Artisauen artezia berezia

Ez du berdin balio milaka klon dituen pieza batek edo unibertsoan bakarra denak. Artisautzaren bertutea bide da. Lau artisau hauen obrak usaiaz kanpokoak dira, kontzeptuagatik eta teknikagatik. Ez dute pieza bera bi aldiz sortzen. Aldez edo moldez, osagarri krisira egokitzen ari dira

KURUNKUN.
Ainize Madariaga
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Kurunkun

«Ate bat dira haurren alderdi emozionala lantzeko»

Azoka batean promenatzen denak ezin dio hutsik egin neholako ahalkerik gabe ibiltariari so egiten dionari: begiek gainera kasik jauzi egiten baitiote. Laguntasun panpinifikatua da eskaintzen duena. Adiskideak imanaren printzipio beraz lotzen zaizkio Kurunkun laborategian sortu diren txotxongiloei. Iltzarbeko (Ollaran, Nafarroa) kreatura horiek ez dira jostailu hutsak. Danel Iñurritegi haien aita da: «Ateakdira haurrek beraien alderdi emozionala lantzeko. Txotxongiloen bidez beraien burua adieraz dezakete askatasun osoz, beraien baitako dena ateratzen dute».

Eskuak gorputz bilakatzen dituzten pertsonaiak, eta eskuek norbait egiten dituzten izaki ezin koloretsuago horiek nahasezinak dira. Horregatik kasik izendaezinak dira, non ez den animalia itxuragatik: sagua, lehoia, otsoa edo zakurra. Izan ere, basapiztia horiek etxekotzen kausituko du eskuratzen duenak izen bat asmatuz: «Ez dute izenik, haurrei uzten baitiegu hori egiten. Azoketan etengabe harremanetan gaude haurrekin. Ez dugu arazorik hunki ditzaten, beti sortzen da jolas bat haiekin: 'Izenik jarriko diezu?'». Preseski, garai hauek ez direnez hunkipenarendako espantu egitekoak,txotxongiloak begiez baizik ezin daitezke ferekatu: «Feria hauek gogorrak egiten zaizkigu, haurrek ezin baitituzte hunkitu!». Kasurik hoberenean azokak egin daitezkeelarik. Ez baita toki guzietan hala. Eman dezagun, Iruñekoan parte hartzeari uko egin zioten Iñurritegi eta Izaskun Robledo bikote sortzaileak: «1.200 euro ordaindu beharrak ziren bai ala bai, jakin gabe egoerak nora joko zuen. Egoera oso zaila da, benetan. Denak ostalaritzari begira daude, baina gu ere autonomoak gara; ez existitzearen sentsazioa dugu». Horiek hala, Iltzarbeko lastozko etxe txokoko txotxongiloek bide birtuala abiatu dute, orotarat bi merkatutan baizik ezin izan baitira egon: usaiakoen %10.

Dena den, haien sortze tasak gora baizik ez du egiten, familia ausarki emendatuz, urte guziez pertsonaia berri bat erditzen baitute. Itxialdiak beraien buruarekin zuten zorra kitatzen lagundu die: txotxongilo irritsuak ekologikoki ekoizten hasi baitira Robledo eta Iñurritegi. Haiekin harremanetan sartzeko: bixitxurti@gmail.com.

Igor Obeso Agirre

«Beira puztuaren teknika dut gehien erabiltzen»

Piztua den lanpak argia baino gehiago ematen du, murruetara proiektatzen baitu Joseba Sarrionandiaren poema iragankor hau, zeina etengailuari sakatuz gero ilunpearen altzora itzuliko baita: Leihoaz lekora, euria, tantaka. Euri tantak hiriko teilatu, harlausa ta kristalen aurka eroriz suizidatzen. Lanpa olerkiduna. Beiragilearen eskuak kristalaz bertzaldetik dira mintzo; pieza bakoitza bakarra da, eta Igor Obeso Agirreren hatsa dute arnasa: «22 urte dira beiraren munduan nabilela. Teknika desberdinetatik gehien erabiltzen dudana beira puztuarena da». Ainhoan (Lapurdi) zuen ofizioa ikasi, bi urtez. Piezak ez dira nehor ohartu gabe iragaten, deigarriak baitira Iruneko (Gipuzkoa) atelierretik jalgitzen diren obrak, usaiaz kanpokoak baitira. Xabier Leteren Izarren hautsa beirazko idi bihotzetan banatua du bertze pieza batean. Bere sorkuntzez gain, lan manatuak ere burutzen ditu. Itsas fruituak sailean, konparazione, itsasoak leundu enbor eta adarrek dute manatzen, Obesok haien gainean ufatzen baitu beira zuzenean. Itsasoak hain luzaz bilintzi-balantza ibili ondoren, kaleteako eskaintzek deliberatuko dute beraz zer kolore eta forma beztituko dien beiragileak. Haien zortea behin betiko feirosa bilakatuko da. Ondotik doa erabilpenaren galerietan barrena, galdera pragmatikoa planteatuz: paisaia apaintzeaz gain, zertarako balioko du kreazioak? Lanpa izateko? Egurra moldatuko du orduan. Intsektuen familia koloretsuaren kasuan, berriz, binperrez du lan egiten: lehenik puzten baitu beirazko zomorro koloretsua, eta ondotik dizkio egokitzen burdina edota zura, zutik egoteko gisan.

Osagarri krisia «izorraldia» dela azpimarratu du, nahiz eta lana baduen, elkarlanean ari baita mundu osoko artistekin: «Haien sorkuntzak, izan marrazki edo eskultura, beirazkoak egiten ditut. Bestela, azoketan egin ohi ditudan demostrazioak desagertu dira, bertako bezeroak bezalaxe». Uroski, sareak ematen dio bere lanaren berri, hauta handia baitu: www.argiabadago.com.

Charlotte Bourrus

«Nik asmatu errezeta da, eta patentatu dut»

Hiri bat, herri bat edo bizitza bat esku artean ukaiteak ardura handia eskatzen du. Charlotte Bourrus artista gai da bizitza oso bat edo megalopoli bat altxatzeko, izan Abidjan edo Euskal Herria, berdin Berlin, Namibia edo New York: «Ene obren DNA mapa geografikoak dira. Egia da globo horiek dutela toki guzia hartzen ene proiektuan, baina markendako erakusleihoak eta mapak ere egiten ditut». Horien muntatzeko informazioa iruditan biltzen du lehenik: zinema, artea, tradizioa, pertsonaiak, musika, populuak... bolumenean irudi collagea egiteko. Liburu, entziklopedia, aldizkari, webgune edo bere bidaietatik arrantzatzen ditu paperezko irudiak oro: «Irudien perspektibari esker, istorioak ditut kontatzen. Poesia da emaitza. Denak dira ezberdinak. Nik asmatu errezeta da; dena ene baitatik jalgitzen zait eta patentatu dut, piezen muntaketak bere konplikazioa baitu». Tokiak ezaugarritzen dituen gisa berean, jendeen bizipenak ere egin ditzake: «Lan manatuak ez ditut nihaurek baizik egiten, ezteien karietara, konparazione».

Munduko bazter frankotakoak baditu eginik, etxekoa ere bai: Miarritze (Lapurdi) zein Euskal Herrikoa. Goiz guziez atelierrerat joateko jaikitzen delarik, Larhun mendia du bisean bis, horregatik lehen planoan du ezarri, gero landaredia, herriak eta kosta ditu txandakatu: «Migratzailea naizenez, momentuz, naifa da egin dudan globoa. Irla bat bezala ikusten dut munduko tokirik ederrena den hau. Baina baliteke aldatzea: politikoagoa eta engaiatuagoa izan daiteke ondoko urtean eginen dudana, nola gerta. Egoera ikusirik, kontakizun alaia egin nahi dut, beharrezkoa baita».

Preseski, pandemiak ekarri duen inarrosaldi globalari ongi egin dio aitzi: «Tipi garenez, ez gara nehoren menpeko; beraz, kausitu dugu ongi pilotatzen garai konplikatu hauetan. Internet bidezko salmenta hazi zaigu ongi». Hiru emazte langile ditu urte osoan, eta Eguberri kari, orotara, hamar bat aritzen dira eskaerak asetzeko: www.charlotte bourrus.com.

Ana Herrero Infante

«Badut gogoa nire oihalak eskuz pintatzeko»

Edukia oraino haboro eder dezake formak: zer plazer handiagorik eskuen artean hunkipena eta ikusmena loriatzen duen liburu bat ukaitea baino? Etzana den orri meta manta atseginez estaltzen du Ana Herrero Infantesek Amurrioko (Araba) Bai Ba! dendan. Afizioz abiatu zuena ofizio bilakatu zitzaion poxika-poxika, artisau azoketan parte hartuz liburu-koadernaketak salduz: berritik nahiz zaharberritzetik. Bere sorkuntzak baizik egiten ez bazituen ere, oraingo egunean lan manatuak ditu oroz gainetik: argazki albumak, errezeta liburuak, sortze, jaunartze edo ezteien karietara, oihalez, paperez, larruz edo zurez. Hiru koadernaketa mota ibiltzen ditu: jostura japoniarrak josturak bistan ditu; Copta teknika Egiptoko biblia koadernatzeko baliatu zen, bizkarra agerian; eta, azkenik, bizkarra tapaturik: «Nik hirurak baliatzen ditut. Erdi aroko maneran ere bai: larruzko tapakia hari batez estekatuz. Oihalak AEBetatik ekartzen ditut urtean behin, ez baitut nire gustukorik hemen aurkitzen. Baina badut gogoa eskuz nire oihalak pintatzen hasteko. Papera baino garestiagoa bada ere, iraunkorragoa eta goxoagoa baita oihala». Hori du proiektua Herrerok, bere baitatik jalgitzen zaizkion marrazkiz ilustratzea koadernatzeko baliatuko dituen oihalak: liliz eta emakumez. Arabako diputazioarekin abiatu zen proiektua ez zen bururaino heldu, baina balio izan du ideia akuilatzeko: eskualdea ezaugarritzen duen pieza sortzea.

Hala, Bai Ba! liburu dendak 3 metroko mahaia aterpetzen du, eskulan tailerren egiteko, ez oraindik euskaraz, belarriprest baita: «Batez ere haurrentzako koadernaketa, collage edo akordeoi gisako liburuak sortzeko. Baina orain dena paralizatua dago». Bere burua ez dakusa okerrenetan; lehen %100 artisautzan ari zenez, azokak hil ala bizikoak zitzaizkion, baina, denda duenez, gutiago eragin dio. Urrikari ditu lankideak: «Gasteizko Eguberriko azoka ezeztatu dute, ez dakit zergatik. Artisau hutsa nintzelarik, nire diru sartzeen erdia bertatik lortzen nuen». Informazio gehiago: www.encuadernacionartesanal.es.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.