Lekeitioko Azkue ikastolak Ibilaldiko gastuei buelta ematea lortu du

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Joan den maiatzaren 19an, eguraldi txarrak erabat zapuztu zuen Lekeition ospatutako Bizkaiko ikastolen jaia. Azkue ikastolak galerak izango zituela iragarri zuen, eta laguntza eskatu zuen gastuei aurre egiteko. Ikastolako lehendakari Ainara Ikaranek azaldu duenez, herritarren ekarpenei esker, lortu dute inbertsioa berdintzea eta aurreikusitako proiekturen bat martxan jartzea. Zehaztu du Euskal Herriko bazter guztietatik iritsi zaiela laguntza; ez soilik ekonomikoa, baita euren burua lanerako eskaini duten pertsonena edo kultur ikuskizunagatik kobratzeari uko egin diotenena ere.

Euskaltzaindiaren egoitzan egin zuten agerraldia, atzo, Elorrioko Txintxirri ikastolakoekin batera. Izan ere, datorren urtean elorriarrek antolatuko dute, Hel horri! lelopean, maiatzaren 31n. 50. urteurrena ere ospatuko du Elorrioko ikastolak, eta azaldu dute urteotako konpromisoak berretsi nahi dituztela. Hiru helburu nagusi izango ditu 2020ko Ibilaldiak. Batetik, euren hezkuntza eredua ezagutarazi nahi dute; bestetik, herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotu gura dituzte; azkenik, baliabide ekonomikoak eskuratzea ere bada xede, ikastolaren erronkei aurre egiteko: Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako bioeraikin berria egin eta XVII. mendeko Txintxirri jauregiaren berrantolaketa osatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.