria hasi zenetik, gora egin dute osasun langileen zereginek; behera, berriz, lan baldintzek. Txaloen eta diskurtsoen gainetik, «ardura» eta «baliabideak» eskatu dituzte osasun publikorako.

ANDONI LUBAKI / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
JON ANDER RESA
«Lehen olatutik hona, erdira gutxitu dituzte erizainak eta laguntzaileak»

Gasteizko Santiago ospitaleko erizaina da Jon Ander Resa. Zainketa aringarrien solairuan lan egiten zuen izurria Euskal Herrira iritsi zenean: «Gertutik ikusi genuen Txagorritxuko ospitaleko agerraldia, eta orduan hasi ginen arduratzen». Hasieran, maskararik gabe egiten zuten lan «horrek gizartean izua zabalduko zuela esaten ziguten», eta, baldintza horietan, kutsatu egin ziren zenbait lankide. «Igande batez lan egitea egokitu zitzaigun; hurrengo egunean, lankide batek positibo eman zuen, eta handik bi egunera, sintomak nituen neuk ere». Gaixoaldian, 24 egun eman zituen etxean konfinatuta. Lanera itzuli zenerako, dena aldatua zen ospitalean: «Gure solairua COVID-19 eremu bihurtua zuten, eta hutsetik ikasi behar izan nuen dena». Baliabide materialik ere ez zegoen egun horietan: «Orduan, bai, maskarak erabil genitzakeen, baina tentuz, eskasia handia zegoelako: hamabost egunez erabiltzen genuen FPP2 musuko bakoitza». Ordutik, protokoloak aldatu bai, baina murrizketek ez dute etenik izan, Resaren ustez. Oraingoan, baina, lantaldeari eragiten diote: «Lehen olatuan, erizainak eta erizain laguntzaileak bikoiztu egin zituzten solairuetan, baina hirugarren olatu honetan, ez. Duela sei hilabete, bi erizain eta erizain laguntzaile bat arduratzen ginen zazpi paziente artatzeaz; orain, langile bakarra jarri dute horretarako». Langile eskasia hori «oso kaltegarria» izan dela dio erizainak, eta horrek «zer pentsatua» eman beharko lukeela uste du: «Argi izan beharko genuke denok zenbateraino den garrantzitsua osasun publikoa, eta gobernuentzat ere lehentasun izan beharko luke».

MAITE AIARRA
«Ahaztua izan dute lehen arreta, eta orain ondorioak ari gara pairatzen»

Maite Aiarrak bizitza profesional ia osoa darama Uharten lanean (Nafarroa): 1987. urtetik da Lehen Mailako Arretako medikua hango osasun etxean. Harreman estua du, beraz, herriarekin eta kontsultara joan ohi diren auzoekin. Familia artekoa, kasik. «Horrek baldintzatu du COVID-19arekin izandako esperientzia».

Hasieran, profesionalen formakuntza «antolatu gabe» zegoela esan du Aiarrak: «Nahiko galduta genbiltzan». Bere kabuz ikasi behar izan zituen izurri berriaren ezaugarriak eta sintomak: «Hasieran uste genuen katarro baten gisakoa zela, eta ez zen hala izan, askoz okerragoa baizik. Interneteko datu base zientifikoetan begiratuta ikasi nituen COVID-19ak izan ditzakeen askotariko sintomak». Horren ondorioz, banan-banan deitu behar izan zien hainbat pazienteri, «hotzeria diagnostikatu ostean, COVID-19 ere izan zitekeela abisatzeko». Diagnostikatzeko ezintasunak beste hainbat arazo ere eragin zizkien osasun etxeetako profesionalei: «Garai hartan, Lehen Arretako medikuok ez genuen COVID-19a diagnostikatzeko aukerarik: susmoa besterik ezin genuen adierazi, eta, horren aurrean, pazienteei eskatzen ahal genien etxetik ez ateratzeko eta lanera ez joateko, baina diagnostiko sendorik gabe, oso zaila zen inor ezertara behartzea».

Handik gutxira, osasun etxeetako ateak itxi zituzten, kutsatzeak prebenitzeko, eta telefono bidezko kontsultak lehenetsi zituzten. «Hori niretzat oso zaila izan zen. Pazienteak aurrez aurre ikustea oso lagungarria da jakiteko ongi dauden ala ez, sukarra duten, aurreko astean baino makalago antzematen ditudan... Telefonoz, galdu egiten dira ñabardura asko».

Ekainetik aurrera, behera egin zuen koronabirusarekin kutsatutakoen kopuruak, baina mediku asko orduan hasi ziren aurreko hilabeteetan pilatutako nekea eta haserrea nabaritzen: «Uda osoa eman genuen ordezkapenak egiteko aukerarik gabe, baliabiderik ez zegoelako. Hori da gure patua: abandonatuta sentitzea».

Lehen arretako osasungintzaren gabeziak «aspaldikoak» direla uste du Aiarrak: «Gaitz endemikoa da. Lehen mailako arreta ahaztua izan da urteetan, eta argi dago lehentasunak beste batzuk direla: Nafarroako Unibertsitate Klinika, erresonantzia magnetikoak egiteko aparaturik onenak... Dirutza gastatu da horretan, eta, bitartean, oinarrizko arreta zimeltzen utzi dute. Eta orain ikusi ditugu politika horren ondorioak: izurri batek gogor kolpatzen gaituenean, ezinbestekoa da lehen mailako arreta indartsu bat».

FELIX ZUBIA
«Zenbakiak balira bezala onartu ditugu hildakoak... Beldurgarria da»

Felix Zubia ZIU zaintza intentsiboetako unitateko medikua da Donostia ospitalean. Iazko urte hasieran izan zuen SARS-CoV-2aren berri, zientzia aldizkarien bidez, baina «inondik inora» ez zuen espero izurria mundu osora hedatuko zenik. «Otsail bukaeran ikusi genuen zer etor zitekeen, eta handik gutxira agertu ziren lehen kasuak Gasteizen». Tantaka atzeman ziren lehen kasuak, eta martxoan heldu zen erauntsia: «Egunero-egunero sei edo zortzi kasu iristen zitzaizkigun ZIUra, eta horrela ibili ginen, itolarrian, itxialdia ezarri zen arte».

Gaixotasun ezezaguna izanik, ZIUko medikuek ez zuten argi nola artatu behar zituzten pazienteak. «Kortikoiderik ez erabiltzeko eta beste botika batzuk erabiltzeko aholkatu ziguten, baina gero jakin genuen beste botika horiek ere ez zirela oso egokiak... Protokoloak astero aldatzen ziren. Pandemiaren lehen bi hilabeteetan, hamabi protokolo izan genituen». Egoera horretan, esperientzia makur ugari izan ditu Zubiak: «Ezagun nuen norbait ZIUn artatu behar izatea, adibidez, oso gogorra izan zen: orduan jakin nuen gaitza zer puntutaraino zegoen hedatua. Horrez gain, pazienteak beren bikotekideei edo senideei agur esaten ikustea, sedazioa eta arnasketa mekanikoa jarri aurretik... Bihotza apurtzen dizu».

Urtebetean pilatutako nekea egunerokoan nabari dela dio. Etsipena ere bai, «sorgin gurpil batean bueltaka» ikusten baitu gizartea: «Abuztu aldean hartu nuen haserrerik handiena, ikusita kasuak goraka ari zirela eta jendeari ez zitzaiola batere inporta. Horren segidan heldu ziren azaroko okerraldia, Gabonen osteko okerraldia... Krisialdi batetik atera eta hurrengoan sartu, besterik ez dugu egiten». Horregatik, ospitaletik atera eta etxera joatean, «egoera disoziatibo bat» sentitzen zuen Zubiak: «Kalean, jendeak bizimodu normala zeraman, eta guk, ospitale barruan, infernua bizi genuen. Gizarteak, oro har, ez du ZIUetako egoeraren berri izan, ez delako behar bezala transmititu edo ez delako jakin nahi». Are: hilabeteotan, gizarteak «hildakoak onartu» dituela uste du: «Zenbakien gisara ikusten ditugu, baina pertsonak dira, familiak dituzte... Ontzat jo dugu hildakoen kopuru handi bat, eta beldurgarria da hori».

JONATHAN CARO
«Bide luzea eta tristea izan da, baina hasi gara zahar etxeetan argia ikusten»

Pandemiaren eragina gogor jasan dute zahar etxeetako egoiliarrek eta langileek. Jonathan Caro erizain geriatra da Santurtziko (Bizkaia) zahar etxe batean, eta irakaslea EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Duela urtebete, «kezkaz» irakurtzen zituen izurriaren hedapenari buruzko albisteak: «Ezjakintasun eta desinformazio handia zegoen egun horietan: genekien bakarra zen birus berri horrek adinekoei eragiten ziela bereziki, eta horrek beldurtzen gintuen».

Lehen aste horietan, Carori ez zitzaion burutik pasatzen izurriak bestelako eragin ugari izanen zituela, besteak beste, egoiliarren gogo aldartean eta psikologikoan. Hasieran, senideen bisitak eten zituzten, eta bakartuta gelditu ziren egoiliar asko; gero, osasun arduradunek bisitaldi motzak baimendu zituzten, baina muga eta baldintza askorekin: «Astean behin bakarrik, eta beti pertsona berberarekin. Horren ondorioz, familia askok urte osoa eman dute beren senidea ikusi gabe». Oztopoak oztopo, egoiliarrak «espero zitekeena baino hobeto» moldatu direla onartu du Carok: «Burua ondo dutenek, behintzat, oso jokabide arduratsua izan dute; hasieran kezka zuten, baina eurek esan zieten beren senideei ez etortzeko, hobe zela horrela».

Langileei dagokionez, errusiar mendi batean bezala sentitu da Santurtziko erizaina: «Gora eta behera, izurriaren olatuaren arabera». Lehen asteetako arazoak izan ziren informazio eskasa eta baliabiderik eza. «Lerroko azkenak ginen edozertarako. Hasieran ez genuen informaziorik eta ez genekien zer etorriko zen; gero, jakin bai, baina ez genuen babes ekipamendurik. Abandonatuta sentitu ginen».

Horrez gain, protokoloen «zurruntasuna» ere kritikatu du erizainak. Haren ustez, ez zeuden zahar etxeen egoerara egokituta: «Esaten dizute egoiliar guztiek maskara jantzita izan behar dutela une oro, baina esaiozu hori Alzheimerra duen gaixo bati, adibidez. Ezinezkoa da». Hilabete horietan, faltan sumatu zuen «malgutasun puntu bat», arauak egoeraren arabera moldatzeko.

Orain, berriz, egoera aldatu egin dela uste du. «Hasieran ez bezala, orain badugu Bizkaiko Diputazioaren laguntza, baliabide berriak ditugu, PCRak egiteko aukera dugu... Nabari da aldea». Txertoa da itxaropena piztu duen beste faktorea: «Orain arteko bidea luzea eta tristea izan da, baina hasiak gara argia ikusten».

IRUNE TUBIA
«Gure inguruko medikuen artean ez dago etxera negarrez itzuli ez denik»

Irune Tubia medikua da Elizondoko osasun etxean (Nafarroa), eta maiz egoerak «gainezka» egin diela sentitu du: «Inguruko lankideen artean ez dago behin baino gehiagotan etxera negarrez itzuli ez denik». Izurriaren hasieran, «abandonu eta beldur» sentsazioa gailendu zen lehen lerroko langileen artean: «Ez zegoen guztiontzako maskararik, eta babes neurri egokirik ezean, pentsatu genuen berehala kutsatuko ginela lankide guztiok. Ez zen hala izan, baina ematen zuen inori ez zitzaizkiola gehiegi inporta ez gure bizitza, ez gure familiena ere».

Berehala, ezinegonari batu zitzaion «inoizko lan kargarik handiena», eta egoera jasangaitz bihurtu zen langile askorentzat: «Eskuko hatzekin zenbatzen ahal ditut martxotik gaur arte lanetik garaiz atera naizen egunak». Herriko jendearen pertzepzioa, ordea, oso bestelakoa izan dela dio Tubiak. «Osasun etxeko ateak itxi behar izan genituen, jende pilaketak eta kutsatzeak eragozteko, eta askok pentsatu zuten zentroa itxita zegoela, baina ez da egia: telefono bidezko arreta indartu genuen, eta aurrez aurreko kontsultak ere egin ditugu».

Lan baldintzez gain, pandemiak eragin handia izan du COVID-19 ez beste gaixotasunen bat duten pazienteen kasuan, eta Lehen Mailako Arretako profesionalak izan dira alarma pizten lehenak: «Izurriaren transmisioa gorenean zegoenean, hori besterik ez genuen, baina kutsatzeek behera egin ahala, beste gaitz asko azaleratu dira: minbiziak, adibidez. Koronabirusagatik, jendea ez zen ausartzen osasun etxera etortzen, eta, horren ondorioz, minbizi berri asko diagnostikatzen ari gara orain».

Olatuen antzera mugitu da jendeak osasun langileei buruz duen ikuspegia ere: itxialdi garaian, heroiak; orain, kritika askoren jomuga: «20:00etako txaloen ohitura hori oso deseroso bihurtu zen niretzat. Txaloek, finean, ez dute deusetarako balio, eta, bitartean, medikuak babesik eta baliabiderik gabe ari ginen lanean. Itxialdia altxatu eta jendea paseatzera ateratzeko baimena izan zuen momentuan desagertu egin ziren asmo on guztiak: gure kontsultan, oro har, giro atsegina nagusi bada ere, ugaritu egin dira jarrera oldarkorrak, hitz desegokiak, negazionistak...».

Lan baldintza horietan, etorkizuna «zalantzaz betea» ikusten du Tubiak: «Txertoarekin zer gertatuko zain gaude, baina, izurriaz harago, panorama zaila ikusten dut, langileak oso erreta gaudelako. Egiturazko arazoak zituen osasungintza publikoak lehendik ere, eta pandemiak dena leherrarazi du: langile falta, baliabiderik eza... Kostako da hori onbideratzea».

RICHAR GORRIZ
«Anbulantzia gidariak ez omen gara lehentasunezko langileak»

Richar Gorrizek ezin sinetsita begiratzen du atzera, pandemiaren hasierara: «Ezer gutxi genekien izurriak zekarren arriskuaz eta handik gutxira etorriko zenaz». Orain, berriz, ezohiko egoerak «eguneroko errutina» bihurtu dira, bera bezala, anbulantzietako langile direnentzat: «Ohitu gara ordu oro erne egotera, etor daitekeenaren zain». Izurria hasi zenetik urtebetera, ordea, etengabeko tentsio egoera horrek «neke izugarria» eragin die.

Gorriz anbulantzia gidaria da Gipuzkoan, zerbitzu ez-asistentzialean. Pandemiaren aurretik, gaixoak eramaten zituen errehabilitaziora, kontsultara edota kimioterapia saioetara. Alarma egoera ezarri ostean, baina, prestakuntza berezi bat jaso zuen, koronabirusak kutsatutako gaixoak garraiatzeko. Egun horietako bizipenen artean, arrasto berezia utzi diote pazienteen eta senideen begirada izutuek: «Bigarren olatuan egokitu zitzaidan, batez ere, COVID-19rako propio prestatutako anbulantzia berezia gidatzea. Bitxoneta esaten genion. Jendearen etxera iristen ginenean, izua nabari genezakeen beren aurpegietan: ez zekiten zer ari zen gertatzen, ezin zituzten pazienteak erietxeraino lagundu, eta jakin nahi zuten anbulantzian generaman pertsona hori noiz ikusiko zuten berriz. Ez ahaztekoa izan da».

Azken egunetan, baina, txertoen auzia izan da ezinegonik handiena eragin diona: «Bueltaka ibili gaituzte azken egunera arte, txertoa jarri gabe, pazienteekin kontaktu estua ez genuela argudiatuta. Azpikontratatutako langileak garenez, ez omen gara lehentasunezkoak. Ospitaleratutako positiboen %75 inguru eramaten ditugu: hori ez al da kontaktu zuzena? Gure lana justifikatu beharra da amorrurik handiena eman didana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.