Inaki Galdos
ARKUPEAN

Uzkur

2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Idahoko Emmett hirian Jose Villanueva hil zenean benetan artxibo aberatsa utzi zuen familiak Boiseko euskal museoaren esku. Alde batetik, euskal emigrazioaren inguruko dokumentazio ugari zuen gordeta, hemendik hara joandako jende askoren herentzien kontuak tarteko. Bestetik, eta hau da ikusteko aukera izan nuenean zirrara sortu zidana, benetan korrespondentzia politiko baliagarria, batez ere Espainiako gerraren ondorengo lehen urteetakoa. Bere paperezko berbalagunak, Agirre lehendakaria, Anton Irala, Jon Bilbao, besteak beste.

Migratzaile atipikoa zen Villanueva. Bilbotarra, Ameriketara joan aurretik gaztedi jelkideetan aritutakoa. Musikaria ere bai, eta dirudienez musikari gisa hainbat abentura bizi izandakoa New Yorken mafiako kideen inguruan. Idahon ekin zion bizimodu berri eta lasaiago bati, eta berarengana jo zuten Eusko Jaurlaritzaren hango azpiordezkaritza —New Yorkekoaren menpekoa— antolatzen lagun zezan. Bere dokumentazioan, hona iritsi nahi nuen, garbi baieztatzen da beste hainbat tokitan irakurri ahal izan duguna: zein zaila zen eusko-amerikarrak hemengo politikan inplikatzea, zein uzkur jokatzen zuten. Bihotz oneko jendez inguratua omen zegoen, baina oro har politikan bustitzeko asmorik gabekoa.

Antzeko bizipen etsigarriak izan zituzten 1970eko hamarkadan ahalegin berriak egin zituztenek ere, Anaiak Danok elkartekoek, kasurako. Eta garai hartan mobilizazioak izan baziren ere (Burgosko epaiketa, fusilamenduak...), onartu beharrean gaude Amerikako Estatu Batuetan hemengo politikara begira egin dena hango politikariek egin dutela batez ere, euren karguez baliatuz: Laxalt, Cenarrusa, Bieter... Diasporako jende askoren ezjakintasunarekin eta axola handirik gabe gainera.

Gure diaspora askotarikoa da, ordea. Adibidez, ezagutu gabe, baina Jose Felix Azurmendik, Iñaki Anasagastik eta enparauek idatzitakoak irakurrita, esango nuke politikoagoa dela Venezuelakoa, ziurrenik bere osaeraren arrazoi historikoen ispilu. Aste honetan Bahia Blancan aste nazionala ospatzekotan den Argentinako euskal diasporan ere erraz identifika daitezke hemengo alderdi abertzale eta mugimenduen kide eta ordezkaritzak, baina ez beza inork pentsa jende asko dabilenik horien bueltan. Ezberdintasunak ezberdintasun, iritzi orokortua da diaspora nakar dagoela euskal arazo politikoekin.

Ideia ona izan du Eusko Jaurlaritzak, Euskal Gizataldeen Aholku Batzordearen eskaerari jarraikiz, Diasporaren Eguna antolatzen hastearena. Jaurlaritzak badaki, gainera, diaspora berri bat sortzen ari dela diaspora klasikoaren alboan, adibidez harreman estuagoa duena hemengo unibertsitateekin edota hemen bertako beste hainbat erakunderekin (SPRI, Etxepare, Bizkaia Talent...) tokian tokiko euskal etxeekin eta Kanpo Ekintzako Idazkaritzarekin baino. Iruditzen zaigu ondo ari direla errealitate berri hau kudeatzen Gasteiztik, baina aldi berean begi bistan gure politikak oso toki gutxi duela bai batean eta bai bestean, zerbait izatekotan. Borobila izan zen Ispasterren Iñigo Urkullu lehendakariak Diasporaren Egunean migrazioaren inguruan egindako gogoeta, Europari aldaketa sakonak eskatzen. Askoz ere gusturago geratuko ginatekeen gureari buruz Madrili beste hainbeste eskatu ziola izenburuetan irakurri izan bagenu.

Kataluniakoak erakusten digu zein garrantzitsua den nazio baten diaspora aktibatua izatea; horregatik daude kezkatuta Madrilen. Pozik ikusiko genuke askok geure diaspora alderdikerietan erori gabe, baina hemen gertatzen denarekiko kezka handiagoarekin. Baina, egiaren izenean, nor gara gu urrutiko intxaurrondoei guk ematen ez ditugun fruituak eman ditzaten galdegiteko? Nola eskatu pizteko atzerriko lagunei, barealdi sanoa loaldi kezkagarriarekin nahasten (eta txalotzen) dugunok? Ez nuke nahi, baina iruditzen zait egunen batean JaikiJaiki-ka hasiko zaizkigula agian norbaitzuk, atzera begiratu eta ez dutela jende askorik aurkituko. Ez hemen, ez diasporan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.