Ismael Manterola
BEGIZ

Zumeta

2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Orain arte ezin izan dut Zumetaren omenezko testurik idatzi. Denbora pixka batek pasatu behar izan du pintorearen heriotzak emandako ustekabetik erreakzionatzeko. Apirilaren 23an komunikabideetarako egindako adierazpenak premiazkoak izan ziren, eta zaila egin zait fundamentuzko zerbait idazten hastea. Badirudi itxialdiaren egoerak kontzentratzeko arazoak ekarri dizkigula guztioi eta hau idazten ari naizen arte ezin izan dut egoera puskatzea lortu.

Artistaren heriotzaren eta bizitzen ari garen tristura orokorraren garai hauetan Zumetaren koadroak ikusteak ematen duten pozarekin geratuko naizela iruditzen zait. Pintoreak bizitza transmititu nahi zuen bere pinturaren bidez: mihise gainetan utzitako pintzelkada bakoitzak pintorearen indarra, keinua, amorrua batzuetan, gozamena besteetan, sumatzen dugu. Koadroaren gainazalean utzitako kolore ia guztiak begiaren plazera eta buruaren baikortasuna pizteko gai dira, nahiz eta kolore ilunak izan. Urdin eta azul horiek hain intentsoak direnez, gure barne indarra esnatzeko ahalmena dute; berdeak erabiltzeko trebetasuna berezia izan zuen eta horiekin kontrasteak egiteko gogoak fikziozko espazio dinamikoak sortzera bultzatzen zituen. Arrosak eta moreak bere marka bihurtu ziren garai batean, lur koloreak kartoi gainean izan ziren bezala 1980ko hamarkadan. Beltzak, grisak eta kolore ilunagoak erabiltzen zituenean ere, artistak ez zigun inoiz goibel begiratzen bere koadroetatik.

Agian koloreak ziren pintorea alde batera edo bestera eramaten zutenak. Koadroen konposaketa itxuraz kaotikoak koloreak agindutako gorabeherak besterik ez ziren. Kolore orban guztiek bere tokia bilatzen dute mihisearen edo paperaren mugen barruan. Pollocken garaitik topikoa bihurtu da pintorearen eta materia jasoko duen euskarriaren arteko borroka. Ez naiz hain erromantikoa izango eta ez dut artistaren mitoa indartuko; ez dut uste Zumetak pintatzearen ekintza lehia moduan ulertu zuenik. Borrokak beti du biolentziaren kutsuren bat, eta ez dut nik bortxa handirik ikusten Zumetaren koadroetan. Alderantziz, bizitzeko grina gehiago da, amorru agonikoa baino. Ez dut uste pinturaren kontrako borrokan zebilenik, alderantziz, pinturaren aldeko lehia izango litzateke zerbait izatekotan. Pintzelkada bakoitza pintatzearen gozamenaz ari dela ematen du. Zumetari pintatzea gustatzen zitzaiola argi dago, eta ondoen egiten zekiena egin zuen bizitzan zehar: pintatu. Gainera, pintura bere horretan lantzen zuen: pintzelaren bidez koloreak zirriborratzea zerbaiten gainean. Beste baliabideren bat aukeratu zuenean ere, adibidez zeramika, kolorearen indarra lortzeko ahaleginean ibili zen, betiere materialaren gorabeherak kontuan izanda.

Ezer ez dagoen zuritasunaren gainean pixkanaka espazio bat sortzea modu askotan egin da artearen historian. Zumetak kolore pintzelkadekin lortu zuen, meheak, lodiak, pintzelaren makilaren muturraren bidez urratuak batzuetan, beste kolore bat gainjarrita sarritan, ikara edo dardara berezia sortzen duen orban zikinekin besteetan; horrela, geruzez betetako artelanak utzi dizkigu. Seguru asko, geruza bakoitzean unearen kolorea eta forma jarri zituen, nahiz eta hurrengo momentuan edo egunean guztiz aldatu beste kolore eta forma baten bidez. Azkenean, pintatzea gustatzen zaionarentzat koadro bakar baten gainean lanean jardutea izango litzateke asmorik desiratuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.