Haizea Barcenilla
BEGIZ

Bakarrik behingoz

2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Itxita gaudenetik etengabe iristen zaizkidan memeetako batean Gioconda agertzen da, bere koadroan eratzanda, eta oin biluziak markoaren gainean jarririk, irribarre zabal-zabala ahoan, «bakarrik behingoz!» hitzek lagunduta. Zinez muturrekoa izan daiteke errealitatea: egun, hamar egun daramatza Louvrek itxita; iaz, langileek greba egin zutenean, egun bakar batez ixtea lortu zuten. Orduko protestaren arrazoia gehiegizko jendea zen. Geletako zaintzaileek eta sarrerako langileek ezin zuten jende andana kontrolatu, ez ziren ondarearen segurtasuna bermatzeko gai ikusten, eta estres maila gainezka egiteko zorian zegoela sentitzen zuten. Izan ere, 2017tik 2018ra museoaren bisitarien kopurua %25 igo zen —noizbait zutabe honetan komentatutako Beyonce eta Jay-Z bikotearen bideoklip bat tarteko—, eta jendetza ez zen fisikoki korridoreetan sartzen.

Azken urteotan indartu den turismoaren eta kulturaren arteko harreman toxikoaren eragina zen Louvrekoa —asmatu duzu: turismoa da bikoteko tratu txar emailea—, eta horren adierazle amodio erromantikoak itsututako politikarien begirada, museoa lehertzear ikusirik pozez zoratzen, langileei the show must go on esaten. Kulturaren lagunontzat, aldiz, egoerak ez zirudien hain liluragarria: erraza da ulertzea urtean behin eta bidaia-gidak aginduta atzerriko museo bakarra ikustera doan bisitaria ez dela bereziki interesatzen zaigun kulturazale mota.

Eta hara non, harreman toxiko hori kapitalismoaren hegaletan gora eta gora zihoala ikusten genuenean, guztia eten den. Ezustean eta egun batetik bestera, Giocondak pijama jantzi du, Samotraziako Garaipena idulkian eseri da atseden apurtxo bat hartzeko, eta Eskriba Eseria hankak luzatzen dabil pasillotik. Gu etxean itxita gaude bitartean, batzuk Louvreren irudietatik bisita birtualak egiten, eta beste batzuk museoa deitzen den ezer badagoen ere ahaztuta.

Etxean gauden bitartean mundua aldatzen ari da, eta oraindik ez dakigu zelakoa izango den irtengo garenekoa. Krisi latza datorkigula da ziurtasun bakarra. Gure bidaiatzeko modua aldatuko da nahi eta nahi ez, cash eskasiak bultzatuta, baina agian beste faktore batzuen eraginez ere bai: itzul daitekeen pandemiari beldurra, edo itxiera honek bultzatutako beharrezkoak diren gauzen gaineko gogoeta, esaterako.

Optimista sentitzen naizenean, egoera berriak turismoaren eta kulturaren artekoa aldatuko duela pentsatzen dut —turismoak bikoteko aberatsa izateari utziko diolako bederen—, eta harremana orekatu daitekeela, beharbada kulturari bikotea apurtzeko eta bere bidea egiteko aukera eskainiz. Baina jakina da diru sarrera propiorik ez duen kideak nekez egin dezakeela etxetik alde. Gioconda, gozatu aste hauek, turismoa indartsu baitabil zure gela propioan berriz ere sartu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.