Katalunia

Kartzela Forcadelli, bermearekin

Parlamentuko mahaiko presidenteak 150.000 euro ordaindu beharko ditu aske gelditzeko. Lau kide libre utzi ditu 25.000 euroko bermearekin; Nuet, aske, neurririk gabe

Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Kataluniako Gobernuko kontseilarienarekin alderatuta, beste estrategia bat erabili zuten, atzo, Auzitegi Gorenera deklaratzera joan ziren Kataluniako Parlamentuko Mahaiko sei kideek —joan den ostegunean ziren deklaratzekoak, baina defentsa prestatzeko astebeteko atzerapena onartu zien Pablo LlarenaAuzitegi Goreneko instrukzio epaileak—, akusazioaren galderei ere erantzun zietelako. Hedabide batzuek iturri judizialak aipatuz argitaratu zutenez, sei ikertuek adierazi zuten urriaren 27an Kataluniako Parlamentuan egindako independentzia aldarrikapena «sinbolikoa» eta «politikoa» izan zela. Eta epaileak autoan jaso du konstituzioaren barruan jarduteko hitza eman dutela. Hala, deklarazioaren ondoren, fiskalek eskatu zuten baldintzarik gabeko espetxe zigorra seietako laurentzat. Baina epaileak ez zuen eskaera guztiz aintzat hartu, eta deliberatu zuen Carme Forcadell mahaiko presidentea espetxeratzea, 150.000 euroko bermepean; eta Lluis Gino mahaiko presidenteordea, Lluis Corominas lehen presidenteordea, Anna Simo lehen idazkaria eta Ramona Barrufet laugarren idazkaria aske geratu dira, baina 25.000 euroko bermea ordaindu beharko dute. Joan Josep Nuet hirugarren idazkaria behin-behinean aske utzi du, bermerik gabe.

Bermea ordaintzen baldin badute, den-denei kautelazko neurri berdinak ezarriko dizkiete: pasaportea kenduko diete, Espainiako Estatutik ateratzea debekatuko diete, eta astero gertuen duten epaitegira agertu beharko dute. ANC Biltzar Nazional Katalanak jakinarazi du kanpaina bat jarri duela martxan, bermeak ordaindu ahal izateko dirua biltzeko asmoarekin.

Filtratutako informazioaren arabera, Barrufetek galdeketan adierazi zuen urriaren 1eko erreferendumak ez zuela bermerik, prozesu subiranista «itun politikotik» soilik bidera daitekeela, eta ez duela aldebakarreko bidearekin bat egiten. Horren ondoren, eta fiskalek beren eskaera eginda, hitza hartzeko aukera eman zien berriro epaileak, eta Simok, Ginok, Forcadellek eta Corominasek baliatu egin zuten azkeneko aukera hori.

Estrategia aldaketa

Espainiako zenbait komunikabidek azken bi egunetan iturri judizialak aipatuta kaleratutako informazioen arabera, kartzelan dauden Kataluniako Gobernuko kontseilarien egoera «aztertuko» luke Espainiako Fiskaltza Nagusiak, baldin eta espetxeratuek argi adieraziko balute Espainiako Konstituzioari men egiteko asmoa dutela. Forcadellentzat ere espetxeratzeko neurria proposatzen zuen fiskaltzak, kontseilariei bezala matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egotzita. Baina «deklaratutakoaren arabera» zigorra arinagoa izan zitekeen, iturri horiek ziotenez. Pasa den ostegun gauean, kontseilariak espetxeratuak izan eta ordu batzuetara Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak nabarmendu zuen akusazioaren galderei erantzun izan baliete «agian gauzaren bat» alda zitekeela kontseilarien egoeran.

Atzo hain justu, hori bera egin zuten parlamentuko mahaiko kideek. Forcadell bera izan zen deklaratzen aurrenekoa, eta bi ordu eta laurdenez jardun zuen fiskalei azalpenak ematen —Fidel Cadena eta Consuelo Madfrigal goizeko saioan, eta Javier Zaragoza eta Jaime Moreno arratsaldekoan—. Haren inguruko iturriek diotenez, esan zuen beti ahalbidetu duela eztabaida, «emaitzari kalte egin gabe eta edukia kontrolatu gabe», parlamentuaren ekintza eskubidea eta «eztabaida askea» babesteko asmoarekin. Gaineratu zuen parlamentuko mahaiaren, nazioarteko legediaren eta zuzenbide estatuaren printzipioak ez betetzea izango litzatekeela eztabaida parlamentario bat saihestea. Eta iturri horien esanetan, azaldu zuen presidente moduan ezin dituela ez ekimen parlamentarioak «erabat» kontrolatu, ez eta bozketak eragotzi ere.

Joan Josep Nuet mahaiko hirugarren idazkaria izan zen azkena deklaratzen —18:15 inguru zirenean bukatu zuen—. Mahaiko beste kideak ez bezala, bera ez da Junts Pel Sikoa, Catalunya Si que es Potekoa baizik. Nuetek argudiatu zuen, betiere iturri judizialek jakinarazitakoa kontuan hartuta, urriaren 27an ez zuela hauspotu independentzia aldarrikapenaren tramitazioa mahaien; are, haren kontra bozkatu zuela. Fiskaltzak egozten dio, era berean, Erreferendum Legea eta Trantsizio Legea tramitatzearen alde egin izana. Catalunya Si que es Poteko kidearen defentsak mahaiak tramitazio egunetan egindako bileren aktak helarazi zizkion Llarena epaileari. Belgikara joateagatik, Nuetek «arduragabe» deitu zion Carles Puigdemont Katalununiako Gobernuko presidenteari lehengo astean.

Haien abokatuak ondoan zituztela, ikertuak 09:15 inguru zirenean heldu ziren auzitegira. Kanpoan harrera egin zieten, eta txalo jo, PDECateko eta ERCko hainbat ordezkarik. Hala nola, PDECateko bozeramaileek Espainiako kongresuan eta senatuan, Carles Campuzanok eta Josep Lluis Cleriesek; Marta Pascal alderdi horretako koordinatzaile nagusiak eta Teresa Jorda eta Ester Capella ERCko diputatuek. Han izan dira, gainera, Jon Iñarritu EH Bilduko senataria, Albano Dante Fachin Podemeko idazkari nagusi ohia, eta Xavier Domeneche Catalunya en Comuko zerrendaburua izango dena datozen abenduaren 21eko bozetan. Herritarrak ere bildu ziren auzitegiaren sarreran, ehun bat, eta babesa adierazi zieten deklaratzera zihoazenei, «preso politikoak aske», «Madril Kataluniako herriarekin», eta, besteak beste, «ez zaudete bakarrik» oihukatuz.

Kontseilarien kausa

Llarenak, bitartean, Kataluniako Auzitegi Nagusiari eskatu zion, atzo eguerdian, bidal ziezaiola 2016ko urritik parlamentuko mahaiko kideak ikertzen dituen kausaren nondik norakoak. Horretan desobedientzia eta prebarikazioa leporatzen diete, eta Maria Eugenia Alegret magistratuak ikertu ditu. Hala, bi kausak bere gain hartuko ditu Auzitegi Gorenak. Iazko urrian hasi zen ikertzen Alegret, prozesu konstituziogilearen batzordearen ondorioen bozketa ahalbidetu baitzuen mahaiak Kataluniako Parlamentuan. Ikerketapean daude, era berean, Erreferendum Legea, eta Trantsizio Legeari bide emateagatik.

Kontseilarien aurkako kausaren kontrola ere nahi du Gorenak. Haiei ere matxinada, sedizioa eta diru publikoari erabilera okerra ematea egotzi zien fiskaltzak, eta Espainiako komunikabide batzuek iturri judizialak aipatuz kaleratu dutenez, matxinada delitua kolektiboa da, eta ezin dira bereizi ikertuen ekintzak. Halere, gorenak pixkanaka nahi du.

Momentuz, baina, Auzitegi Nazionalaren ardurapean dago Kataluniako Gobernuko kideen kontrako kausa. Horietako zazpi (Raul Romeva, Jordi Turull, Dolors Bassa, Meritxell Borras, Joaquim Forn, Carles Mundo eta Josep Rul) eta Oriol Junqueras presidenteordea baldintzarik gabe kartzelara bidaltzea erabaki zuen Carmen Lamela epaileak pasa den ostegunean, eta han jarraituko dute. Izan ere, epaileak ez ditu onartu kontseilariek eta presidenteordeak aurkeztutako erreforma helegiteak. Junquerasek arrazoitu zuen datorren abenduaren 21eko hauteskundeetaan «politikoki parte hartzeko» eskubidea urratzen ziola espetxean egoteak; eta, gainera, Kataluniako Gobernuak ez duela «inolako ekintza exekutiborik» hasi, Espainiako Gobernuak Katalunian 155. artikulua ezartzea erabaki zuenetik. Lamelak alegatu du, ordea, aske utziz gero alde egin dezaketeela eta delituak errepikatu ditzaketela.

Kartzelatuen defentsak apelazio helegiteak aurkeztu ahal izango ditu orain. Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak eta Jordi Cuixart Omnium Culturalekoak aurkeztu zituzten, baina Lamelak herenegun baliogabetu zituen. Bi elkarte subiranista horietako buruak kartzelatuta dauzkate urriaren 17tik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.