Joxe Mari Agirretxe, 'Porrotx'. Pailazoa

«Surrealista da hiriburu bateko alkatea pailazo talde baten kontra aritzea»

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Nafarroako Kontseiluak pailazoei arrazoia eman dien arren, Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek ezin du disimulatu auzi honek guztiak eragin dion tristura. Debekuen gainetik, ordea, euskararen bandera astintzen segituko dutela iragarri du. Baita Iruñean ere.

Nola sentitzen zara orain?

Egoera hau surrealista da. Gu pailazo talde bat besterik ez gara, herri txiki batean eta hizkuntza txiki batean lan egiten duen pailazo talde bat. Gure helburua da balioak transmititzea, euskaraz eta alaitasunez. Koloretako Euskal Herri bat eta koloretako mundu bat lortu nahi ditugu. Iruñeko Udalean agintean direnek, berriz, zuri-beltzezko mundua nahi dute, eta horren alde ari dira lanean. Orain guri egokitu zaigu zentsura sufritzea, baina argi izan behar dugu gu ez garela lehenak izan, eta, tamalez, ez garela azkenak izango ere.

Zer iritzi duzu alkateak zuen aurka esan dituenei buruz?

Ulergaitza da hiriburu bateko alkatea pailazo talde baten kontra aritzea, eta are ulergaitzagoa beti kontra ikusten ditugula: euskararen kontra, gure kulturaren kontra, balio aurrerakoien kontra, hezkidetzaren kontra, kulturartekotasunaren kontra... Kontra beti, eta ezjakintasunez, gainera. Ez dituzte euskara eta euskal kultura ezagutzen, euren herriko hizkuntza den arren, eta hori oso esanguratsua da.

Esperantza duzue oraindik udalarekin akordio bat egiteko?

Oraintxe bertan itxaropenik ez dugu. Duela hamar egun, opari sorta bat helarazi genion alkateari: pailazoen sudur gorria, alaitasuna eta elkartasuna irudikatzeko; Marimototsen betaurrekoak, Iruñea eta mundua koloretan ikusteko; eta haurren marrazkiak, euren ahotsa ere entzuteko. Alkateak ez zuen oparia ireki ere egin, eta bere horretan itzuli zigun. Orain, beste opari bat egin diogu, euskara barnean daraman maleta, baina susmoa dugu opari hau ere ireki gabe utziko duela. Gu prest egon gara, azken unera arte, Baluartera joan eta hitzartutako ikuskizuna egiteko.

Eta orain, zer?

Haurrak lasai egon daitezke: Baluarten agian ez, baina ikuskizun berria eskainiko dugu Iruñean, eta euskaraz gozatuko dugu, elkarrekin. Aurrerantzean ere, horrela eginen dugu: denok elkar hartuta eta auzolanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.