Munduko Atletismo Txapelketa

Izarrez beteko da zerua

Munduko Atletismo Txapelketa bihartik hilaren 24ra jokatuko da, Eugenen. Murrizketarik gabeko lehen lehiaketa handia da. Makina bat izar ariko da, eta, haiekin batera, hiru euskal herritar: Asier Martinez, Manu Quijera eta Carlos Tobalina

Armand Duplantis, airean. FREDRIK SANDBERG / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Fred Kerley
Shericka Jackson

Ziztu bizian doaz

Abiadurak erakarri egiten du. Hori dela eta, txapelketa batean zerbaitek ikusmina pizten badu, abiadura probek pizten dute. Horien inguruan idatzi dira atletismoaren historiaren urrezko orri asko.

Iraganekoak dira gehienak, azken urteetan distira galdu baitute; hain zuzen, duela bost urte Usain Boltek erretiroa hartu zuenetik. Baina argi printza batzuk badaude: hainbat atleta oso azkar ari dira korrika egiten 100 eta 200 metrokoetan.

Emakumezkoetan, Jamaikak eutsi egin dio aginte makilari. Herrialde horretakoak dira atletarik azkarrenak: Shericka Jackson (aurten, 10,77 eta 21,55), Shelly-Ann Fraser-Pryce (10,67 eta 22,14) eta Elaine Thompson-Herah (10,79 eta 22,05). Fraser-Prycek eta Thompson-Herahk denbora asko daramate garaipenak pilatzen; Jackson, ordea, itzalpean aritu da, baina, aurten, argitara egin du salto.

Gizonezkoetan, berriz, AEBak dira nagusi: Fred Kerley (9,76 eta 19,80), Trayvon Bromell (9,81), Erriyon Knighton (19,49) eta Noah Lyles (19,61), besteak beste. Baina ez litzateke momentu erabakigarrian huts egiten duten lehen aldia. 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoetan, Marcell Jacobs italiarra eta Andre De Grasse kanadarra nagusitu ziren 100 eta 200 metrokoan, hurrenez hurren. Biak ariko dira Eugenen (AEB).

Andoni Calbano (Bergara, Gipuzkoa, 2000) abiadura atletaren iritziz, «oso estua» izango da lehia. «Azken urtean izugarri igo da maila; sekulakoa da. Ez dago superatleta bat, Bolt zen moduan. Baina atleta bikain asko daude».

Zenbait atleta iritsi berriri erreparatu die: «Knightonek egin du 200 metrokoan sasoiko markarik onena, eta 18 urte besterik ez ditu. Oblique Seville jamaikarra dago ere bai: 21 urte eskas ditu, eta 9,86 egin du 100 metrokoan. Abby Steiner estatubatuarra ere, ikusgarri: 22 urterekin, 10,90 eta 21,77 egin du. Haiez gain, zenbait klasiko ariko dira: Kerley, Lyles, Yohan Blake, Jacobs, Fraser-Pryce, Thompson-Herah, Jackson...».

Ez da ausartu esatera nork irabaziko duen. «Kerley da faboritoa 100 metrokoan, baina uste dut ez duela irabaziko; erne Sevillerekin. 200 metrokoan, berriz, uste dut Lyles nagusituko dela. Emakumezkoetan, berriz, jamaikarrak indartsu daude, baina erne Steinerrekin».

Armand Duplantis
Zerua du muga bakarra

Armand Duplantis (Lafayette, AEB, 1999) aspalditik dabil bakarrik haren buruaren aurka lehiatzen; aspaldi geratu zen aurkaririk gabe. Inork ez du hark baino gorago jauzi egin: 6,20 metro. Martxoan egin zuen, Belgraden, pista estalian. Egun horretan eginikoa da haren nagusitasunaren erakusle: lehiatzen hasi zenerako, beste jauzilari guztiek eginak zituzten egin beharrekoak. Bakarrik aritu zen. Halaxe dabil aspaldian.

