Giroa ETBn, beste giro batean

Italiako Giroaren zuzeneko emankizunarekin batera, 'Ez Da Giro!' saioa estreinatuko du ETB1ek

Alessandro Ruta, Alfontso Arroio, Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga txirrindularitzaz arituko dira arratsaldero. ETB.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Gaur hasi eta ekainaren 2ra bitartean, Italiako Giroa zuzenean emango du ETB1ek. Eta lasterketaren emankizunarekin batera, saio berri bat izango da ikusgai egunero: Ez Da Giro! Etapa bakoitzaren aurretik eta ondoren, lasterketaren analisia egingo dute programan honako lau lagun hauek: Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga, Alfontso Arroio eta Alessandro Ruta.

Joseba Urkiola ETBko Kiroletako zuzendariak saio berria sortzearen arrazoiak eman ditu: «Erabaki dugu txirrindularitza proba plato batetik egitea, guk bakarrik ematen dugulako Italiako Giroa irekian. Gainera, hainbeste euskal herritar lehian daudela kontuan hartuta, zerbait berezia egitea pentsatu dugu». Urkiolak iragarri duenez, saio horretan ez dira soilik Giroaz mintzatuko: «Txirrindularitzaz hitz egingo dugu. Horretarako, mekanikariak, prestatzaileak, diseinatzaileak eta bestelakoak izango ditugu. Emankizunak jantzi egingo ditugu».

ETBk Alessandro Ruta kazetari italiarra fitxatu du saioan analisiak egiteko. Urkiolak esan du kazetari horren erreferentzia onak zituztela: «Otxandion [Bizkaia] bizi da. La Gazzeta-n egin du lan orain arte. Kontuan hartuta Giroa La Gazzeta dello Sport-ek antolatzen duela, Italiako kontuak gurera ekartzeaz arduratuko da. Euskaraz, noski».

Markel Irizar Oñatiko (Gipuzkoa) txirrindulariak azkeneko Giroa izango du aurtengoa, eta egunero dagoen lekutik bere bizipenen kronika egingo du Ez Da Giro! saiorako.

ETB4 kateak, bestalde, etapa bakoitzaren laburpena emango du egunero, 21:00etan.

Euskadi Irratian Plus zerbitzuaren bitartez entzun ahalko da aurten Giroa, hau da, irratiaren webguneko streaming-ean. Joxe Mari Apaolazak zuzenduko du saioa, Jon Altunaren laguntzarekin. Iritzi emaile lanetan Mikel Astarloza, Txomin Perurena eta Eugenio Goikoetxea arituko dira.

ETBk Frantziako Tourra ere emango du aurten, baina Urkiolak zail ikusten du Ez Da Giro!-ren tankerako saio bat egitea. «Tourraren eskubideak askok dauzkate, eta ez du Giroaren balio erantsirik izango».

Gaur pilota, ETB2n

Arratsalde berezia izango da gaurkoa ETBn: izan ere, Giroko erlojupekoa ETB1en 16:35etik 20:30era emango dutenez, larunbateko pilota jaialdia ETB2n emitituko dute. Euskara hutsean izango da emankizuna; ETBko iturrien arabera, salbuespena izango da pilota ETB2n emititzea. Arratsalde berean, beste kirol emankizun bat emango du ETB4 kateak: El Salvador-Ampo Ordizia errugbi partida (Espainiako Ohorezko Mailako Ligako finalerdietako lehia).

ETB1ek, bestalde, Reala-Atletico Madril Espainiako Kopako finalaren laburpena emango du, 23:30etik 23:45era. Lehia hori Tele5k emango du zuzenean, 20:30ean. Era berean, BERRIAko Ainara Arratibel kazetaria eta Lara Madinabeitia bideogilea Granadan (Espainia) izango dira gaur, Realeko jarraitzaileek finala nola bizi duten bertatik bertara kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.