Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Kezkatzen nauena

2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Momentu honetan gauza askok kezkatzen naute; nire ingurukoen osasunak, gure familia ekonomia nola aterako den egoera honetatik, nire alaba txikiei nola eragiten ari zaien itxialdi hau, gizarte moduan indarberrituta edo ahulago aterako ote garen... Years and years telesaila etorri zait burura; lehen kapituluan Emma Thompsonek interpretatzen duen pertsonaiak dioen bezala, segurtasunik gabeko aro batean bizi gara, denak ikaratzen gaitu, denak kezkatzen gaitu. Eta horretaz baliatzen da bere pertsonaia estatu autoritarioago bat eraikitzeko. Badakigu beldurra herritarren kontrolerako eta menpean jartzeko arma boteretsua izan daitekeela. Eta horregatik, nire kezka; krisi honek komunitatearen indarra areagotzeko balioko du edo sistema neoliberala sendotzeko, goikoak are gehiago pribilegiatzeko eta behekoen bizitza gehiago prekarizatzeko? Momentuz bigarrena gertatzen ari dela dirudi. Azalera handietako merkataritza lehenesten da saltoki txikien aurrean (zer esanik ez baratze partikularren kasuan), liburu-dendak ixten dira Amazoni liburuak saltzea baimentzen zaion bitartean, Gobernuaren dekretuaren zirrikituetatik martxan jartzen dira bizitza arriskuan jartzen duten industria jarduerak, eta hamarkadetan ahuldutako osasun sistema publikoa bere gaitasunen mugetaraino eraman dugu.

Gauza askok kezkatzen naute, bai, eta horien artean gizarte demokratikoago bat, helduago bat, eraikitzeko beharra agerian gelditzen ari dela. Lehen erreakzio kolektiboa alarma egoera barneratzea izan zen; lehenik eta behin, modu solidarioan, gure etxeetan geratuz, eta, bigarrenik, modu polizialean, gure balkoi eta leihoetatik bizilaguna epaituz eta salatuz. Argi geratu da ez dela beharrezkoa tankeak kaleetara ateratzea gu kontrolatzeko; nahikoa da askok euren epaile edo barne polizia paseatzera ateratzea. Benetan uste dut egoera honetatik indartuak atera gaitezkeela, baldin eta kolektiboki jokatzen badugu, inor atzean utzi gabe. Beraz barkatuko didazue ez irenstea autoerrealizazioaren inguruko diskurtsoak. Hori posible izanen da, bereziki, baldintza materialak hobeak direnen eta kezka ekonomiko, psikologiko edo sozialek hala ahalbidetzen dutenen artean. Besteontzat komunitatearen ahalegina baino ez zaigu gelditzen.

Horregatik, lehentasunezko kezka asko ditudan arren, bat egin nahi izan dut igande honetarako egin den deialdiarekin, Aberri Egun bateratuarekin. Komunitatea eraikitzeko balio dezakeelako, bizitzen ari garenaren inguruan benetako hausnarketa egiten lagundu dezakeelako eta egoera latz honetatik indartsuago ateratzen laguntzen ahal gaituelako. Ez dugu ezer berririk asmatu, noski, aspaldi dagoen nahiari erantzun baino, Aberri Egunaren inguruan eta, batez ere, herri bezala interes komunak aldarrikatzearen inguruan. Dena dela, helburua ezin da izan bat garela aldarrikatzea, baizik eta batera jo dezakegula mahaigaineratzea. Herri bezala, baditugu gaitasunak eta elkarrekin jartzen ditugunean, iraganean gertatu den bezala, indarberrituta ateratzen gara. Egin dezagun, beraz, bizitzen ari garenaren inguruko hausnarketa, eman diezaiogun balioa batera jokatzen duen komunitate baten ekintzek izan dezaketen indarrari. Komunitatearen, komunaren eta komunalaren ideia indartzen badugu, elkarrekin banatuak baino indar gehiago dugula sinisten badugu, agian hasieran adierazi ditudan kezkak txikituko dira. Igandekoa bezalako ekintzek bere kabuz erabaki ahal izango duen gizarte demokratikoago, helduago eta kontzienteago bat eraikitzen laguntzen badigute, gizarte hau nekez menderatuko da beldurraren eraginez. Igandean eta itxialdiak irauten duen bitartean, irteten garenean bezala, Euskal Herria Batera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.