Sasoi betean ailegatuko da Eugenera. Inoizko markarik onena egin berri du estalirik gabeko lehiaketa batean: 6,16. Hark zuen ere aurrekoa: 6,15. Egundoko ezustea litzateke ez irabaztea. Beste jauzilari batek bakarrik gainditu ditu aurten sei metroak: Christopher Nielsen estatubatuarrak; sei metro. Duplantisek kosta ahala kosta irabazi nahi du, Munduko Txapelketako urrea baita falta zaion lorpen bakarra.

«Haur miragarri horietako bat da: haren bideo pila daude Interneten 4 urterekin makila batekin jauzi egiten. Guk ikasi behar izan duguna hark berezkoa du. Oso erraz egiten du oso-oso zaila dena; ikusgarria da», dio Malen Ruiz de Azua pertika jauzilariak (Arrasate, Gipuzkoa, 1995).

Haren ustez, hiru gako daude Duplantisen arrakastaren atzean: «Batetik, oso azkar egiten du korrika; meritu handia du horrek, makila luze batekin korrika egin beharra dagoela kontuan hartuta. Bestetik, pertika gogorrekin aritzeko gaitasuna du; zenbat eta gogorragoa izan pertika, orduan eta gorago aireratzen zara. Azkenik, oso goitik heltzen du pertika; bost metro pasatxotik. Hori gutxi balitz bezala, oso ausarta da aireko fasean. Jauzilari perfektua da, eta oso berezia; oso berea du estiloa, eta bikain menderatzen du».

Ez dio mugarik ikusten. «Munduko marka hobetu duen bakoitzean, agerian utzi du gorago jauzi egin dezakeela. Hura ere ez da ausartzen esatera non duen muga. Edozer espero daiteke harengandik».

Eugenen, urrea irabaztea espero du. «Ezusteko handia litzateke ez irabaztea: oso erraz gainditzen ditu sei metroak, eta aurkariek, nekez. Ez irabazteko, oso egun txarra izan beharko luke, eta aurkariek, oso ona. Pista berria da ere bai, eta punta-puntako materialez egina dago. Egun ona izanez gero, saiatuko da errekorra egiten».

Karsten Warholm
Sydney McLaughlin
Hesi guztien gainetik

Hesien gainetik ziztu bizian doaz Kasper Warholm (Ulsteinvik, Norvegia, 1996) eta Sydney McLaughlin (New Brunswick, AEB, 1999). Inork ez du haiek baino azkarrago egin 400 metroko hesiduna: 45,94ko marka du Warholmek, eta 51,41ekoa McLaughlinek.

Aspaldikoa da norvegiarraren nagusitasuna, azkeneko hiru lehiaketarik garrantzitsuenetan gailendu baita: azken bi Munduko Txapelketetan eta Tokioko Olinpiar Jokoetan, hain zuzen. Laburragoa da estatubatuarraren bolada, Tokioko urrea baitu lorpenik handiena. Era ikusgarrian egin zuen: Dalilah Muhammad herrikideari aurrea hartu zion, eta haren munduko marka hobetu zuen. 2019an, Muhammadek kendu zion urrea Dohako Munduko Txapelketan. Lehena nahi du orain.

Iker Alfonso (Uztarroze, Nafarroa, 1999) 400 metroko hesidunetako atletaren ustez, Warholmek eta McLaughlinek «jokoaren arauak aldatu dituzte». Iraganari erreparatu dio: «Lehengo atletek indarrak neurtzen zituzten lasterketan; bi hauek, ordea, bete-betean egiten dute korri, hasi eta buka. Hori dela-eta hobetu dituzte segundo eta erdian duela hogei urteko markak».

Norvegiarraren «oldarkortasuna» azpimarratu du: «Jan egiten ditu hesiak». Hala ere, zehaztu du «burua hotz» izanda lehiatzen dela. «Dena oso-oso ondo neurtua du. Hastapenetan, leporatu zioten koordinazio pixka bat falta zitzaiola, baina asko hobetu du baita hori ere; teknika aparta du». Beste horrenbeste esan du McLaughlinez. «Oso azkar egiten du korrika, eta guztiz menderatuta du hesiak pasatzeko teknika».

Alfonsoren iritziz, McLaughlinek aukera gehiago du irabazteko. «Sasoi betean dago. Hura da faborito nagusia. Ezustekoa litzateke ez irabaztea». Bi atleta aipatu ditu haren hutsegiteren bat aprobetxatzeko moduan: «Muhammad eta Femke Bol. Ziur estu hartuko dutela».

Zalantza gehiago eragiten dizkio Warholmek; batez ere, min hartu baitzuen duela hilabete, eta ia ez baita lehiatu. «Ongi ez balego, ez zen lehiatuko Munduko Txapelketan. Gainera, badaki sasoi betean egon behar duela, aurkariak gertu baititu: Rai Benjamin estatubatuarra eta Alison Dos Santos brasildarra. Itxura du lasterketa ikusgarria izango dela. Hirurak bete-betean arituz gero, erne errekorrarekin».

Yulimar Rojas
Airea du bizileku

Duplantisez gain, Yulimar Rojas (Caracas, 1995) da beste izarra jauzietan. Venezuelarrak ez du aurkaririk jauzi hirukoitzean. 2016ko Rioko Olinpiar Jokoak izan ziren lehiatu eta nagusitu ez zen azken txapelketa garrantzitsua: bigarren izan zen. Ordutik, dena irabazi du: bost aldiz izan da munduko txapeldun, eta behin olinpiar txapeldun. Hori gutxi balitz, bitan ondu du munduko marka: iaz Tokion, hamazazpi zentimetrotan hobetu zuen Inessa Kravets ukrainarrak 1995etik zuen marka: 15,50 metrotik 15,67ra; aurten, berriz, beste zazpi zentimetro gehiagotan luzatu du: 15,74 egin zuen Belgradeko Pista Estaliko Munduko Txapelketan.

Eugenen erronka handia zuen: luzerako jauzian zein jauzi hirukoitzean irabaztea; inork ez zuen egin halakorik. Baina, azkenean, bere diziplina kutunean ariko da bakarrik, ez baitu gutxieneko marka egin luzerakoan; egin, egin du, baina legez kanpoko oinetako batzuk erabilita: jauzi hirukoitzekoak, zoru handiagoa dutenak. Gainera, min hartu du, eta ez du arriskatu nahi izan: Munduko Txapelketetako jauzi hirukoitzean hiru aldiz jarraian nagusitu den lehen emakumea izan nahi du.

«Aurkari guztien oso gainetik dago», esan du Irati Mitxelena jauzilariak (Donostia, 1998). Haren iritziz, «gorpuzkerak» egiten du aldea: «Oso garaia eta oso fina da [1,92 metro da luze, eta 72 kilo pisatzen ditu]. Inork ez du halako gorpuzkerarik; pribilegiatua da». «Oso azkarra» ere bada, eta horrek «abantaila handia» ematen dio: «Zenbat eta abiadura handiagoan iritsi jauzi egiteko unera, orduan eta aukera gehiago dago salto handiagoa egiteko. Rojas abiadura handian iristen da, eta jauzi egiteko teknika menperatzen duenez, gai da oso urrun salto egiteko». 15,74ra iritsi da, baina Mitxelenak uste du marka hobe dezakeela. «Hamasei metroak gaindi ditzake. Gaitasuna badu».

Lesio bat tarteko, gutxi lehiatu da azkenaldian. Ez ditu hamabost metroak pasatu: 14,83 egin du gehienez. Hala ere, jauzilari donostiarrak argi du hura dela faboritoa: «Sasoi bete-betean egon gabe ere, aurkari guztiak baino koska bat gorago dago. Gai da erraz antzean hamabost metrotik gora jauzi egiteko, eta marka horietan inork ezin du estu hartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.