Haizea Barcenilla
BEGIZ

Anormaltasunean normaltasuna

2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Nire lanean uztartzen diren bi esparruek, hezkuntzak eta kulturak, produktibitateak eragindako presio bortitza jasan dute azken urteotan. Hezkuntzan hainbat aldaketatan nabari da: batxilergoko ikasleei hausnarketa egiten irakatsi beharrean, azterketak gainditzeko diziplina eta teknikak igortzen zaizkie; unibertsitatean, profil profesionala lantzera bultzatzen zaigu, etorkizuneko langileen egokitasuna zein obedientzia bermatu ditzagun. Boloniak sistematizazioa ekarri du, kalitate printzipioek burokratizazioa, eta, ondorioz, prozeduren errepikapenean oinarritutako hezkuntza nagusitzen ari da: errutina kuantifikatu eta planifikatua.

Kulturak antzeko patua jasan du: ekoizpenari lehentasuna eman zaio, edozein artelanek behar duen gogoeta denbora ezkutatuz eta ez ordainduz: ikusgarria den produktuarekin soilik iritsiko zaie sortzaileei diru sarrera. Horren atzean dauden pentsamendu, zalantza, galdera, ikerketa eta ordu hil guztiak itzaletan lausotzen dira, desagertzen. Horrek artistak itotzen ditu, hamaika proiektu bateratzera bultzatuz, denbora eta hausnarketa nahikoa eskaini ezinda. Errutina prekarioa oraingoan, etengabe ikusgarri izatera behartzen duena.

COVID-19aren krisiak ezusteko egoeran jarri gaitu. Hezkuntza eta kulturaren errutinak apurtu dira, eta, maskarak erortzean, produktibitatea agerian geratu da. Gaixo dauden edo senideak hilzorian dituzten ikasleei, ezegonkortasun krudelaren antsietatea jasaten ari direnei, ezer gertatuko ez balitz legez jarraitzea eskatzen zaie: normaltasunez pintatzea erabat anormala den egoera bat. Arauak betetzea. Lankide batzuk larrituta dabiltza online azterketan ikasleek kopiatu dezaketelako, edo petralek irakasgai zailak erraz gainditzeko aprobetxatuko dutelako. Arauak berriz. Baina planeta osoak akademikoki galdutzat ematen duen hiruhileko honetan, ez al daude gure ikasleekin egin ditzakegun ikaskuntza interesgarriagorik? Ez al dira bat-batean zaharkitu zaizkigun programa horien aurrean premiazkoagoak diren gogoetak?

Kulturgintzan ere normaltasunaren eta eskizofreniaren artean dabiltza. Alde batetik, deigarria da zenbat arlotatik eskatu zaien sortzaileei euren kanta, irakurketa eta irudiekin itxialdia arindu dezaten; normaltasuna transmititu dezaten. Aldi berean, esparru guztiak ekonomikoki erreskatatzeko planak egiten dabiltza, kultura salbu; hain zuzen, itxialdiko kultur opari horiek guztiak horixe dira, opariak, inork ez dizkielako ordainduko.

Kulturgintzan zein hezkuntzan, ahots askok pantomimaren amaiera eskatzen dute: krisi honek sistema osoaren gaineko begirada kritikoa eta neurri eraldatzaileak ekar ditzala, produktibitatea baztertuz. Espero dezagun krisiaren gogortasunak ahots horiek ez itzaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.