Arrauna. Euskotren liga

Hautagai bat baino gehiago

Bihar hasiko da hamahirugarren Euskotren liga, Coruñan (Galizia). Orio, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia ariko dira, eta hamabi estropada osatu beharko dituzte. Aurreko urteetan, beti talderen batek izan du nagusitasuna, baina hori haustea espero da, banderaren lehian edozeinek irabaz baitezake. Horregatik, txikikeriei ohi baino garrantzi handiagoa eman diete.

Euskotren ligako lau ontziak, aurten jokatu den Gipuzkoako Txapelketan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Negu gogorrean zintzo demonio isilean egindako lana uretan islatzeko garaia heldu zaie gorengo mailako taldeei. Bihar hasiko da hamahirugarren Euskotren liga, eta, azken bi urteetan bezala, Coruñako (Galizia) estropada eremu bihurrian askatuko dituzte lehen estatxak Oriok, Donostiarrak, Arraun Lagunak-ek eta Hondarribiak (17:40, ETB1). Iazko laukote bera ariko da garaikurra eskuratzeko borrokarako lehian. Ohiko gidoiari jarraituta, laugarren sailkatuak kanporaketak jokatuko ditu ETE ligako lehen bi taldeekin. Hamabi estropada izango dituzte; Galizian hasi, eta Zarauzko Bandera preziatuak emango dio amaiera ligari. Semaforoa berde noiz jarriko zain daude laurak.

Euskotren ligako azken aldietan talde bat puntaren puntan ibili da, beste hirurak baino koska bat gorago. Aurreko bi urteetan, aurretik San Juanek izan zuen nagusitasun bera erakutsi du Oriok. Iaz, esaterako, bi estropadetan ez beste guztietan astindu zuen bandera Nadeth Agirre San Nikolas ontziko patroiak. Beste bi garaipenak Donostiarrarentzat izan ziren. Aurten, ordea, ematen du joera hori hauts daitekeela; hau da, lehia are handiagoa izango da, irekiagoa, eta emaitzetan gorabehera handikoa. Neguko estropadetan, behinik behin, Hondarribiak ez beste hiru taldeek lortu zituzten garaipenak, jaitsieretan eta distantzia luzeko Euskadiko Txapelketan. Gainera, Gipuzkoako Txapelketan, aurtengo lehen lehiaketa ofizialean, Arraun Lagunak-ek irabazi zuen, bere historian lehendabizikoz.

MAIALEN AIZPURU Orioko arraunlaria

«Esperientzia galdu dugun arren, gazteek asko piztu dute taldea»

Egin beharreko probak eta analisiak burutuak dituzte Oriokoek. «Neguan nahiko denbora izan dugu prestaketa lana serio egiteko. Azken egun hauek detaile txikiak fintzeko baliatu ditugu. Denboraldia hasteko ilusioz eta non egongo garen jakiteko gogoz gaude», adierazi du Maialen Aizpuru Orioko arraunlariak (Getaria, Gipuzkoa, 1993). Urtero bezala, denboraldi-aurrea, isilpeko lana izateaz gain, «luzea» eta «gogorra» izan zaie arraunlariei. Aizpuru, ordea, baikor mintzatu da: «Taldeak ondo kudeatu du aurtengo negua. Egia da iazkoa baino malguagoak izan direla pandemiaren eraginez hartu behar izan diren neurriak. Asko lagundu digu horrek, batez ere uretako lana egitean». Hain zuzen, arraunlariak zerbaiten beharra badu, hori arraunaren eta estropuaren arteko igurtziaren eraginez sortzen den orroa da.

Orion, iaztik sei arraunlarik utzi dute taldea; besteak beste, eskarmentu handiko hiru arraunlarik: Itziar Olasagastik, Lukene Lizasok eta Leire Alcalak. Haien hutsunea betetzeko, harrobiko sokatik tiratu du klubak. Taldeak zer galdu eta zer irabazi duen galdetuta, hona getariarraren erantzuna: «Esperientzia apur bat galdu dugun arren, azpitik etorri diren arraunlariek taldean ilusioa handitu dute; asko piztu dute».

Xanti Zabaletarenak bi urtez jarraian izan dira Euskotren ligako eta Kontxako Banderako irabazleak. Hirugarrenez irabazteko asmotan ariko dira aurtengoan ere: «Aurrenengo egunetik horien bila joango gara, baina badakigu oso zaila izango dugula». Hain zuzen, Aizpuruk ondorio hau atera du neguko test eta jaitsieretako emaitzetatik: «Euskotren ligako lau ontzion artean berdintasun handia izango dugu. Ez dago inor bestea baino gehiago». Zergatik, bada? «Laurok, oro har, taldeko oinarria mantendu dugu, eta hori seinale ona da».

Beraz, aldagai hori kontuan hartuta, abisu argia bota du: «Lana ondo egiten duenak eramango du bandera». Horrez gain, erregularra izateari ere berebiziko garrantzia eman dio getariarrak: «Akats txikiren bat egitea nahikoa izango da estropada hankaz gora jartzeko».

ITXASO UZKUDUN Donostiarrako arraunlaria

«Gaur aurrena dagoena bihar erraz gera daiteke azkena»

«Negu gogor baten ostean, gozatzea dugu xede»: hala adierazi du Itxaso Uzkudun Donostiarrako arraunlariak (Donostia, 1999). Ez du ukatu iazko denboraldi-aurrearekin alderatuta aurtengoa «samurrago» joan zaiela: «Joan den urtean, guretzako gogorrena amaiera arte liga egingo ote zen ez jakitea izan zen; aurten, ordea, bagenekien hasieratik lan handia egin ostean udan sariak jasoko genituela. Lasaitasun handia eman digu horrek».

«Gogotsu» heldu dira donostiarrak ligaren atarira: «Ondo moldatu gara. Urtez urte hazten goaz, iaztik taldean gorabeherak egon diren arren». Liga «irekia» ikusten du: «Guztiok koska bat egin dugu gora; are, gaur aurrena dagoena bihar erraz gera daiteke azkena. Alde txikiak egongo dira lauron artean». Hain zuzen, Uzkudunek arrazoiak baditu hori esateko: «Negua nola joan den ikusita, beste traineruak ere uretan ibili egiten dira, eta hanka sartze txiki bat egitea nahikoa da atzean geratzeko».

Iaz, Donostiarra bi estropada ez beste guztietan Orioren itzalpean ibili zen. «Aurtengo helburua iazkoa hobetzea izango da». Halere, «zail» ikusten du: «Orio, Orio da. Arraun Lagunak indartsu ikusten dut, eta Hondarribia ez dugu inolaz ere baztertu behar; azken estropadetan talderik erregularrena izan da. Beraz, aspaldiko ligarik politena eta estuena izango dugu». Horrez gain, Uzkudunek uste du lauren artean izango duten lehiakortasunak onura egingo diola emakumezkoen arraunari: «Lorpenek zapore handiagoa izango dute». Aitzitik, ñabardura bat egin du: «Emakumezkoen arraun munduan lan asko dago egiteko; besteak beste, Euskotren ligan talde gehiago sartu behar dituzte, baita estropada kopuruak handitu ere. Liga bera ikusgarriagoa izango litzateke».

MAIALEN MUGURUZA Arraun Lagunak-eko arraunlaria

«Taldeak aurrerapausoa eman du sorreratik; lehiakorragoak gara»

Joan den urteko denboraldian, Arraun Lagunak-eko talde osoak bi konfinamendu jasan zituen. Garai «zail» eta «gogor» horiek erabat ahaztuta, Liga hasi bezperan, Arraun Lagunak aurkariei lanak zail jartzeko «gogoz» dagoela nabarmendu du Maialen Muguruza taldeko arraunlariak (Pasaia, Gipuzkoa, 1994). Bosgarren sasoia du Muguruzak Arraune Lagunak-en, eta, aitortu duenez, taldeak «aurrerapauso garrantzitsua» eman du prestakuntza arloan sorreratik: «Arraunlariok ere fisikoki eta teknikoki hobeto gaude, heldutasun handiagoa dugu, eta talde teknikoa gainean izan dugu une oro. Indargune horiek batuta talde hobeagoa eta lehiakorragoa gara».

Aurretik Arraun Lagunak-en ibilitakoak eta eskarmentua duten zenbait arraunlari jesarri dira Lugañene ontziaren tostetan; hala nola Eztizen Duque, Eli Pescador edota Garazi Ezkerro, baita Laura Martinez, Alejandra Rios eta Cristina Simoes galiziarrak ere. «Taldeari berrikuntza eta beste ikuspuntu bat eman diote. Eta iaztik jarraitu dugunok ere esperientzia gehiago dugu». Errendimenduari dagokionez, behintzat, neguan argi ikusi da Arraun Lagunak zer egiteko gai izan den. Orioko eta San Pedroko jaitsierak irabazteaz gain, Gipuzkoako Txapelketan nagusitu ziren. «Estropada bakoitzean gozatu egin nahi dugu, eta gauzak ondo egiten baditugu, badakigu banderaren lehian ibiliko garela».

Liga «orekatua» izango dela espero du. Gakoa ere eman du: «Uste dut ziabogara laurok nahiko berdintsu iritsiko garela. Itzulerako luzean arraunketa ez galtzea funtsezkoa izango da». Gainera, berdintasuna egoteak bi eragin ekar ditzake, Arraun Lagunak-eko arraunlariaren ustez: «Batetik, fisikoki eta psikologikoki gogorra izango da, agonikoa; bestetik, egun txarren bat baduzu, postuetan atzera egin dezakezu, eta ez bakarrik bigarrenera, baita laugarrenera ere. Lider bat ez da egongo, eta, beraz, gutako inor ezingo da gehiegi fidatu».

JASONE MITXELENA Hondarribia taldeko arraunlaria

«Uste dut beste hiru ontziak ez daudela hain urrun; ilusio handia dugu»

Azterketa bat ondo egiteko, ezinbestekoa izan ohi da aurretik prestatzea. «Bada, arraunean ere gauza bera gertatzen da. Prestaketa lana azken orduan egiten bada, alferrik da»: horra Jasone Mitxelena Hondarribia taldeko arraunlariaren azalpena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1995). Haien kasuan, behintzat, egin beharrekoak eginak dituzte, «nahiz eta beti dagoen zerbait hobetzeko». Izurriarengatik ezarritako neurrien gainetik taldean «ilusioa» mantendu dutela nabarmendu du. «Batez ere, harrobiko arraunlariak pizgarri izan dira, eta lehiatzeko gogoa eta gose handia ekarri dizkigute».

Hondarribia azken urteetan laugarren postuan egon da kondenatuta, baina kanporaketan eutsi izan dio ligako postuari. Ama Guadalupekoa traineruko arraunlaria laugarren postu madarikatuaz mintzatu da: «Gure helburua izango da laugarren postua saihestea, eta etortzen dena ongi etorria izango da». Beste arraunlariek aurreikusi duten moduan, Mitxelenak ere iritzi dio ligak gidoi bera izango duela: berdintsua eta emaitzetan gorabehera handikoa. «Ezingo dugu lo hartu; bestela, garesti ordainduko dugu».

Hondarribiarrek ahal dutenean beste hiru ontziei muturra sartzeko asmoa dute: «Pentsatu nahi dut beste hirurak ez ditugula hain urrun. Estropadaz estropada joan beharko dugu». Horiek horrela, balio «handia» eman dio puntuak pilatzeari. «Kanpoko faktoreak ez daude gure esku: kalea, haizea, korronteak... Baina gure aldetik, behintzat, lehen jardunalditik dena eman beharko dugu».

Hasteko, bihar Coruñako itsas zabalean ariko dira. Mitxelenarentzat «ziurgabetasun handiko» estropada eremua da: «Kanpotik begiratuta, ematen du itsaso ez dagoela mugitua, baina behin uretan sartzen zarenean, bestelakoa da errealitatea. Inolako babesik gabe zaude, eta oso mugitua egoten da». Hondarribiaren asmoa argia izango da. «Gure lana ahalik eta ondoen egitea izango da gure asmoa, eta geure buruarengan sinetsi behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.