Agintaldia berpizteko neurriak

Macronek datozen hilabeteotako bidearen berri eman du. 2020rako deszentralizazio prozesu bat nahi du, eta klase ertainei errentaren zerga «nabarmen» jaitsiko die, besteak beste

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ezohiko irudia utzi zuen atzo, Eliseoan egin zuen agerraldian. IAN LANGSDON / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Agerraldiaren eszenaratzeak ezohiko ekitaldi bat iradokitzen zuen, eta hala izan zen. Ezohiko irudia izan zen atzokoa, Eliseoan lehenengoz prentsaurreko bat eman baitzuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, 300 bat kazetariren aurrean, atzean sei bandera zituela: Frantziako hiru eta Europako hiru. Xehetasunetan zeuden zantzuak: idazmahai bat erabili zuen, eta, beraz, eserita egin zuen agerraldia, Charles de Gaulle presidenteak egiten zuen bezala. Eta alboan zituen ministroak, esaten zuen hitz bakoitzari adi jarraitzen eta ideia nagusiak orri batean idazten. Bazituzten horretarako arrazoiak, Macronek datozen hilabeteotako bidearen berri eman baitzuen; agintaldia bideratzeko proposamenen zerrenda luzea azaldu zuen. Tartean daude, esaterako, deszentralizazio prozesu bat hastea 2020rako; klase ertainei —«lan egiten dutenei» errentaren zerga «nabarmen» jaistea; erretretaren sistema aldatzea, «justua» izan dadin apalenak inflazioarekin lotuz; eta herritarren parte hartzea sustatzeko arauak erraztea.

Frantziako presidentearentzat, atzoko prentsaurrekoa haren agintaldiko une giltzarria zen. Jaka Horiek sorturiko krisi politikoak gogor jo ditu haren agintea eta irudia, aurrez Benalla auzia-k nabarmen okertua zuena. Autoritarioa dela kritikatu izan diote Macroni, eta, irudi horri aurre egiteko, atzo ez zuen xehetasun handirik eman bere proposamenen inguruan; gobernuaren esku utzi du horiek zehaztea, atzo adierazi zuenez.

Frantziako presidenteak sustaturiko Eztabaida Nazional Handitik ateratako ondorioetan oinarritu dira proposamenak: «Justuak diren aldarrikapenak entzun ditut. Harrotasun handia sentitu dut ariketa kolektibo honekin». Neurri gehienak agintaldi hasieran bultzaturiko konstituzioaren erreforman jasoko ditu, eta gobernuak iragarri zuen horren bertsio eguneratua udarako aurkezteko asmoa duela. Finean, haren ideia da datozen hilabeteotan «demokrazia eta administrazioa sakon» aldatzea.

Bakarrizketak ordubete iraun zuen, eta Frantziako presidenteak administrazioa herritarrengana «hurbiltzeko» asmoa adierazi zuen: «Administrazio zentraletik funtzionarioak kendu behar ditugu, eta herrietara hurbildu». Ez hori bakarrik: zerbitzu publikoen etxe bat sortzeko helburua jarri zuen, France Service deiturikoa, egungo egoera «errazteko».

Arlo ekonomikoari begira, adierazi zuen errentaren zergak jaisteak estatuari utziko dion bost mila milioi euroko zuloa nitxo fiskalak kenduz beteko duela. Laguntza sozialei dagokienez, jardueran errenta unibertsal delakoaren sorrera iragarri zuen, eta 2025erako langabeziarik ez izateko helburua jarri zion bere buruari —2022rako %7ra jaitsi nahi du, gainera—. Eta, adierazi zuenez, ospitaleak eta eskolak ezingo dira itxi auzapezaren baimenik gabe.

Falta diren aldarrikapenak

Jaka Horien aldarrikapen nagusiei, ordea, ez zien jaramonik egin: ez aberastasunaren zerga (ISF) berreskuratzeari, ez boto zuria kontuan hartzeari, ezta Herri Ekimen Erreferenduma (RIC) legeztatzeari ere. Azken horren ordez, Partekaturiko Ekimenaren Erreferendumaren (RIP) arauak aldatzea proposatu du: egungo hautesleen %10aren eta parlamentarien bosten baten sinadura izatetik, milioi bat herritarren sinadura nahikoa izatera.

Horrez gain, 2017ko bozen kanpainan adierazi zituen helburuei eutsi zien: diputatu kopurua %25-30 jaistea, %15eko proportzionaltasuna ezartzea ordezkariak hautatzeko, eta agintaldi kopuruak mugatzea. Ikusteko dago neurriek eraginik izango duten: Jaka Horiek hitzordua dute bihar, eta Maiatzaren Lehena datorren astean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.