Behategiaren datutegia udaberrirako eguneratuko dute

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 17
Euskal Hedabideen Behategiak hiru urte bete ditu, eta iragarri du aurten proposamen berriak egingo dituela. Oraindik gai asko mahai gainean zabaltzeke daudela uste dute Behategiko kudeatzaileek: «Diru laguntzen eredu berria dator, publizitatearen banaketaz hitz egiteko garaia da, audientzien neurketa tradizionaletan audiometria digitala txertatzeko modu egokiak eta propioak asmatzea erronken artean daude, eta abar». Testuinguru horretan, Behategiak iragarpen bat egin du: «Euskarazko komunikazioaren orubea eraikitzeko aroa dator».

Behategiaren egitasmoen artean, bestalde, datutegia aipatu beharra dago, euskarazko komunikabideen inguruan dagoen datu base osatuena. Errealitatea ahalik eta zehatzena ezagutzea da Behategiaren asmoa, eta, helburu horretara bidean, datutegiaren eguneratzea lantzea izango du erronkatzat. «Udaberrirako prest izango dugu tresna, eguneratutako datu berriekin hornituta, eta lehen bilakaerak aztertzeko prest», iragarri du Behategiak.

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak, EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak abiarazi zuten Behategia, eta, ondotik, Udako Euskal Unibertsitatea bildu zen egitasmora.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna