Arrauna. Kontxako Bandera

Kinielek asmatu dute

Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea, Hibaika, Cabo, Hondarribia eta Chapela sailkatu dira Kontxako Banderan lehiatzeko. Ondarroa izan da zortzigarrena

Chapelako arraunlariak zeharo hunkituta, Kontxako Banderarako sailkatzea lortu ondoren, atzo, Donostiako altxerrian. JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Donostia
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Azken bi urteetako isiltasunaren ostean, biba eta txaloak itzuli ziren atzo Donostiako Kontxako badiara; izurriak baldintzatuta, portua eta Aquarium gainaren ingurumaria, mutu zegoena, kolore pinportaz jantzi zen atzo, usadioari jarraituta. Hori, lehorrean. Uretan, berriz, bazen nahiko zirrara eta urduritasun hemeretzi traineruen artean; arraun denboraldiko topaketarik garrantzitsuenean baitziren: Kontxako Banderako sailkatze estropadan.

Zazpi traineruk baino gehiagok zuten zakuan sartzeko aukera eta gaia, baina denek ezin saria jaso. Halere, ez zen ezusterik izan sailkatze estropadan. Donostia Arraun Lagunak etxeko ontzia, Orio, Tolosaldea, Hibaika, Cabo, Hondarribia eta Chapela ariko dira datorren igandean eta hurrengoan bandera preziatua etxeratzeko lehian, Donostiarrarekin batera. Inork nahi ez duen zorigaiztoko zortzigarren postu malapartatuan Ondarroa geratu zen. Herenegun Antiguako Ama-ko gizonezkoei gertatu ez bezala, atzo emakumezkoei atariko atea itxi zitzaien; zortzi segundora geratu ziren zazpigarrenarekiko.

Itsasoa bare-bare zegoen; Kontxako badia igerileku baten gisan zegoen: leun-leun, Igeldoko mendiaren eta Santa Klara uhartearen babespean; kanpoan, aldiz, ekialdeko haize petralarekin batera bazen mugimendua; olatuen errepunpak Aquarium aldetik eta uharte aldetik jotzen zien ontziei. Funtsean, arraun egiteko deserosoa.

Kontuak kontu, Donostia Arraun Lagunak izan zen atzoko lehena; Lugañene, iazko Kontxako Banderako garailea, azkarrena izan zen, ziabogan zein helmugan. Lan bikaina egin zuten donostiarrek, eta hori nabarmendu zuen Xubane Uribarrena arraunlariak: «Behar genuen horrelako estropada bat, onenak izatea. Badakit iganderako ez duela balio gaurko denborak. Arraunkada bakoitza ona egitera joan gara, eta gozatu egin dugu. Eman dugu lehen kolpea».

Donostiarren ondoren, Orio sartu zen, lau segundora; zehazki, Arraunek kanporanzko luzean atera zizkion segundo horiek Euskotren ligako irabazleari. Bi talde horien atzetik Tolosaldea sailkatu zen, 11ra. Atzoko emaitzak ez dira ondorioak ateratzeko modukoak banderaren lehiarako, baina, betaurrekoekin begiratuta, Eusko Label ligako hiru ontzien nagusitasuna agerikoa izan zen, eta hiru talde horiek tarte handia sartu zieten sailkatutako beste laurei. Hain zuzen, Hibaikarentzat izan zen laugarren tokia, estropada ederra egin ostean. Lan ona egin zuen bestea Cabo izan zen, bosgarren eginda, eta iazko arantza kentzea lortu zuten gorriek, kanpoan geratu baitziren. Boirokoen atzetik segundo bakarrera geratu zen ETE ligako garailea, Hondarribia.

Chapela izan zen estatxa askatu zuen zortzigarren taldea, eta Vigoko itsasadarrari itsatsita dagoen arraun elkarteko arraunlariek euren lana bete zutenean, gainerako taldeen emaitzen zain itxaronaldi luzea egin zuten. Zazpigarrenak izan ziren baieztapena jaso orduko lehertu zen ontzia. Olalla Martinez hunkituta mintzatu zen: «Ilusio handia genuen. Sinesgaitza da sailkatzea: amets bat».

Txanponaren alderdi iluna Ondarroari egokitu zitzaion; zortzigarren amaitu zuen. Ziabogan zazpikotetik kanpoan zen Antiguako Ama, Chapelaren denbora bera egin arren. Arraunlariek herio bizian egin zuten itzulerako luzea, baina ez zen nahikoa izan saria jasotzeko. Jota zegoen Naroa Goikoetxea lemazaina: «Gogorra da kanpoan geratu den azken taldea izatea. Baina lan ona egin dugu: ligako askori irabazi diegu». Hori bai, altxerria ondarroarrez beteta zegoela lehorreratu zuten trainerua, Argoitia anai-arreben Amets, amets abestuz. Segituko dute amesten.

Bi faboritoak, txanda berean

Atzoko galbahea igarota, hurrengo bi igandeetako dema beste upeleko sagardoa izango da. Lehen txandan, Hibaika, Cabo, Tolosaldea eta Hondarribia aterako dira; bigarrengoan, Arraun Lagunak, Orio, Donostiarra eta Chapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.