Hasia da kaiolatik ateratzen

Salaketak, erasoak, mespretxu instituzionala... Nafarroako euskaldun eta euskaltzaleek asko sufritu dute azken hiru hamarkadetan ETBren seinalea jaso ahal izateko. Lauko gobernua hasia da egoera bideratzen; euskalgintzaren ustez, baina, arazoa ez da erabat konpondu.
BERRIA

Ion Orzaiz -

2018ko irailak 13
Haizearen kontra. Horrelaxe ibili da Euskal Telebista Nafarroan azken 36 urteetan. Iragan irailaren 6an, urrats garrantzitsua egin zuen Nafarroako Gobernuak salbuespen egoera hori konpontzeko: ETB2 katea ikusgai jarri zuen lurralde osoan —ETB1en emisioa baimenduta zegoen 2016tik—, eta ETB3ren seinalea Iruñerrira zabaldu zuen, Nafarroako etxe gehienetan haurrentzako euskarazko programazioa ikusteko aukera eskainiz.

Gobernuaren esanetan, aspaldiko arazoari behin betiko konponbidea eman zaio horrela. Euskalgintzako ordezkarien aburuz, berriz, auzia ez da bukatu. ETB3ren Aldeko Plataformako ordezkari Fermin Zabaltzak, esaterako, onartu du «hutsune handia» beteko duela haurrentzako kateak, baina erdizka: «Mendialdeko eta hegoaldeko herri askotan ezin dute ikusi». Nafarroa osorako lizentziak egokitzeko tenorean, gaztelaniazko ETB2 lehenetsi izana leporatzen diote Uxue Barkosen gobernuari ere. Edonola ere, zabaltzen hasia da UPNk eta PSNk urteetan itxita eduki duten atea. Nafarroako lizentzien labirinto luzean, irteera ikus dezake jada EITBren txoriak.

1983ko urtarrilaren 1a. Egun hartan hasi ziren ETBren emisioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urte batzuk falta ziren, baina, uhin horiek Nafarroaraino eta Ipar Euskal Herriraino ailegatzeko. Instituzioen babesik gabe, herri eragileak arduratu ziren euskarazko seinalea ikusi ahal izateko antenak eta hedagailuak ordaindu eta instalatzeaz.

Iruñerrian, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako guraso talde bat izan zen ETB1en lehen hedagailua jarri zuena, 1986. urtean. Rafa Zazpe iruindarra izan zen auzolanean aritu zirenetako bat. «Irrati-amateurra naiz, eta horregatik jo zuten nigana», gogoratu du, irribarrez. «Besteek baino zertxobait gehiago nekien irrati uhinei buruz, baina ez nintzen aditu bat, inondik inora. Esan zidaten bazutela proiektu bat hedagailu bat inguruko mendiren batean jartzeko, baina ez genekien nola eginen genuen ere. Ilusioa bagenuen, bai, baina baliabideak falta genituen».

Dirua 500 pezetako (hiru euro) txartelak salduta lortu zuten. «Jende asko hurbildu zitzaigun txartelak erostera. Nabari zen euskarazko kate baten beharra zegoela», gaineratu du Zazpek. Guztira, 2,6 milioi pezeta bildu zituzten (15.000 euro), eta diru horrekin ordaindu zuten tresneria. Laguntza eta baliabide teknikoak, berriz, Jesus Azpeitia teknikariaren eskutik heldu ziren. Ordurako, Azpeitiak jarriak zituen pare bat hedagailu txiki Urdiainen eta Aurizberrin, baina ETBren uhinak Iruñerri osora eramateko lanak konplexuagoa zirudien. «1985eko azaroan hasi ginen lanean, hedagailua non jar genezakeen pentsatzen», azaldu du teknikariak. «Beorburuko gainean hasi ginen seinalearen indarra neurtzen, baina amore eman genuen, oso apala zelako. Azkenean, gutako batek bota zuen: 'Eta Aralarren jarriko bagenu?'».

Aralarko apaiza, konplize

Aralarko San Migelen antena jartzeak bazuen beste zailtasun bat, ordea: elizako arduradunekin negoziatu beharra. «Zorte handia izan genuen, garai hartan, San Migeleko kapilaua baitzen on Inocencio Aierbe, euskaltzale sutsua», gogoratu du Zazpek. Apaiza, baina, ez zegoen santutegiko ateak edonori zabaltzeko prest. «'Beraz, zuek piratak zarete?', galdetu zigun. Eta guk baietz, harro. Azaldu genion euskarazko telebista jasotzeko lanetan ari ginela, eta, ordutik aurrera, ez zigun inolako arazorik jarri. 'Euskararen alde baldin bada, nahi duzuena'». Apaizak oniritzia emanda, eliza barruan jarri zuten hedagailua. «Sakristian egin genuen instalazioa, eta aparatua mezako jantzien artean ezkutatu genuen. Isilka egin genuen dena, sekretupean eta beldurrez, edozein unetan Guardia Zibila edo Polizia azaltzeko arriskua zegoelako. Egunkari batek gerrillari espartindunak ginela esan zuen», gogoratu du Azpeitiak. Iruñerriko biztanleek 1986ko otsailaren 24an jaso zuten estreinakoz ETBren seinalea. Gerora heldu ziren beste hainbat hedagailu inprobisatu ere; besteak beste, Cabanillasen. ETBk de facto emititzen zuen Nafarroa osoan.

