Arrauna. Eusko Label liga

Azkenekoentzat, azken bi aukerak

Asteburuan Galizian jokatuko diren bi estropadetan erabakiko da Tiranek edo San Juanek galduko duen maila, eta bietako zein doan kanporaketara. Pasaitarrek lau punturen aldea dute galiziarrekin.

Tiran eta San Juan, parez pare, hilaren 11n Ondarroan jokatutako Eusko Label ligako estropadan. JOSU Z.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Heldu zaie azkena azkenekoei Eusko Label ligan. Urtero bezala, Kontxako Bandera jokatzerako, erabakita geratuko da zein talde jaitsiko den KAE 1 ligara eta zeinek jokatuko duen kanporaketa iraileko hirugarren asteburuan. Biren arteko lehia da: Tiran eta San Juan. Euskal herritarrak dira aurretik, lau punturen aldearekin. Hain zuzen, azken horientzako azken bi estropadak Galizian izango dira: Moañan, Tiranen herrian, larunbatean, eta Boiron, igandean. Berdinduta amaitzen badute, kontuan hartu beharko da elkarren artean zein geratu den aurretik gehiagotan. Oraingoz, berdinduta daude.

Datorrenari begira jarri baino lehen, aurreko asteburuan gertatu zenari errepaso bat eman behar zaio. Izan ere, nolabaiteko ezustea gertatu zen. Tiran zebilen aurreko zazpi estropadetan San Juani aldea jaten, baina igandean, pasaitarrek txanda irabazi zieten San Pedrori, Kaikuri eta Tirani, eta hiru puntu gehitu zioten bateko aldeari. Lau goitik da orain San Juan. «Sekulako haize bolada eman digu igandekoak», esan du Iñigo Arrarasek (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1983), San Juaneko arraunlariak. Kontrako aldartearekin bukatu zuten Tiranekoek: «Kolpea izan zen guretzat», aitortu du Breixo Docampo arraunlariak (Moaña, Galizia, 1988).

Galiziarrak espero zuen halako zerbait gertatzea, nahiz eta azken emaitzen joera beste bat izan: «Oso zaila zen beti guk beti aurretik bukatzea. Azken batean, oso talde berdintsuak gara, eta San Juan gu baino hobexeagoa dela ere esan daiteke». Arrarasek espero zuena zen taldeak lan ona egitea, azkenaldiko dinamikari segida emateko: «Larunbatean azkenak izan ginen, baina ez genuen estropada txarra egin. Poparean asmatzea bakarrik falta izan zitzaigun. Zarauzkoaren aurretik, Ondarroan eta Hondarribian, lan ona egin genuen, orduan ere azkenak izan arren, eta pare bat astetik hona trainerua ondo doa entrenamenduetan. Gero, estropadetan errematatzea falta izan zaigu, joan zen igandera arte».

Bilakaera aldakorra izan zuen igandekoak bi talde horientzat. Bigarren luzea hasi eta berehala, Tiranek bospasei segundo sartuak zizkion San Juani, baina olatu luze batekin txandako buruan jarri zen Pasai Donibaneko taldea. Arrarasek kontatu du taldean zer pentsatu zuten orduan: «Denok bat etorri ginen behingoagatik hura zela eguna txanda irabazteko». Halaxe izan zen. Atzetik zen Tiran, atzean joateak eragiten duenarekin: «Bigarren luzean arraunketa galdu genuen gure burua atzetik ikusi genuenean, presaka egin genuen, eta San Juanek, aldiz, oso ondo egin zuen dena», azaldu du Docampok.

Kolpea kolpe, berehala eman ziotela buelta esan du galiziarrak: «Lehorrean, berriz ere animatuta geunden. Badakigu gure eremuetara datozela, eta indarra ematen digu». Irrikaz dago larunbateko estropada iristeko: «Nahiago nuke oraintxe balitz». Badaki, baina, zaila izango dela San Juani lau punturen koska kentzea: «Asko da, eta mirariaren itxura dauka, baina badakit sufritu egingo dutela. Dena eta gehiago emango dugu azken pala kolperaino, eta gero gerokoak. Orain arte, horrela ibili gara, filosofia horrekin, eta gure etxean, gure zaleen animoekin, errazago egingo dugu hori dena».

Arrarasek ez ditu Docamporen hitzak entzun behar izan Galiziakoa erraza izango ez dela jabetzeko. Badaki, ondo jakin ere: «Eremu bihurriak dira bestela ere, eta kaleetan aldeak egotea ohikoa izaten da. Gainera, haizetsuak dira lekuak, eta, ikusi dudanez, haizeak gogor joko duela diote iragarpenek. Kontuz ibili beharko dugu». Lehenik eta behin, guztiaren gainetik, taldeak ondorengoa egitea ezinbestekotzat jo du: «Guk gure lana ondo egin behar dugu; dinamika onean gaude azken bi asteetan, eta Zarauzkoa primeran etorri zaigu, larri baikinen, burua lan txarra egiten hasteko zorian».

Beste taldeen eragina

Asteburuko bi estropaden inguruan, bada aldagai bat oso kontuan hartzekoa, eta Arrarasek eta Docampok ere buruan darabilte: Kontxako bezperan dira. Urtero, talde askok aldaketak egiten dituzte bi estropada horietako batean, Kontxan ostegunean ariko diren zenbait arraunlariri atseden emateko. Horren ondorioa izan daiteke talde horien maila jaitsi egin daitekeela, eta eragile bihurtu Tiranen eta San Juanen arteko lehian. «Gu ezin gara egon horri begira, gerta daitekeen arren», esan du Arrarasek. «Beste egun batzuetan baino errazago sar daitezke besteak bion artean, baina hori alde izateko guk egon behar dugu pasaitarren aurretik», azaldu du Docampok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.