Maravillas gaztetxea

Urtarrilaren 19an manifestazioa eginen dute Iruñean, hustea salatzeko

Eraikina baino, gaztetxearen proiektua dela garrantzitsua azaldu du Maravillaseko batzarrak. Salatu dute poliziek 50 zauritu eragin dituztela
Espainiako Polizia, atzo, gaztetxeko kideei bidea ixten. Iluntzean pilotakadaz eta borraz oldartu ziren poliziak manifestarien aurka.
Espainiako Polizia, atzo, gaztetxeko kideei bidea ixten. Iluntzean pilotakadaz eta borraz oldartu ziren poliziak manifestarien aurka. IÑIGO URIZ / FOKU

Ainhoa Larretxea -

2019ko urtarrilak 10
Maravillas gaztetxearen aldeko aldarria Iruñeko Alde Zahar osoan adituko da hilaren 19an, Gaztetxeko Asanbladak antolatutako manifestazioan. Nafarroako Gobernuak gaztetxea hustu eta zigilatu izana salatuko dute mobilizazio horretan. 17:00etan abiatuko da protesta, Udaletxe plazatik.

Gaztetxeko kideek atzo deitu zuten manifestazio horretara, Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak gertutik zaindutako agerraldi batean. Poliziek Nabarreria plazarako sarbidea galarazten zutenez, gazteek San Jose plazan egin behar izan zituzten adierazpenak. Astearte goizeko nahiz iluntzeko polizien oldarraldietan zauritutako pertsonen argazkiak ere erakutsi zituzten, «Nafarroako Gobernuak emandako bertsioa gezurtatzeko» xedez: «Foruzaingoaren nahiz Espainiako Poliziaren kolpeek 50 zauritu eragin zituzten, eta batzuk ospitalean daude. Horrek frogatzen du [Nafarroako Gobernua] zenbateraino den gai gezurra esateko bere interesak babeste aldera. Ez al zen ikuskatze tekniko soil bat? Zertarako etorri ziren kopetaraino armatuta? Kontua ez al zen, bada, segurtasuna bermatzea?», galdetu zuten.

Gazteek ziurtatu zuten inoiz ez dela arriskuan egon eraikinaren nahiz pertsonen segurtasuna, eta gaztetxeak ez diola kalterik eragin auzoari: «Aitzitik, Nafarroako Gobernuak hiltzen utzitako eraikin bat berpiztu genuen». Gaineratu zuten «elkarrizketarako prest» egon direla beti, eta gobernuari egotzi zioten egoeraren erantzukizuna: «Teknikariekin eraikinaren egoeraz eta obrez hitz egiteko prest azaldu gara beti. Hamaika eskaintza egin ditugu egoera juridikoa aztertzeko, eta guztiei muzin egin die gobernuak». Zehaztu zuten Maravillas gaztetxearen etorkizunak ez duela zertan Rozalejoko jauregiari lotuta egon: «Garrantzitsuena gaztetxearen proiektua da, eraikin zehatz baten gainetik».

Agerraldiaren ostean, AZ Ekimena Alde Zaharreko bizilagunen elkartearekin batera, salda beroa banatu zuten bertan bildutakoen artean, eta kalejira egin zuten gaztetxearen inguruko karriketan. Kalejiran zebiltzala, 20:00etan, poliziak berriro oldartu zitzaizkien. Plazaberri agerkari digitaleko kazetari bat ere kolpatu zuten, eta balkoietara pilotak jaurtitzen ere grabatu zuten foruzain bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna