Jaurlaritzarena da gaurtik Arabatik Burgosera arteko AP-1en zatia

Edurne Begiristain -

2018ko abenduak 5
Transferentzien Batzorde Mistoak bilera egin zuen joan den azaroaren 20an, eta, han, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek akordiorako oinarri bat lortu zuten bi eskumenen inguruan; horren arabera, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko ziren ArmiƱon (Araba) eta Burgos (Espainia) arteko AP-1 errepidearen zatia (sei kilometro) eta bi trenbide: Basurtutik Arizerakoa (7,8 kilometro) eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo artekoa (5,7 kilometro). Bada, AP-1en zatiari dagokion eskumena gaurtik aurrera geratuko da behin betiko Eusko Jaurlaritzaren esku, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean. Bi trenbideei dagokien eskumena, berriz, datorren astean geratuko da Jaurlaritzaren esku.

Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez, hemendik aurrera Kupotik deskontatuko du eskumen horren kopurua. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko 4.613.380 euroetatik %6,24 deskontatuko du transferentzia horrengatik, urtero. Hau da, 287.875 euro.

Aurki Arabaren esku

AP-1 autobidearen zati hori Itinere izeneko enpresak kudeatu du orain arte. 84,3 kilometro ditu, eta horietatik ia sei kilometro Araban daude. Espainiako Gobernua da azpiegituraren jabe egun, baina gaurtik aurrera, transferentzia eskualdatuta egongo denez, Arabako Foru Aldundiaren errepide sarearen barruan sartuko da zati hori ere. Jaurlaritzak 2019ko lehen seihilekoan utziko du Arabako Diputazioaren esku errepide zati horren kudeaketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna