KRITIKA. Musika

Iraultza oholtzan

Arkaitz Mendoza.
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

EOS

Zuzendaria: Robert Treviño. Pianista: Joaquin Atxukarro.Lekua: Donostiako Kursaala.Eguna: Azaroak 3.

Zuzendari berriaren bigarren agerraldi honetan orkestra heldutasunera abiatu da. Oso heldu eta samur sentitu nuen Euskadiko Orkestra, sakoneko interpretazio bat eginez, batez ere, Dimitri Xostakovitxen 1905. urtea sinfonian. Robert Treviñok musikariak tentetu ditu, aulkietan eroso, instrumentua jotzetik bizkarra tente jarri eta intentzio osoz lan artisau bati ekitera. Txalogarriak oso sinfonian egin zituzten indar konexioak eta esaldikapen sakontasunak. Batzuek zorrotzegi sentituko dute, beste batzuek behar zen aldaketa txalotuko dute, baina, duda izpirik gabe, Treviño indar osoz sartu da orkestran. Intentsitatea, tentsio onuragarria eta talde lan paregabea, negoziaezinak diren ardatzak dirudite zuzendari amerikarrarentzat, eta orkestra garaile ateratzen da paraje berri honetan. Errusiako Iraultzaren askatasun uluak goraipatzen dituen obra handi honetan, kaxak eta biola taldeak bereziki harritu ninduten. Lehenbizikoa motor itzela izan zen, gatazkaren intentsitatearen nondik norakoak zoragarri neurtuz; biola taldearen egitekoa biribiltasun txundigarrian jaso nuen, soinu bakarrean eta espresiobide egokian. Zelesta erne bi harpekin, ingeles adarra dotore beheko aldeko notetan eta gainontzeko haize egurrak kokilduta, ez dira oraindik Treviñoren musika kontzepzioan guztiz sartu.

Aurretik, urteroko gonbidatua pianoan: Joaquin Atxukarro agure gaztea. Bere 85 urteak gaztetasunaren isla dira, bai pianoan bai fisikoki helarazten duen sentsazioan. Indartsu, kemen handiz, dena ematen duen musikariaren akats tuntunak ahaztuta, Atxukarrok lan polita egin zuen orkestraren magalean. Eskuineko eskua piano altzairuan lotuta, ezkerra solte barreiatu zen teklatuan barrena, batez ere akorde pisutsuetan. Argi aritu dira obra aukeratzean, bakarlaria estutasun egoeran jarri gabe eta fisikoki iraupen aproposean. Hogei minutu interesgarri, orkestra hasierako hoztasunetik atereaz, energiak jarraian zuten sinfonia handitsurako gordeaz eta pianoa soinu sendo eta dotorean. Etapa berri bat hasi da orkestran, heldutasunaren lehen printzak heldu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.