KATE MOTZEAN

2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Aurkari bat? Ezin dut bat aukeratu: Irujo, Aimar, Oinatz… Belaunaldi berria… Tira, atzelariak esango dizkizut: Rezusta, Zabaleta... Txikitatik asko gustatu zaidan beste bat, Aitor Elkoro.

Kide bat: Irujo. Garai txar asko pasatu ditugu elkarrekin.

Pilotaleku bat: Labrit.

Zer zor diozu pilotari? Dena.

Eta pilotak zuri? Ezer ez.

Partida bat? Iazko binakakoan Ezkurdiak eta biok Olaizola II.a-Urrutikoetxeari irabazitakoa.

Zein izan da ibilbideko unerik politena? Lesio batetik atera osteko lehen partida.

Pilota profesionalak duen gauzarik onena? Asko ikasten dela: bizi eskola bat da.

Txarrena? Lotua dela. Maite duzun jendearekin egoteko denbora gutxi duzu, eta, horregatik, garrantzitsua da inguruak zurekin pazientzia izatea.

Tabernan sartu, eta jendea begira duzu. Nola bizi izan duzu? Ez pentsa, Iruñean-eta ez da halakorik gertatzen.

Jadanik ez... «Ah, baina oraindik pilotan jokatzen duzu!», kar-kar-kar! Polita da. Txikitan hori nahi izaten zenuen. Nik noizbait autograforik emango al dut? Ondo dago oroitzea txikitan gustatzen zitzaizula.

Autografoak gurasoentzat eskatuko dizkizute orain, «amamaren kutuna zara...». Kar-kar… denetarik dago. Belaunaldi bakoitzak bere gustuko pilotariak ditu. Txikiek Altuna-eta nahi dituzte, eta guri begiratzen digute, «nor da hori?», pentsatzen bezala. Egia da zale gehiago ditudala helduen artean.

Ba al da dopinik pilotan? Ni ez naiz inoiz dopatu, eta finalerdi eta finaletan gure kontrolak pasatu ditugu. Nire adiskideengatik eskua sutan jarriko nuke eurak ere ez direla dopatu.

Pilotari ez bazina? Beste kirol bateko jokalari, edo mendiarekin harremana duen lanen batean.

Seme edo alabaren batek pilotari izan nahi badu? Babestuko dut, baina ito gabe. Hori nire gurasoengatik ikasi dut. Nire aitak eta nire amak pilotaren inguruko aholkurik ez didate eman, bizitzarako bai. Uste zuten barrutik irteten zitzaidan zerbait zela, eta zein aholku emango diozu semeari pasioz bizi badu? Baina, hori bai, beti alboan izan nituen.

Igandean dantzatuko al diezu zuk aurreskurik zaleei? Ez, ez… dantzari izan nintzen, trikitilaria… Bertsotan egitea falta izan zitzaidan. Hori egin izan banu, euskalduna %100 [barrez].

Hunkituko al zara? Bai! Asko. Hau maite dut, eta uztea ez da erraza. Baina polita izango da, txikitatik zurekin egon den jende hori han egongo da, benetako lagun diren horiek.

Ona da hunkitzea, ez da erreprimitu behar. Aste hauetan negar asko egin dut. Konturatzen zara zein zorte izan duzun, eta zuk adina lan egin baina iritsi ez direnekin oroitzen zara. Familiarekin oroitzen zara, lagunekin, txikitatik lagundu zaituzten guztiekin… Dena eman dizutenak ezeren truke. Bakarreko isiltasunean horiek guztiak etortzen zaizkizu burura, eta askotan hunkitu naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.