Iraganeko proiektua berreskuratu nahi dute

REE Red Electrica de Españak goi tentsioko linea bat eraiki nahi du Gipuzkoa eta Nafarroa lotzeko, eta parte-hartze prozesu bat abiatu du. Egitasmoaren aurkakoek salatu dute azken hamarkadan hainbatetan jartzen saiatu diren linea bera dela, eta prozesuan ezingo dutela horren beharraz eztabaidatu.
REEk 400 kilovolteko autobide elektrikoa eraiki nahi du, Itsaso (Gipuzkoa) eta Muru Artederreta (Nafarroa) artean.
REEk 400 kilovolteko autobide elektrikoa eraiki nahi du, Itsaso (Gipuzkoa) eta Muru Artederreta (Nafarroa) artean. ALFREDO ALDAI / EFE

Ane Eslava -

2018ko abuztuak 9
Red Electrica de España enpresak (REE) parte-hartze prozesu publiko bat hasi du Gipuzkoa eta Nafarroa lotuko duen goi tentsioko linea eraikitzearen inguruan. Zehazki, Itsasoko (Gipuzkoa) azpiestazioa eta Castejon-Muru Artederretara (Nafarroa) jada iristen den linea lotu nahi ditu. Egitasmoaren aurkakoek salatu dutenez, iaz bertan behera utzi zuten Itsaso-Deikaztelu linearen proiektuaren jarraipena da, eta parte hartze prozesuan ezer gutxi erabaki ahal izango dute. Gainera, ziurtatu dute kalte handiak eragingo dituela ingurumenean eta herritarren osasunean.

Proiektua Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioaren planifikazio elektrikoan sartuta dago; REEk 70 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du. Oraindik zehaztu gabe dago zein izango den linearen ibilbidea, parte hartze prozesuaren bidez erabakiko baita. Aztertze eremuak 2.104,4 kilometro koadro hartzen ditu; tartean Gipuzkoako 42 udalerri eta Nafarroako 77.

Linea elektriko hori eraikitzeko arrazoiei dagokienez, hainbat iritzi daude. Batetik, energiaren ustiapena eta sektorearen garapena aipatu ditu REEk: «Ardatz elektriko berriak ahalbidetuko du iturri berriztagarrietatik datorren energia aprobetxatzea eta sektorea garatzea». Enpresaren hitzetan, egun Orkoien (Nafarroa) eta Itsaso artean dauden linea elektrikoak ez dira nahikoak tokiko premiei aurre egiteko: «200 kilovolteko bi linea baino ez daude tarte horretan, iragan mendearen erdialdean eraikitakoak, eta ez dute ahalmenik egungo beharrizanei erantzuteko».

Goi tentsioko linearen aurka daudenek, berriz, uste dute REEren helburu bakarra «enpresa aberastea» dela, eta ez tokiko energia arazoak konpontzea. Linea horrekin elektrizitatea esportatzeko bide bat sortu nahi dutela uste du Sustrai Eraikuntza fundazioko partaide Martin Zelaiak: «Espainian elektrizitatea sortzeko ahalmen handia dago, eta gehiena ez da erabiltzen. Beraz, soberakinak Europara esportatu behar dituzte, han, toki batzuetan, elektrizitate eskasia dutelako; Frantzian, adibidez».

Bestalde, linea elektriko horrek kalte handiak eragingo dituela ziurtatu dute Autopista Elektrikorik Ez plataformakoek: «Aurreikuspenen arabera, Urbasa-Andia, Aralar eta Aizkorri artetik igaroko da linea», esan du Alberto Frias bozeramaileak. Natura 2000 sarean babestutako eremuak dira. «Zutoinak jartzeko lubakiak egin beharko dituzte basoetan, eta horrek kalte egingo dio landarediari», erantsi du Zelaiak. Hegaztiei egingo zaie kalterik handiena; babestuta dauden batzuei ere bai. Azkenik, gizakien osasunarentzat kaltegarria izango da, linea horiek efektu elektromagnetikoak eragiten dituztelako. Zelaia: «Hain zuzen, linea 400 kilovoltekoa bada, herritarrek gutxienez 400 metrora bizi behar dute, eta REEren proposamenetan ez da hori betetzen».

Halako proiektuak «ganorazko» ikerketa eta baloraziorik egin gabe eraikitzen dituztela salatu du Sustrai Eraikuntzako kideak: «Gauzak pentsatu gabe egiten dituzte, eta gero ondorioak ordaintzen dituzte. Horrelako egitasmoak modu serioagoan planifikatu behar dira».

Iritzia emateko aukerarik ez

Inguru Ingenieria y Gestion Ambiental enpresak antolatu du parte-hartze prozesua, Basoinsa enpresaren laguntzarekin. Maiatzetik batzar irekiak egin dituzte Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herritan, jendearen iritziak eta ekarpenak jasotzeko. «Gure helburua da proiektua modu ofizialean bideratu aurretik etorkizuneko linearen diseinua, tramitazioa eta eraikitze prozedura ezagutaraztea, gardentasuna bermatzeko», azaldu du Raquel Perez arduradunak. Batzar horietan, ordea, jende gutxi agertu da, eta parte hartu dutenek desadostasuna adierazi dute, ez baitago aukerarik linearen beharrari buruz hitz egiteko: soilik ibilbidea dago eztabaidagai.

Maiatzaren 29an, kasurako, Garesen (Nafarroa) egin zuten bilera, eta bertaratutakoak haserre mintzatu ziren. «Nik ez dut esango zer nahiago dudan: linea nire etxearen edo bizilagunarenaren aurretik igarotzea», esan zuen bizilagun batek. «Ez badira gure iritziaren bila hasieratik etorri, ez daitezela orain etorri». Horietako batzuek batzarretik alde egin zuten prozesuaren funtzionamenduaren berri izan zutenean. Antolatzaileek, berriz, erantzun zuten linearen beharrari buruz hitz egitea ez dagoela beraien esku, «aurreragoko fase batean» baitaude: «Hemen ez dugu linearen beharraz eztabaidatuko, hori jada erabakita baitago 2015-2020ko Energia Plangintzan». Edonola ere, ziurtatu zuten herritarren haserrea eta eskakizunak aintzat hartuko dituztela prozesuaren balorazioa egitean.

Aurrekari ugari

Prozesuaren lehen fasea amaitu ondoren, proiektuaren tramitazio ofiziala gauzatuko dute. Hainbat ibilbide aurkeztuko dituzte, baita ingurumen eraginaren txostena ere. Zelaiak ohartarazi du prozesuaren helburu bakarra dela enpresaren «aurpegia zuritzea»: «Energia planean autobide elektriko hori egin behar zela zehaztu zuten, eta nola edo hala egingo dute».

«Orain dela urtebete, goi tentsioko linearen proiektua alde batera utzi zutela ospatu genuen. REEk, ordea, kaltetuak errespetatu gabe, egitasmoa hirugarren aldiz jarri nahi du martxan orain». Alberto Friasen hitzak dira. REEk egin nahi duen linea hori 2007tik eraiki nahian dabiltzan proiektu bera dela uste du hark. Izan ere, urte hartan REEk Gasteiz eta Castejon-Muru Artederretako linea lotzeko proiektua abiatu zuen, eta, hiru urteren ostean, bertan behera utzi zuen, «ingurumen eraginagatik eta gizartea aurka zegoelako». Ondoren, 2011n, proiektu horren bigarren bertsioa aurkeztu zuten, Itsaso eta Deikaztelu artekoa. Hori ere alde batera utzi zuten iazko apirilean.

Herritarren gaitzespena ezinbestekoa izan zen Itsaso-Deikazteluko linea atzera botatzeko: Autopista Elektrikorik Ez plataformak bultzatuta, proiektuaren aurkako 14.000 helegite ezarri zituzten, eta 208 udal eta kontzejuk aurkako mozioak onartu zituzten. Horrez gain, herri galdeketa ugari eta hainbat martxa antolatu zituzten. Hori dela eta, Zelaiak eta Friasek azpimarratu dute oraingoan ere «oso garrantzitsua» izango dela jendea mobilizatzea.

Instituzioen jarrerari dagokionez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak beren lana «gero eta isolatuago» egiten dutela salatu du Sustrai Eraikuntzako kideak, eta AHTaren auziarekin parekatu du: «Nafarroako Gobernuak parte-hartze planak eta antzeko dinamikak egiten ditu, eta ez dute ezertarako balio». REEk abiarazi nahi duen proiektua ere babestuko dutela uste du, «interesak» daudelako: «Honen atzean enpresa asko daude, baita gobernuak ere». Autopista Elektrikorik Ez-eko kideek, berriz, tokian tokiko instituzioen alde jar daitezela eskatu die gobernuei, «ez enpresa elektrikoen monopolioaren alde».

Bestalde, goi tentsioko linearen aurka daudenen iritziz, badira alternatibak tokiko energia beharrizanak betetzeko, halako linea elektrikoetara jo behar izan gabe. Zelaiak uste du egin beharreko lehenengo urratsa dela sistema elektrikoa aztertzea: «Behar dugun baino askoz energia gehiago gastatzen dugu, batez ere herrialde garatuetan; ezin dugu horrela jarraitu». Benetan beharrezkoa den energia gastua aztertzea proposatu du, eta ondoren muga bat ezartzea. «Muga hori jarrita, ikertu beharko da nondik atera daitekeen energia hori». Edonola ere, biderik egokiena autokontsumoa eta autoprodukzioa litzateke, haren irudiko: «Bide hori hartuko bagenu, seguruenik ikusiko genuke nahikoa dugula proiektu txiki eta deslokalizatuekin, eskualdeetan eta herrietan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna