Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Eromena eromen

Agus Perez -

2022ko ekainak 28

'Haykio'

Konpainia: Eromen produkzioak. Zuzendaritza: Amancay Gaztañaga. Lekua: Zestoako Caravan Park pabiloian (Gipuzkoa). Eguna: ekainaren 25a.

Emanaldi berezi batekin ospatu du Zestoako Eromen konpainiak bere hamargarren urtemuga, urteroko Zestoako Antzerki Astearen (ZAA!) barruan.

Iaz bezala, geltoki zaharraren ondoko Caravan Park pabiloian izango dira aste osoko emanaldi gehienak —Inork espero ez duena izan ezik, haurrek antzeztutakoa—; han hasi da Haykio izeneko emanaldia. Antzeko grafia erabiliz, haikyo japonierako hitza hondakinetako turismoaren joera berria definitzeko erabiltzen omen da; horregatik aipatu dizkigute emanaldiaren une batean edo bestean Txernobylen eta gure garaiko beste hondamendi-leku batzuetan egiten diren bisita turistiko klandestinoak.

Izan ere, Zestoa iraganeko distiraren lekuko diren bainuetxe dotore baina abandonatuez josita dago. Leku bikaina, gero, haikyo turismoa egiteko, baina ez dezagun eman ideia suntsitzailerik, mesedez. Kontua da oso leku aproposa iruditu zaidala oraindik Cestona Villa (Zestoa Hiribildua) dakarren geltoki zaharra Haykio honi hasiera emateko, han hasi baita gure ibilbidea, antzezleak eta ikusleok autokar dotore batera igo ostean. Berrehun bat metro baino ez du egin ibilgailuak, baina bitartean antzezpena hasia zen bai barruan bai kanpoan, ke horiko zuziekin errezibitu gaituztelako maskara jantzita zeramaten zenbait pertsonaia misteriotsuk, laminak balira bezala.

Pabiloiko espazioa gune diferentetan banatua zegoen, eta haietariko bakoitzean eszena erdi surrealista erdi probokatzaile batzuk gertatu dira: beltzez jantzitako izaki hegodunak artega eragin digu bere presentzia eta keinu kementsuekin, bainuontzi batean bizi zen neska dotoreak loreak banatu ditu, baina bere sakoneko nahia bere burua lohitzea zela aitortu digu, eta pole-dance-ko neskak berarekin dantzatzera gonbidatu gaitu, ezpata handia zeukan jainkosa baten begiradapean.

Gune horietatik eszena nagusira igaro gara, eta han Peter Greenawayren The Belly of an Architect filmeko bakanalaren moduko gertaleku apoteosikoan aurkitu gara. Mahai luze baten gainean fruta, gozoak eta cava zeuden denon eskura, anabasa handian, platano eta sandia azalak behegainetik sakabanatuta, gizonak mozkortuta eta emakumeak lotsagabe. Hor agertu dira, autobuseko satiroaz gain, Kupido altuera batetik, Agamemnon eta Klitemnestra, Frankenstein eta Lady Macbeth, mahai gainean horditurik zegoen Alejandro Handia izan zitekeena eta beste hainbeste pertsonaia —31 antzezle izan dira denera—, eromen betean guztiak.

Azken txanpan, gazteak igo dira banan-banan mahaira, eta handik aurpegiratu dizkigute beren kezkak eta nahiak, txandaka. Sormen kolektiboko emanaldi honen hasieran «burua zabalik» edukitzeko eskatu digute, eta txaloen osteko esker oneko hitzetan Amancay Gaztañagak esan digu ez badugu ezer ulertu, beraiek ere ez dutela ezer ulertzen kultur politikak diseinatzen dituztenek hitz egiten dietenean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugan musika taldea, disko berria argitaratu baino lehenago. ©PABLO CLEMENTE

Indarrez jantzitako doinu eztiak

Miren Mujika Telleria

Mugan taldeak zazpi kanturekin osatu du 'Bizirik ez bagaude', bere ibilbideko lehen diskoa

Errealitatea eta alegiazko munduak nahasten dira <em>Itsasotik</em> ikuskizunean. ©DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA
Michel Piccoli eta Romy Schneider aktoreak, Sauteten 'Les choses de la vie' filmean (1970). ©Donostiako Zinemaldia

Sauteten hamahiru film bildu ditu Zinemaldiak hari eskainitako zikloan

Leire Perlines Apalategi

Zinemagile eta gidoigile frantsesaren obra aztertuko du jaialdiak aurten, haren atzera begirakoan. Zikloaren osagarri, zuzendariari egindako elkarrizketekin osatutako liburu bat plazaratuko dute.

Olivia Newton-John Ikerketa Onkologikoen Institutuak antolatutako ekitaldi batean ©MICK TSIKAS / EFE

Olivia Newton-John hil da, 'Grease' filmeko aktorea

Lide Egizala Urteaga

Sandy Olsen pertsonaiari eman zion bizitza Grease pelikulan. 30 urte zeramatzan bularreko minbiziaren aurkako borrokan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...