Katalunia

Clara Ponsati aske utzi du Eskoziak, kautelazko neurriak jarrita

Pasaportea kendu diote. Apirilaren 12an edo 18an deklaratuko du berriro. Suitzak esan du ez duela Anna Gabriel CUPekoa estraditatuko

Clara Ponsati, atzo, Edinburgoko auzitegi batean deklaratu ondoren, alboan Aamer Anwar haren abokatua duela. ROBERT PERRY / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Atzo, Edinburgoko auzitegi batek Clara Ponsati galdekatu zuen, eta aske uztea erabaki du. Kautelazko neurriak ezarri dizkio Kataluniako Gobernuko Irakaskuntza kontseilari ohiari, eta pasaportea kendu dio. Kataluniako prozesu subiranistaren harira, auzipetuari matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra delituak leporatu dizkiote, eta Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontrako euroagindua ezarri zuen joan den ostiralean. Eskoziako justiziak aurrerago erabakiko du estradizioaz: Ponsati apirilaren 12an edo 18an da berriro deklaratzekoa.

Haren abokatuak, Aamer Anwarrek, esana zuen Ponsati justiziari laguntzeko prest zegoela, eta kontseilari ohiak 11:30ean jo zuen komisaria batera. Arratsaldean deklaratu zuen. Anwarrek jakinarazi zuen argudiatu zuela Espainian ez duela epaiketa justurik edukiko, eta bere ideia politikoengatik ari dela jazarria izaten. Ponsati Belgikara erbesteratu zen pasa den urri bukaeran, eta Eskozian zegoen martxo hasieratik, Saint Andrewsko unibertsitatean eskolak ematen.

SNP alderdia dago boterean Eskozian, eta Kataluniako indar subiranisten asmoak sostengatu izan ditu, autodeterminazio prozesua babestuz. Ponsatiren kontrako euroagindua dela eta, Espainiako Gobernuak han duen enbaxadoreari kexatu zaio, eta, gainera, kontseilari ohiaren egoera salatu du Europako Kontseiluan. Nicola Sturgeon lehen ministroa Espainiako Estatuak hartutako erabakiaren aurka dago, baina adierazi du errespetatu egingo duela justiziak erabakitakoa.

Bestalde, Suitzako justiziak Espainiako agintariei jakinarazi die ez duela tramitatuko Anna Gabrielen kontrako euroagindua, leporatzen dioten delitua «politikoa» iruditzen zaiolako.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.