Zubietan errauts litezkeen hondakinen erdiak baino ez ditu sortzen Gipuzkoak

Aldundiaren datuetatik ondoriozta daiteke 110.000 tona bideratu ahalko dituztela erraustera. 200.000 tonako ahalmena du erraustegiak

Erraustegiaren instalazioak, tximiniak bistan dituela, aurreko astean hartutako irudian.
Erraustegiaren instalazioak, tximiniak bistan dituela, aurreko astean hartutako irudian. GORKA RUBIO / FOKU

Iñaki Petxarroman -

2019ko martxoak 5

Datuak erakusten ari dira GuraSOSek eta beste eragile batzuek egindako ohartarazpen batzuk ez daudela errealitatetik hain urruti. Zubietako erraustegiaren tamaina Gipuzkoak sortzen duen hondakinen kopuruaren araberakoa dela argudiatu dute aldundiko agintariek. Hain zuzen ere, tamaina hori zehaztu zuen diputazioak 2016an egindako prognosi batek. Alabaina, joan den astean aldundiaren Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok emandako datuen arabera, prognosiak aurreikusitako denak ez datoz bat errealitatearekin. Izan ere, diputazioaren arabera, Gipuzkoak 328.609 tona hondakin sortu zituen iaz, prognosiak aurreikusi baino 118.000 tona gutxiago. Horietatik 141.612 tona errefus moduan bildu zituzten udalek eta mankomunitateek.

Gaur egun errefus hori Mutiloako zabortegira eta Bizkaiko tratamendu plantetara bidaltzen ari da Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Alabaina, aste batzuk barru, Zubietako instalazioetako TMB planta martxan jartzen denean, hara bideratuko dituzte. Tratamendu mekaniko biologikoa eta bio-lehortzea aplikatu ostean, 141.000 tona horiek 101.246 bihurtuko dira. Hain zuzen ere, horiek joango dira gero erraustegiko labeetara.

Tona horiek dira, gaur-gaurkoz, eta indarrean dauden kontratuak aintzat hartuta, Zubietako labeetara bideratuko dituztenak. Prognosiak aurreikusi bezala, materia organikoen eta beste gaikako bilketen errefusak gehituz gero, beste 9.000 tona inguru izan ditzake Zubietako plantak. Horretarako, baina, horien kudeatzaileekin itun berriak egin beharko ditu GHK-k, esate baterako, ontzi arinak tratatzen dituen Ecoembesekin.

Prognosiak ere aurreikusten du araztegietako lohiak erraustea Zubietan (21.576 tona), baina Europako zuzentarau berriak galarazi egin du horiek kudeatzea hiri hondakin moduan. Halaber, diputazioko agintariek behin baino gehiagotan ukatu dute herrialdetik kanpoko zaborra inportatzeko asmoa dutela.

Birziklatze tasa, gora

Aldundiak emandako datuen arabera, hondakinen %52,4 birziklatzen ditu Gipuzkoak gaur egun. Bihar onartuko duen hondakinen plan berriaren arabera, baina, 2030erako %70 birziklatzea du helburu. Beraz, gaurkoz errefusa erraustegiaren labe bat betetzeko adinakoa bada, etorkizunean are eta txikiagoa izango dela pentsa daiteke, baldin eta hondakinen sorreran hazkunde nabarmen bat gertatzen ez bada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna