Biotopoa zabortegi

Gipuzkoako kostaldeko flyscha plastikoz gainezka azaldu da egunotan (ikusi bideoa, albistearen amaieran). Bizilagun batek sare sozialetan zabaldutako bideo bati esker biralizatu da auzia. Arazoa «globala» dela azaldu dute erakundeek.

Zumaia, Deba eta Mutrikuko itsaslabarrak. GEOPARKEA.
Ion Orzaiz.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun

Batzuetan, hamaika sentsibilizazio kanpainak baino eragin handiagoa izan dezake irudi bakar batek. Asteburu honetan bolo-bolo ibili da sare sozialetan eta Whatsapp taldeetan Oier Bartolome surflari debarrak grabatutako bideoa. Deba eta Zumaia arteko labarra ageri da bertan, flyscharen biotopo babestua. Eta harrizko geruzen artean, urak ekarritako tonaka hondakin. Plastikozko itsaso bat, Gipuzkoako kostaldean.


«Hau ikustean, burura etorri zaizkit Indiako irudi horiek, murgilariak plastikozko itsaso izugarri batean sartzen. Eta esaten duzu: 'Hori India da, hori ez da hemen gertatzen'», dio Bartolomek, sakelakoarekin eginiko grabazioan. Baina gertatu da. Harekin hitz egin du BERRIAk, eta surflariak azaldu du «ohiko kontua» bihurtu dela plastiko kutsadura: «Honako hau ez da halako bideo bat grabatzen dudan lehen aldia, zoritxarrez, halakoak maiz ikusten direlako gure kostaldean. Oraingoan, baina, ikusgarritasun handiagoa lortu du kontuak».



Euskal Kostaldeko Geoparkean ere izan dute Bartolomeren bideoaren berri. Mutriku, Deba eta Zumaiako udalerriek osatzen dute parkea, eta, 2010. urteaz geroztik, Unescok babestutako Europako eta Munduko Geoparkeen Sarean sartuta dago Gipuzkoako kostaldeko ingurune hori. Parkea kudeatzeaz arduratzen den Geogarapen Elkarteko buru Leire Barriusoren esanetan, «dei asko» jaso dituzte azken orduetan, Bartolomeren bideoak izandako oihartzunaren ondorioz.

Barriusok azaldu du plastiko kutsadura ez dela Zumaiako edota Gipuzkoako arazo bat soilik, «arazo globala» baizik. Hala ere, haren irudiko, bideoan ikus daitezkeen irudiak «ez dira ohikoak», eta marea bizien ondorio dira: «Neguan, plastikoak labarren goialdean metatzen dira, eta hurrengo marea biziak heldu arte, han gelditzen dira».

Bestalde, Geoparkeko kudeatzaileak uste du bideoan ikus daitezkeen plastikoak ez direla Zumaia inguruan botatakoak, urrundik heldutakoak baizik. «Irudian agertzen direnak plastiko zati txikiak dira. Ez dira bota berriak. Kanpotik iritsitako plastikoak dira. Udan, beste mota bateko plastikoak biltzen ditugu, labarren goialdean gelditzen direnak; plastiko handiagoak».

Ingurua garbitu egiten dutela ere nabarmendu du Barriusok —«ehun lagundik gora elkartzen gara; helikopteroa ere erabiltzen dugu»—, baina garbiketa bainoago, garrantzitsuena «sentsibilizazioa» dela esan du: «Irudiak negargarriak dira, baina arazoa ez da konpontzen hori garbituta, ez zikinduta baizik. Denok izan behar dugu arazoaz kontziente».

Horregatik, irudiok jendearen portaeran eragina izateko balio izatea espero du: «Salaketa ongi dago, baina batzuetan jendea kexatzen da, eta ez daki bere jokaerak zein ondorio dituen. Ez du bere portaera aldatzen».

Antzeko iritzia agertu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Monica Pedreirak ere, ohar batean. Deba eta Zumaia arteko flyscharen egoera deitoratu du eta «kontzientzia hartzearen beharra» azpimarratu du: «Itsasoen kutsadura arazo globala den arren, tamalez, Gipuzkoari ere eragiten dio; hortaz, lanean segitu beharko dugu, tokian tokiko egitasmo zehatzetatik abiatuta, kutsadura osoa desagerrarazi arte».

Abian diren zenbait proiektu ere aletu dituzte; besteak beste, itsasoko urak garbitzeko eta gizartea kontzientziatzeko xedez sortutako Life Lema egitasmoa. Azti eta Suez Rivages Pro Tech ikerketa guneekin, Syndicat Mixte Kosta Garbia erakunde publikoarekin, Miarritzeko Udalarekin eta Surfrider Foundation Europe GKEarekin elkarlanean sustatutako proiektua da. Halakoei esker, aurten kostaldetik jasotako hondakin kopurua %18 murriztu dela nabarmendu dute aldundiko ordezkariek.

Deba eta Zumaia arteko labarraren egoera «tamalgarriaren» berri eman duen bizilagunaren ustez, baina, «baloiak kanpora botatzen» ari da administrazioa: «Ez da egia ezohiko fenomenoa dela, surflariok askotan ikusten baitugu». Bartolome bat dator, hala ere, kontzientziazioaren aldeko aldarrian: «Zaborra gaur garbituta ere, bihar berdin-berdin ager daiteke kostaldean. Inportanteena da gizartea ohartaraztea, eta lehenbailehen hondakinak murrizten hastea».

[YouTube]https://youtu.be/v83lLaMF6iI[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.