Langile bati egindako jazarpen sexuala salatu du Fiasako batzordeak

xabier martin
Donostia
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Urteetan» Langraizko (Araba) Fiasako langile batek pairatu duen «abusuaren eta jazarpenaren» berri eman du LABek, ELAk eta UGTk osatutako langile batzordeak. 300 langiletik gora ditu Fiasak; hango arduradun batek jazarri dio lankide bati, sindikatuen arabera, eta, langileak egoera salatu arren, «enpresak ez du inolako neurririk hartu abusatzailearen aurka».

Orain ezagutarazi dituzten gertaerak 2017an hasi ziren; «orduan hasi zen goi kargudun hori lankide bati jazartzen eta sexu abusuak egiten», dio batzordeak. «Emakumeak eraso psikologiko eta fisikoak jasan ditu, baita esaldi sexistak ere, mezu sexualak, sexu abusua lanpostuan, eta abar». Auzia lan auzibidean eta penalean salatu dute jadanik; penalean, auzi saioaren zain daude.

Diotenez, Fiasak «arduragabekeriaz» jokatzen du oraindik ere «sexu-jazarpen kasu oso larriaren aurrean». Egoeraren aurrean zuzendaritzak hartutako «erabaki bakarra» langilea lanpostuz eta eginbeharrez aldatzea izan zen. Ustezko erasotzaileari, berriz, postu bat eman dio zuzendaritzan. Zenbait hilabetez lankidea bakartuta eta kaltetuta eduki ondoren, iazko irailean zuzendaritzak berriro elkartu zituen erasotzailea eta biktima lantoki berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.