Arnasberritu beharra dute

Alavesen beren ibilbideak zuzentzen saiatuko dira Lucas Perez, Joselu eta Aleix Vidal. Iraganean zeresan handia emanak dira, baina behera egin dute azkenaldian. Funtsezko izateko fitxatu dituzte.

Lucas Perez Alaveseko aurrelaria, zale batzuekin argazki bat ateratzen, taldearen aurkezpen ekitaldian. DAVID AGUILAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Klub aproposa da Alaves fokupetik itzalpera igarotako jokalarientzat. Beren onera itzultzeko behar duten lasaitasuna lortzen dute han. Konfiantza berreskuratzen dute, eta baliagarri sentitzen dira berriro. Alde horretatik, babesleku moduko bat da Arabako taldea, eta hainbat dira azken urteetan han ostatu hartuta suspertu diren jokalariak. Hala nola Ibai Gomez, Munir El Haddadi eta Jony. Bada, zerrenda horretara batzen saiatuko dira Aleix Vidal, Lucas Perez eta Joselu denboraldi honetan. Maila handiko jokalariak direla erakutsi zuten behinola, baina, arrazoi desberdinak medio, gainbehera arriskutsu batean murgildu dira azken urteetan.

Lasaitasuna, bai, baina presioa ere izango dute Alavesen. Lucas Perezek eta Joseluk, adibidez, Calleriren eta Bastonen, iragan sasoian Alavesen gol gehien sartu zuten bi jokalarien, hutsuneak bete beharko dituzte. Calleri oraindik itzul liteke, eta taldean badira beste aurrelari batzuk, Guidetti eta Demirovic, esaterako; baina gaur-gaurkoz, galiziarren bizkar gainean dago aurkarien ateak zulatzeko ardura. Aleix Vidalek ere ez du edonolako erantzukizuna izango: hegaletik abiatuta, taldearen jokoa piztu, eta, hala, Jonyren eta Ibai Gomezen itzal luzea ahantzarazteko eskatuko zaio. Kataluniarrak taldeko izarra izan beharko luke.

Garai bateko maila balute, Alavesen zaleak lasai egoteko moduan leudeke. Haatik, hirurek nabarmen egin dute behera azken denboraldietan, eta, horrenbestez, izena baduten arren, zalantza eragiten du eman dezaketen mailak. Joseluk, adibidez, errematatzaile gisa oso kopurukaskarrak izan ditu azken urteetan. Urruti gelditu da Real Madrilen harrobian distira egin zuen aurrelariaren oroitzapena. Galiziarrak Bigarren Mailara igotzen lagundu zion espainiarren bigarren taldeari, hemeretzi gol sartuta, eta talde nagusian debuta egiteko aukera jaso zuen. Bi partida jokatu zituen han, eta bi gol sartu. Talde askoren arreta piztu zuen haren jardunak, eta 2012an Hoffenheimera joan zen. Alemaniarrek sei milioi eurotan fitxatu zuten.

Ondoren, Alemaniako ligako beste bi taldetara joan zen; Eintracht Frankfurtera 2013an, eta Hannoverrera 2014an. Nahiko txukun aritu zen han: hamalau eta hamar gol sartu zituen, hurrenez hurren. 2015ean hasi zen aurrelariaren benetako gainbehera, Ingalaterrako ligako Stoke Cityk fitxatu baitzuen. Han, denboraldi batez aritu zen, eta, gerora, Deportivon eta Newcastlen jokatu du. Inon ere ez du egonkortzerik lortu.

Aurrez sekula ez du Lucas Perezen aldamenean jokatu. Gutxirengatik, hori bai, Deportivok fitxatu zuenean, taldea utzi berria baitzen Perez. Haren ordezko gisafitxatu zuen Joselu Galiziako taldeak. Ez zen erronka makala, Perezek mundu guztia harri eta zur utzi baitzuen aurreko sasoian; Espainiako Lehen Mailako golegilerik onenen artean sartu zen, 17 gol sartuta. Ukrainan eta Grezian zaildu ostean egin zuen eztanda, eta beste koxka bat igotzeko asmoz joan zen Arsenalera. Londresko taldeak 20 milioi euro ordaindu zizkion Deportivori.

Alabaina, Joseluri gertatu bezala, Perez ere ez zen behar bezala egokitu Ingalaterrako futbolera, eta 2017an utzita bidali zuten Deportivora. Txukun aritu zen, baina ez zen bi urte lehenagoko berbera izan: bederatzi gol sartu zituen 37 lehiatan. West Hamek 4,5 milioi euroren truke fitxatu zuen iazko udan, eta hamabost partida jokatu zituen bakarrik. Hala, jokatzeko aukeren bila iritsi da Gasteizera: «Jokalari batentzat, konfiantza jasotzea da lehen gauza, eta hori ez zen gertatu Ingalaterran. Alavesek, ordea, apustu handia egin du nire alde, eta horregatik nago hemen». Galiziarrak ezaguna du Arabako taldea, han egon baitzen gazte mailan.

Vidal, erasoan berriro

Joselu eta Lucas Perezek hiru denboralditarako sinatu dute gasteiztarrekin. Aleix Vidal, berriz, Sevillak utzita ariko da. Kataluniarraren kalitatea ezin daiteke ezbaian jarri, baina oso distira gutxi egin du 2015ean Sevilla utzi zuenetik. Aurrez, hegaleko bizi eta zorrotz gisa egin zen ezagun Almerian, eta Sevillan goi mailako jokalari gisa finkatu zen. Bartzelonaren deia jaso zuen orduan, baztertu ezin diren horietako bat. Defentsako eskuin hegala indartzeko fitxatu zuten, baina ez zen sartu ez Luis Enriqueren eta ez Ernesto Valverderen asmoetan. Hori gutxi balitz bezala, 2017an lesio larria izan zuen orkatilan; non, eta Mendizorrotzan.

Bada, han saiatuko da izan zenera itzultzen. Iragan sasoian, helburu horrekin bueltatu zen Sevillara, baina oker jo zion kukuak. Alavesen jarraitutasun gehiago izatea espero du. Aspaldiko partez, erasoko hegaleko moduan ariko da, defentsako zereginak, neurri batean, alde batera utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.