Koronabirusa. Bertsoak

Bertsoak koronabirusari

BERRIAko kazetariak bertsoak jarri dizkio COVID-19 gaitzak sorturiko konfinamendu egoerari. BERRIA Aretoan entzungai izanen dira gaur.

RAUL BOGAJO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
1.
Erreparatuz telebistako
mila gertaera beltzi,
sofan jarrita, etxean preso,
ta gaude ezin sinetsi...
Bertso sorta bat egin nahi dizut
zuri, COVID-19,
eragin duzun dena oroitu
dadin bihar eta etzi.

2.
Zuri eskerrak deskubritu dut
zer ote den telelana:
jaiki, dutxatu, ohea egin
eta erantzi pijama.
Bakarrik nago etxean eta
hala ta guztiz, ai ama!
Pixka batean atzeratu dut
haurrak izateko plana.

3.
Bazkarirako tarte ttiki bat, ta sukaldera banoa;
Argiñanoren txanoa...
Mila aukera topatu ditut:
zeliakoa, beganoa...
Gaixotu behar gintuzun, baina
ai, COVID, zeinen sanoa!

4.
Ordenadore aurrean jarriz
berriz sukaldetik bueltan,
elkarrizketa bakarrak daude
Skype eta watsapp-etan.
Ia eroa dirudin arren
isolamendu honetan,
azkenerako jarri naiz nire
buruarekin hizketan.

5.
Iluntzerako ja zereginak
bihurtzen dira hain urri,
ta bat-batean bilakatu naiz
apaletako inurri.
Literatura ta saiakerak
satisfakzio iturri...
Igual bizitzan inoiz ez nuen
horrenbertze irakurri.

6.
Batzuek Netflix, bertzeek pesak;
nor den nor, moduak modu...
Nik leihotikan begira pasa
ditut ja hainbertze ordu!
Gitarra honi hautsa kendu ta
bertso ttiki batzuk ondu...
Denbora sobran edukitzeak
zerbait ona beharko du!

7.
Instagram ere bilakatu da
asperduren babesleku:
monotonoa dirudiena
umorez nola edertu.
Batek bromatan erran dit, baina
nere ustez dago gertu:
«Baietz hemendik hilabetera
mila idazle agertu!».

8.
Konspirazio teorietan
ere gabiltza, arraio!
Nork sortu ote zaituen eta
dabilen zure karraio...
Optimista naiz ta horregatik
hauxe pentsatzea nahio:
planetak aski zeukan, ta hari
zu sortzea otu zaio.

9.
Pozik egonen zara hargatik,
koronabirus maitea,
gizarte honen abidurak
sortzen baitzigun kaltea.
Italia aldean egokitu da
datu hauek ematea:
aunitz hobetu dela asteon
aireko kalitatea.

10.
Bertze batzuek, kontsumismoan,
hor jarraitzen dute itsu;
ze aldaketak egonagatik
batzuk dabiltza berdintsu.
Eskasiaren infernua da
ahantzientzat paradisu:
komun papera sentitu baita
lehen aldiz garrantzitsu.

11.
Ikusezinen bertze aldean
hor agertu zaigu zaintza:
doakoa zen eraikin horrek
zenbat bilintzi-balantza!
Koronabirus, eman diguzu,
feministoi konfiantza,
premizkoa dela ikusaraziz,
inork bazuen zalantza...

12.
Emakumeon bizkar gainean
ta doan hainbertze urte;
umeak, zaharrak, zaurgarrienak
zainduz ia deusen truke.
COVID maitea, honetan ere,
baduzu mila bertute:
igual batzuek lehenengo aldiz
zaintzen ikasiko dute.

13.
Ta, bitartean, ospitaleak
jarri dituzu gainezka:
denak artatu ahalko_ote diren
da sendagileen kezka.
Ez da hain zaila antolaketa,
ta gobernuari eska:
mediku gehio jar itzazue,
polizi beharrik ezta!

14.
Ospitaleak bete dituzu
ta herriko plazak hustu,
baina ikasi dezakegula
eginen nuke apustu.
Beraz, etzagun eman diguzun
aukera ona zapuztu,
inork ez zuen ta gizarte hau
zuk bezain ongi biluztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.