Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Alarmismoak eta gai epidemikoak

2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Radio Euskadiko kazetari batek asteazkenean esan zuen Twitterren maskarak eta gel desinfektatzaileak agortu direla Bilbo erdiguneko farmazietan. Erantsi zuen «oraindik» ez dela koronabirus kasu positiborik antzeman Euskadin. Beraz, egiazko datuekin bat ez datorren alarmismoa piztu dela gure kaleetan. Asteartean, zehazki, Radio Euskadiko Ganbara saioa koronabirusarekin zabaldu zuten; bi kasu gehiago antzeman zirelako Espainian. Gaiarekin jarraitu zuen gaztelaniazko irrati publikoak, gutxienez, albistegiaren lehendabiziko bi minutu eta erdi bete arte. Asteazkenean ere berdin egin zuten, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuaren adierazpenekin hain zuzen. Albistegiko lehen bi minutuak koronabirusari eskaini zizkioten, besteak beste, Jaurlaritzaren prebentzio plana azaltzeko. Horrez gain, aditu batekin elkarrizketa zabala osatu zuten 22:15ean.

Telebistan, bestalde, koronabirusarekin ireki zuten asteazken arratsaldeko Gaur Egun (ETB1). Erromatik zuzeneko konexioa egin zuten tituluetan. Aurkezlearen arabera, herrialdean «psikosia eta izua» ari dira nagusitzen. Asteartean, berriz, ahoa tapatzeko maskarak ekoizten dituen enpresan izan zen euskarazko albistegi publikoa. Enpresa horrek batez ere erietxeei eta elikagaien industrian aritzen direnei banatzen dizkie eskularru eta maskarak. Zertarako bisitatu zuten enpresa hori? Koronabirusa «ez hartzeko» maskara «egokiena» zein den jakiteko. Antza, orain arte gehien erabili denak «ez du balio». Maskara hori non aurki daitekeen ere azaldu zuten: laneko arropa saltzen den tokietan. ETBko kazetariaren arabera, «pare bat euroren truke, burdin dendetan» ere eros daiteke.

Bilbon sortu den alarmismoak ez nau harritzen. Euskal hedabide publikoak zein pribatuak etengabe ari dira gaiari erreparatzen, Euskal Herrian maskararik ere behar ez dugunean. Hedabideei sare sozialak gehitzen badizkiegu, alarmismoa sortzea ondorio zuzena da. Bestalde, koronabirusari eskainitako gehiegizko tarteek beste gai epidemiko batzuk estali dituzte. Tartean, honako hau: hamahiru hildako eta bi desagertu lan istripuetan, Hego Euskal Herrian, urteko lehendabiziko 56 egunetan. Horri aurre egiteko, kasurako, bai behar dira premiazko segurtasun eta prebentzio neurriak. Bidaiatuko du EiTBk Jaurlaritzara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.