Ismael Manterola
BEGIZ

'Entertainment'

2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Harrigarria da zer joera dugun premiazko egoeretan gauzarik inportanteenak alde batera lagatzeko. Orain, gauza serioetarako garaia omen da; horrek esan nahi du kultur munduko ekimen guztiak, alde batera baztertuta, ahaztu behar ditugula. Osasunaren momentua da, eta ados nago lehentasunak beste batzuk direla, baina egoera hauek gure gizartearen argazkia ateratzeko balio dute. Frantziako lehen ministroak eta beste agintari askok adierazi dute kontzertuak, antzerkia, dantza eta beste ikuskizun jendetsuak alde batera uzteko garaia dela, eta ados nago, nahiz eta lantegietan egon daitezkeen jende pilaketak antzekoak izan.

Agintariek berehala gogorarazten digute kultura bigarren mailako zerbait dela, behar-beharrezkoa ez den denbora-pasa hutsa. Ideia horiek gure buruan noraino sartuta dauden konturatzen gara, kultur adierazpenak itxialdiko egun luzeak errazago pasatzeko gomendatzen ditugunean sare sozialetan. Musika entzutea, irakurtzea, filmak ikustea, antzezlanak edo artea gure ordenagailuetatik ikustea entretenitzeko omen da, ezohiko errutinak egiten uzten ez dizkigun gauzak egin ahal izateko momentua. Lanean pasatzen ditugun orduak ez dizkigute arteaz gozatzeko uzten, eta, horretarako astia izan dezakegunean, entretenitzeko direla esango digute. Ikasteko, gure hautematea zabaltzeko, mundua eta mundukoak ezagutzeko, hausnarketa egiteko, horretarako eta gauza gehiagotarako izan daitezke artelanak, eta, gainera, entretenitzen du. Horregatik ez dira alde batera baztertuta utz dezakegun zerbait premiazko gauzak egiten ditugun bitartean. Pertsonak gara pentsamendu abstraktua dugulako, ez lana egiten dugulako.

Aurreko asteartean, IƱigo Astizen Apaingarri izateari uztea izeneko artikulu ederrean, aterkia bezain erabilgarria izan zitekeen poema bat idazteari buruzko aipua egin zuen. Ulertzen dut poetaren kezka, baina sarritan pentsatu izan dut artearen ahalmena edo indarra ezertarako balio ez izatean datzala. Gauza guztiak zerbaitetarako balio behar duen jendarte batean, erabilgarritasunik eza iraultzailea da. Balioak erabilpenaren bidez ezartzen dituen gure mendebaldeko mundu honi aurre egiteko moduetako bat izan daiteke artearena, hain zuzen, ez delako erabilgarria, ez behintzat ohi den moduan. Horregatik, behin baino gehiagotan zalantzan jarri dut azken urteetan industria kulturalaren inguruan zabaltzen ari diren apologiak. Ez nago kulturaren bidez eratu daitezkeen industria egitasmoen kontra, noski, baina ezin dugu horretan jarri kultur politikaren indar eta diru guztia, sarritan entertainment industriari buruz hitz egiten ari garelako, eta ez kulturak pertsonak garatzeko dituen balioez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.