Balentria egin zuten piratek ez zuten isunik jaso. Ezta salaketarik ere. Mehatxuak bai, ordea. «Aralarko santutegiko apaizari gutun bat bidali zion Nafarroako gobernadore zibilak, azalpenak eskatuz, eta niri ere telefonoz hots egin zidaten Nafarroako Diputaziotik, esanez guardia zibilak Aralarrera bidaliz gero instalazio guztia kenduko zutela. Baina horretan gelditu zen guztia», baieztatu du Zazpek. Azpeitiak, ordea, gogoan du sabotajeak ere pairatu zituela santutegiko antenak: «Hedagailua jarri eta urte gutxira, eraso egin zioten instalazioari, eta inoiz ez genuen jakin nork egin zuen». Ordurako, argi zegoen, auzolanaz gainera, ETBk babes juridikoa behar zuela Nafarroan. Instituzioek, baina, ez zuten Euskal Telebista legeztatzeko urratsik egin: 1991n, agintera iritsi zen UPN, Juan Cruz Alli eta Miguel Sanzen gidaritzapean, eta aurreko urteetan ETBren aurkako mezu gogorrak zabaldu zituzten arren —«nafarren izaerari, pentsamoldeari eta identitateari eraginen die», ohartarazi zuen Jose Angel Zubiaur UPNko parlamentariak— ez zuten debekatu. Alegaltasunean utzi zituzten ETB1 eta ETB2.

Horren ostean, birritan saiatu ziren Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko buruak emisioa arautzeko bideak adosten. Bietan, kale: 1995ean, UPNri aginte makila kendu zion PSN, CDN eta EAren arteko gobernu koalizioak, eta lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen Jaurlaritzarekin. Akordioak, ordea, ez zuen garapenik izan. 2009an, berriz, Patxi Lopez eta Miguez Sanz lehendakariek ere antzeko itun bat sinatu zuten, itzalaldi analogikoaren ondorioz ETBren seinalea Nafarroatik desager ez zedin. Bigarren itun hori ere ez zen indarrean jarri. Itzalaldia heldu zen, eta ETBren kateak ezin izan ziren LTD bidez ikusi. Seinale analogikoa hainbat hilabetez mantendu zuten, erabat itzali aurretik.

Aldaketa, 'ma non troppo'

2015eko hauteskundeen ostean, aldaketa heldu zen Nafarroako erakundeetara. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek babestutako gobernu berriak berehala iragarri zuen ETBren kanal guztiak ikusi ahal izateko baliabideak jarriko zituela, eta halaxe egin zuten Iruñerrian. UPNk, ordea, itxi egin zuen ate hori ere: Espainiako Industria Ministerioan salaketa aurkeztu zuen, eta horrek are gehiago mantsotu zuen prozesua. ETBren seinaleari berme juridikoa emateko xedez, hitzarmen berri bat sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2016ko udan. Handik gutxira, Nafarroa osoan emititu ahal izateko lizentzia autonomikoa eman zioten ETB1 kateari, euskalgintzaren aspaldiko aldarrikapen bati bidea emanez. Orain, hutsik gelditu den lizentzia bat baliatuz, ETB2 ere ikusgai paratu dute herrialde osoan, eta ETB3 Iruñerrira zabaldu dute, tokiko telebistentzako lizentzia bati esker. Euskalgintzarentzat garaipen bat izan da, baina «gazi-gozoa», Zabaltzaren esanetan: «Nafarroako populazio gehiena biltzen da Iruñerrian; hortaz, hutsune handia beteko du ETB3ren emisioak. Garrantzitsua da, orain arte, gure haurrek ez baitute euskarazko eskaintza propiorik izan, eta Espainiako kateek monopolizatu dute esparru hori».

Hala ere, lizentzia autonomikoa ETB2ri eman eta ETB3 udalerri mailako multiplexetara mugatu izana txarretsi du: «Horren ondorioz, Sakanan ezin dute ETB3 ikusi, ezta hegoaldeko herri askotan ere». Nafarroako kaiola katodikotik irteteko bidea ez da amaitu, beraz, baina txoria hasia da hegalak astintzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ion Orzaiz

Informazio osagarria