AEBek ez dituzte senideekin elkartu adingabe migratzaileen %28

Administrazioaren «lorpena» goratu du familiak batzeko agindua eman zuen epaileak. Bereizitako 2.551 haur eta nerabeetatik, 1.442 haien senideekin daude atxilotze guneetan
Duela aste batzuk Trumpen migrazio politiken kontra Los Angelesen egindako mobilizazio bat.
Duela aste batzuk Trumpen migrazio politiken kontra Los Angelesen egindako mobilizazio bat. EUGENE GARCIA / EFE

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 28
Donald Trump presidenteak ezarritako migrazio politiken ondorioz, azken hilabeteotan AEBetara legez kanpo sartu diren 2.551 nerabe beren senideengandik bereizi zituzten. ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak erabaki horren kontrako salaketa bat jarri zuen San Diegoko auzitegi federal batean (AEB), eta, joan den hilabetearen amaieran, Dana Sabraw epaileak familiak elkartzeko epe bat jarri zion AEBetako Gobernuari. Trumpek berak astebete lehenago sinatu zuen banaketaren erabakia bertan behera uzteko agindua. Herenegun amaitu zen epaileak emandako agindua, eta administrazioak ez ditu senideekin elkartu 5 eta 18 urte arteko adingabe migratzaileen %28. Halere, «kontuan hartzeko lorpena» dela adierazi du epea ezarri zuen epaileak.

AEBetako Justizia Departamentuak azken orduan aurkeztu zuen txosten bat San Diegoko auzitegian, eta azpimarratu zuen 2.551 haur eta nerabe horietatik 1.442 beren senideekin elkartu dituztela dagoeneko. ICE Immigrazio eta Aduana Indarra agentziaren menpe daude orain, Texas, Arizona eta Mexiko Berriko atxilotze guneetan. Trumpek inoiz esan bezala, gune horietan egongo dira, «immigrazio prozedurek iraun bitartean». Beste 378, bestalde, «baldintza egokietan» utzi dituzte aske, txostenak dioenez: jada atxilotuta ez dauden gurasoekin, edo beste senide batzurekin daude. Eta 711, 2.551 horien %28, berriz, ez dira «hautagarriak», administrazioak argudiatutakoaren arabera.

Erabaki hori justifikatu ahal izateko, Washingtonek azaldu du «hautagarriak» ez diren 711 nerabe horien gurasoek ez dituztela «bat egite seguru bat» gauzatu ahal izateko «baldintzak» betetzen. Gobernuaren dokumentuak dioenez, 431ren gurasoak jada ez daude herrialdean, eta 120ren gurasoek elkarketari uko egin diote. Gainontzekoen kasuan, beste batzuk izan dira bat egiteak oztopatu dituzten arrazoiak: ezin izan dutelako frogatu senidetasuna; gurasoek aurrekari «kriminalak» dituztelako; gurasoek «gaixotasun infekziosoak» dituztelako; edo ezin izan dituztelako topatu.

Lee Gelernt ACLUren abokatuetako baten esanetan, gobernuak ez dauka «harro» egoteko motiborik. «Sinpleki, hau izan beharko litzateke: 'politika anker eta bidegabe hau sortu genuen, eta orain eginahalak egiten ari gara konpontzeko eta familiak batzeko'». Jada herrialdean ez dauden 431 gurasoen zerrenda eskatu du ACLUk, bat egiterako modu «bideragarriena» ikertzeko intentzioarekin. John Sandweg ICEko zuzendari ohiak uste du, ordea, familia askok inoiz ezin izango direla elkartu: «Litekeena da guraso horiek beren seme-alabak berriro inoiz ez ikustea». AEBetako Gobernuarentzat, aldiz, 2.551 nerabeak beren familiekin elkartzeko «bidean» dira.

Atxilotze guneetan pilatutako haurren irudiak hedatu ziren duela hilabete batzuk, eta, hortaz, bereizketak eten zituen Trumpek. Baina Mexikotik AEBetara legez kanpo sartu diren familiak banatzeko hartutako erabakiak jopuntuan jarri zuen Trump berriro, eta manifestazio jendetsuak eragin zituen AEBetako hainbat hiritan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna