DARWIN ETA GU

Gurasoak buru-bihotzetan

Jose Mari Pastor -

2018ko irailak 8
Nire izena haren buruan ikusteak harritu egin nau eta, jakin-minak bultzatuta, gizon itxuraz gimnasio zale gaztearekin hasi naiz hizketan. «Jose Mari izena duzu?», galdetu diot. «Ez, aita dut Jose Mari». Burua bueltatu du. Beste aldean beste izen bat agertu da, tatuatuta: Mari Carmen. «Gurasoen izenak dira. Horiek dira benetako maitasuna eskaintzen dizuten bakarrak». Eta oilasko tikka masala noiz ekarriko zain geratu da jatetxeko barran.

Bere eta bikotekidearen izenak ez, gurasoenak tatuatu ditu gizonak lokietan, baldintzarik gabeko maitasunaren ikur. Laztantasuna, babes emozionala, laguntza, garapenerako tresnak ematen dizkigute gurasoek, maitasunarekin batera. Hala ere, dena ez da urrezkoa erlazio horretan. Harremana gorabeheratsua izaten da tarteka. Gurasoen itzalak seme-alaba gazteen aukerei eragiten zien duela gutxi arte. Joan Manuel Serrat horretaz kexatzen zen La mujer que yo quiero kantan: neska-lagunak akats asko zituela esaten ei zion amak, eta hezur gehiegi zituela aitak —jarauntsirik gabe utziko zuen aitak Juanito gaixoa, oraingo Calzedonia style neska batekin hasi balitz—. Hemen ere antzera pentsatzen zuten: ganorabako itxura hartzen diot nik Mirenen mutilari; ea, bada, etxerako modukoa den Joxeren andregaia.

Kontrol nahi hori erabatekoa zen bi mende lehenago, Hollywoodi kasu eginez gero. Ezkontzak umetatik lotzen omen ziren orduan. Thunder in the sun filmean (1959) euskaldun talde bat dugu protagonista. Euskal Herri kontinentaletik Kaliforniara alde eginiko euskaldunek txapela janzten dute eta irrintzi egiten dute komunikatzeko. Beste kontu batzuk ez dira hain fidagarriak, ordea. Aitona-amonek eta bilobek frantsesez egiten dute elkarrekin XIX. mendearen hasieran. Hori gutxi ez, eta El Granaíno zenak baino hobeto dantzatzen dute flamenkoa. Bada beste datu bat, zer pentsatua ematen duena: euskaldunen gidariak euskal emakume bat desiratzen du —emakumea nor izango eta Susan Hayward—. Andreak senargaia du, baina. Txikitatik. Bien familiek egin zuten tratua. «Gu euskaldunak gara. Eta familia oso inportantea da guretzat». Gure zakil alaiak ez du etsi nahi, eta azkenean bere desio sutsuaren berri eman dio Hayward euskaldunari. Emakumeak ezezkoari eutsi dio: «Ez, euskalduna naiz». Eta gidariak: «Bai, euskalduna zara, baina emakumea ere bai».

Garai batean gurasoek lotzen zituzten ezkontzak. Edo haien baimenik gabe ez zegoen ezer egiterik. Orain alderantziz gertatzen hasi da: seme-alabek gobernatzen dituzte gurasoen bizimodua eta aukerak. Alabaren nahikeriak azaldu dizkit lagun batek. Duela bi urte bereizi zen senarrarengandik. Lagun bat izan zuen gero, baina ez zen alabaren gustukoa. «Ama, zu oso guapa zara, ezin zara edozeinekin joan», esaten dio beti. Aitaren bikotekide berria aipatzen dio, lehia pizteko. «Aitaren neska-laguna oso polita da. Zu ez zara gutxiago izango».

Arratsalde batean hondartzara joan dira biak. Argazkiak egingo dizkiola adierazi dio alabak amari. Posatzen hasteko. Ama harean etzan bezain laster ekin dio neskatoak lanari: «Jarri honela»; «orain atzetik, ama»; «orain eseri»; «belaunikatu eta estutu titiak bi eskuekin, fuerte, horrela gehiago nabarmenduko zaizkizu». Zenbat dakien 13 urteko emakume gaztetxo batek. Amaren aholkularia dugu alaba: «Argazki hauekin album bat igotzen baduzu Instagram-era, txoro-txoro eginda etorriko zaizkizu». Halakorik ez duela egingo erantzun dio amak: «Ez dut nahi gizonak niregana soilik horregatik etortzea. Noizbait ulertuko duzu». Zer gutxi dakien 13 urteko ume batek.

Oilaskoa ekarri diote Jose Mari eta Mari Carmenen seme kaskamotzari. Take away. Badoa, gurasoak buru-bihotzetan. Zerbitzaria Luis Quintanaren kanta bat ari da abesten. «Tengo dos o tres quimeras y una madre que me espera, para ser feliz no me hace falta más». Duela hilabete batzuk Euskal Herrian izan zen haren anaia. Gustukoa izan zuen. «Bilboko aireportua txarra da lurreratzeko, ezta?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna