Auzitegi Gorenaren epaia. Erreakzioak Katalunian

Borrokarako grina agertu dute buruzagi espetxeratuek

Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Preso dauden buruzagi independentistek sare sozialak erabili dituzte epaiarekiko haserrea eta independentziaren alde lanean jarraitzeko grina adierazteko. Generalitateko presidenteorde kargugabetu Oriol Junquerasek ERCko militantziari igorritako gutun batean salatu du epaiarekin «askatasunaren alde borrokan diharduen katalanen belaunaldi oso bat» amaitu nahi izan dutela. Junquerasen esanetan,gaur independentzia «inoiz baino beharrezkoagoa» da gizarte askeago, justuago eta demokratikoago batean bizi ahal izateko. Horrez gain, borrokan jarraitzeko asmoa adierazi du: «Inoiz baino indartsuago eta konbentzituago itzuliko gara. Eskerrik asko denoi, eta eutsi, guk beti eutsiko diogulako».

Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixartek eginikoaren defentsa egin du: «Epaiaren aurreko erantzuna, berriz egitea. Berriro egingo dugu. Amnistia, demokrazia eta autodeterminazioa». Omniumek sare sozialetan zabaldu duen audio batean ere entzun daiteke Cuixartek espetxean grabatutako mezua, kartzelan dauden buruzagi independentistak «indartsu» eta «elkartuta» daudela adierazi du bertan.

Mobilizazioen aldeko mezua Jordi Sanchezena ere. «Biolentziarik gabe» manifestatzeko deia egin du ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak. «Irabaziko dugu!», hitzekin amaitu du mezua.

«Bidegabekeria bete da», Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuaren esanetan. Demokraziarentzat «egun iluna» da gaurkoa, Forcadellen ustez, baina nabarmendu du ezin duela ezkortasunak garaitu. Josep Rullek, berriz,gogoratu du «ideiak» epaitu dituztela, eta 2017ko urriaren 1ean bozkatu zuten 2,5 milioi herritar katalanak «zigortu» dituztela epaiarekin. Raul Romevak ere «mugimendu oso bat» zigortu nahi izana salatu du.

Zuzena eta laburra Jordi Turullen mezua. «Gora Katalunia Aske!», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.