DARWIN ETA GU

Kolpistak eta faxistak

Jose Mari Pastor -

2018ko azaroak 24
Joan Tardak «faxista» deitu dio Albert Riverari Espainiako Kongresuan, eta eskandalua piztu da. Hedabide ofizialisten arabera, Tardak hasi du liskarra. Eta gero, Rufianek. Badirudi iskanbila gertatu arte bakea zela nagusi. Ez. Eskuinak urtebete darama subiranistak iraintzen, «kolpistak» deituz, baina hori ez zen errespetu falta, antza. Rivera «faxista» izendatzea, bai.

ERCko diputatua nekatuta dago, nazkatuta, eskuindarrek «kolpistak» deitzen dietelako, behin eta berriz, Kataluniako prozesua bultzatu zutenei. Lehertu egin da Tarda. «Zuk guri kolpista deitzen diguzun guztietan guk faxista deituko dizugu», esan dio Ciudadanoseko buruari.

Lengoaiaren perbertsioa. Independentisten aurka kolpista hitza lehen aldiz entzun nuenean harritu egin nintzen, iraina, gehienetan, eskuinaren aulkietatik zetorrelako. Benetako estatu kolpe eta gerra odoltsu baten ondorioz ezarritako diktaduran agindu zutenen oinordeko ideologikoen aldetik zetorrelako, alegia. Pertsona horiek kolpista hitza zabaltzen ari dira orain. Zer espero dezakegu aho txikiarekin Franco kolpista laudatu edo zuritu arren —jokaera horren adibideak azaltzen dira tarteka sare sozialetan, haien alkate edo zinegotzien esanekin— aurkari politikoak izendatzeko nazi hitza erabiltzen duen jendearengandik?

Hori Espainian baizik ez da gertatzen. Monarkiak Francori esker berreskuratu zuen boterea. Inoiz ez dute haren etorkizuna herritarrek erabakitzea onartu. Trantsizioan zegoen aukera, baina alferrik. Javier Perez Royok Catalunya Radio hedabideari azaldu dio garai horietako gertakari garrantzitsua: Espainiako Alderdi Komunistaren komite zentralaren bilera, Santiago Carrillo bertan zela —Perez Royok ez du gogoratzen PCEko buruak ileordea jantzia ote zuen, kamuflaje moduan—. Ezustean, Suarezen deia jaso zuen Carrillok. Ordu eta erdi luzez mintzatu ziren telefonoz. Politikari komunistak gelara itzuli, eta hauxe azaldu zien alderdikideei: «Suarezek esan du monarkia ez dela auzitan jarri behar. Monarkia, edo...». Diktadura 1936ko kolpearen bidez ezarri zuten militarrek inposatu zuten monarkia beste kolpe baten mehatxuaren bidez, 40 urte geroago. Eta orain kolpistak besteak dira, bortxaren zeharkako abisuaz saldu eta besterik ezean onartutako konstituzioak ukatzen dien eskubidea aldarrikatzeagatik.

Tristeena politikari neoliberal arlo batzuetan progresisten jarrera da. Carmen Calvo presidenteordea ez da lotsagorritu, Espainia munduko hogei demokrazia onenen artean dagoela esan duenean. Kataluniatik gogorarazi diote Espainia munduko demokrazia bakarra dela diktadura batetik irten eta erregimenaren arduradunei ezertxo ere gertatu ez zaiena. Zigortu ez; epaiketa sinbolikorik ere ez. Kontrakoa: haien «eskuzabaltasuna» txalotu dute. Espainia dugu hobi komun kopuru handiena duen herrialdea, Kanbodiaren ondoren. Sarraski horien arduradunei ez zieten konturik eskatu, ordea. Calvok beste ahokada bat bota zuen preso politiko katalanei buruz, azaroaren 6an: «Delituak egin dituztelako daude preso». Hori marka. Epaitu aurretik errudun. Zeinen ondo dagoen botere banaketa munduko demokrazia onenen erresuma espainiarrean.

Eta bitartean, diktadorearen gorpua dugu hizpide. Haren familia oihu batean, hura Erorien Haranetik ateratzea profanazioa balitz moduan. Eskerrak ez dugun haien birraitonaren moduan jokatzen. Zeren, diktadoreak egin zuen bezala egingo bagenu, Kanbodiakoak bezalako hobi komun batera botako baikenuke haren gorpua, bide bazterreko txakurren pare. Eta hau esango genieke: hasi zaitezte haren hezurrak bilatzen. 80 urte dituzue, berak hildako herritarren senideek haien gorpuak aurkitzeko behar izan duten denbora, hain zuzen. Eta haiek bila eta bila ari diren bitartean guk barre egingo genuke euren kontura, Casadok eta bestek gerrako hobi komunetan lurperatutakoen senideekin egin duten legez: protagonismoa nahi dutela, diru-goseak jota daudela eta abar. Kolpistak. Faxistak. Kolpistak eta faxistak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna