Merkataritza gerra. AEBen eta Txinaren arteko muga zergak

Soja, karga Trumpentzat

Soja lekalea merkataritza gerraren erdigunean jarri dute Txinaren muga zergek. Trumpek 10.200 milioiren laguntzak iragarri ditu AEBetako laborariak baretzeko.
Zamaketariak, soja alez betetako zakuak deskargatzen. Martxoan Txinako Nantongeko portuan hartutako irudia.
Zamaketariak, soja alez betetako zakuak deskargatzen. Martxoan Txinako Nantongeko portuan hartutako irudia. XU CONGJUN / EFE

Irune Lasa -

2018ko uztailak 26
Mendebaldean ia inor jabetu ez bazen ere, joan den uztailaren 5ean munduaren zati handi bat Itsaso Horira begira zegoen. Txinatarrak ziren. Peak Pegasus kargaontziaren ibilbideari jarraika zebiltzan, haren berri mapa urdin batean ematen zuen itsas trafikoko webgunean. Weibon eta antzeko sare sozialetan hainbat orduz ibili zen kontua, bolo-bolo. Iritsiko ote zen garaiz Daliango portura sojaz betetako ontzia?

Ekainaren 18an Seattletik (AEB) abiatutako ontziak uztailaren 6ko eguerdia baino lehen iritsi behar zuen Txinara, bestela herrialde horretako gobernuak ezarritako %25eko muga zerga ordaindu beharko baitzuten garraiatzen ari ziren lekaleagatik.

Sare sozialetan maiz gertatzen den moduan, umorea ere agertu zen kargaontziaren kontura. «Soja aletxo gaixoak, ernatzea hobe duzue; agian, hori ez dago muga zergen zerrendan». Umorearen atzean, dena den, antzematen zen txinatarren haserrea.

Uztailaren 6ko eguerdian ziren indarrean sartzekoak Txinako Gobernuak AEBetako hainbat ondasuni jarritako muga zergak. Donald Trumpek Txinako hainbat ondasuni tarifak ezartzerakoan piztutako merkataritza gerran Asiako herrialdearen lehen erantzuna zen berak ere AEBetako esportazioei ezarritako muga zerga.

Gudu hori jada bigarren batailan dago, orduz geroztik Trumpek muga zerga gehiago iragarri baititu, eta Txinak erantzungo duela esan baitu. Baina lehen gudaldi haren galerak jada hasiak dira igartzen AEBetan.

Tarifen aurreko igoera

Egia da AEBetako sojaren eskaria hazi egin dela azken hilabeteetan. Maiatzean, iazko hil berean esportatu zuena halako bi saldu zuten AEBek kanpora. Baina ekoizle estatubatuarrek badakite horren arrazoia: inportatzaileek bazekitela muga zergak zetozela eta lekalea biltegiratzea erabaki zutela. Hots, maiatzeko eta ekaineko salmenta goraldia behin-behinekoa dela.

Egia da, era berean, urte sasoi honetan soja ontziratze gehien-gehienak Brasilgoak izaten direla, eta AEBek urritik aurrera hartzen dutela txanda, urtarrileraino, behin uzta garaia pasatu denean. Horiek horrela, teorian, oraindik ikusteko legoke Txinaren muga zergek AEBetako soja esportazioei zehazki nola eragingo dieten. Baina, zantzu guztien arabera, ezer onik ez dator AEBetako soja ekoizleentzat.

Udazkenerako soja kontratuak lotzen sasoi honetan hasten dira agentziak, nekazariek lekalea erein aurretik, eta kontratugileak jada ikusten ari dira nola ari diren erortzen Txinako eskariak. Garai honetarako, iaz, Txinatik zetozen kontratuen %60, eta gaur egun %17 dira, Reutersen arabera.

Gero eta urduriago daude Illinois, Iowa, Nebraska, Ipar Dakota eta hainbat estatutako soja ekoizleak. Hemezortzi estatutan hazten da AEBetako sojaren %96, eta horietatik bik izan ezik —Illinoisek eta Minessotak— Trumpen alde egin zuten hauteskundeetan.

«Beti nekazariak buruan»

Amerikako Soja Elkarteko presidenteak, Iowako John Heisdorfferrek, ekoizle estatubatuarren kezka argi erakutsi dio Etxe Zuriari: «Matematika errazak dira: soja esportazioei %25eko zergak jarrita, kaltea oso serioa da nekazari estatubatuarrentzat». AEBetako Kongresura ere jo dute ekoizleek senatariei merkataritza gerrari muga jartzeko eskatzeko.

Bozkatzaileen oihartzunen bat iritsi zaio Trumpi. Nekazariak Twitterreko txio batean aipatzeko tartea hartu zuen uztail hasieran Europako bira gorabeheratsuan: «Bruselan nago, baina beti gure nekazariak buruan», esan zuen Trumpek, Obamaren garaian sojaren prezioa erori zela esanez. «Beste herrialdetako muga zergek kalte egin izan diete gure nekazariei. Nik gauzak hobetuko ditut, baina ezin naiz azkarregi ibili. Gure nekazarientzat joko zelai hobeak lortzeko ari naiz borrokan, eta irabaziko dut».

Baina, irabazi bitartean, iragarri du 10.200 milioi euro erabiliko dituela AEBetako laborariak laguntzeko —ez soilik soja ekoizleak, baita txerri eta behi haragiarenak eta frutarenak ere—. Berak hasitako gerra komertzialak sektoreari eragindako kalteak arintzeko lehen neurria da.

Izan ere, AEBetako soja tonaren prezioak beherantz hasi dira dagoeneko. Brasil bera ere aztertzen ari da AEBetako soja merkea inportatzea barne kontsumorako, berea Txinari garestiago saltzen dion bitartean. Prezioak beherantz doazela eta merkatuak galtzen ari direla ikusten dute ekoizleek.

Edonola ere, Txinak urtero 100 milioi tona metriko inportatu behar ditu. Orain arte, AEBetatik 35 milioi tona metriko inportatzen zituen, eta, beraz, Brasilek eta beste herrialdeek euren esportazio ahalmena handitu artean edota merkataritza gerra apaldu artean, txinatarrek ia ezinbestekoa izango dute AEBetako soja kopuru bat erostea, garestiago, %25eko muga zergaren ondorioz.

Baldintza horietan —%25eko muga zergarekin— deskargatu zituzten Daliango portuan Peak Pegasus-ek zekartzan 70.000 soja tonak, AEBetatik zetorren kargaontzia arratsaldeko bostetan iritsi baitzen, berandu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna