Poliziaren Biktimen Legea moldatuko du laukoak, trabak saihesteko

jon olano
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Eskuin muturreko taldeek eta segurtasun indarrek eragindako indarkeriaren biktimen Nafarroako legea berridazteko asmoa du laukoak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arau hori uztailean baliorik gabe utzi eta gero, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak uste dute auzitegiaren epaiaren funtsa «teknikoa bainoago politikoa» izan zela, eta indargabetutako legeari ñabardura «semantikoak» egin nahi dizkiote orain, etorkizunean oztoporik izan ez dezan auzitegietan. Ñabardura horietako baten asmoa izango da «egiarako eskubidearen» eta «zuzenbide prozesalaren» arteko desberdintasunak azaltzea, legearen helburua «inola ere» ez delako auzitegien zeregina bereganatzea.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko eta Marisa de Simon Ezkerrako parlamentarien esanetan, taxutu asmo duten testuak indargabetutako legearen «filosofia eta espiritua» izango ditu, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak ez baitu zalantzan jartzen Nafarroak esparru horretan duen eskumena. De Simonek gogorarazi zuen indargabetutako legea «adostasun zabalarekin» onartu zutela, eta espero dute orain landuko dutenak adostasun maila «bera edo zabalagoa» izatea.

Laukoaren asmoarekin kritikoak dira UPN eta PPN. Javier Garcia PPNko parlamentariak, esaterako, «terrorismoaren biktimekiko burlatzat eta umiliaziotzat» jo zuen legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.