Imanol Magro Eizmendi.
Saskibaloia. Eurokopako finala: Uxue Bilbo Basket-Lokomotiv Kuban

Ez zuten halakorik merezi

2013ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Jende uholdea, benetako uholde bilakatu zen. Uholde bustia, atsekabe malkoek eragindako uholdea. Spiroudomea gainezka egiteko zorian egon zen. Ilusioa zapuztu egin zen, eta tristura nagusitu; baina, hala ere, eztarriak ez ziren isildu. Une txarrenean ere «Bilbo Basket!» oihuak entzun zitezkeen pabiloian. Oso ibilbide motzean fidel bilakatu diren zaleen izaeraren lagin bikaina izan zen hori. Aurretik hiru bizkarreko hartuta zeuden final kontuetan, eta atzoz geroztik, beste zauri bat izango dute orbainen bilduman.

Hamahiru urteko bizitza baino ez duen talde batek milaka pertsona lotzeko izan duen gaitasuna eskoletan erakusteko modukoa da. Charleroi beltzez estali zen; goizeko giro lasaia zalaparta bilakatu zen arratsaldean. Athleticek aurreko sasoian Europan barrena eginiko erromesaldiekin alderatu zuten zaleek, baina Athleticek mende bateko historia du. Goizean goizetik entzun ziren oihuak. «Jendearengatik balitz, ez dago kolorerik. 2.000 pertsona etorri gara honaino, eta argi dago talde honek duen indarra». Iñaki Valdemororen hitzak dira, ozen hitz egiten duen zale sutsuarenak. Erromoko Weiss zale peñako kidea da, eta behin baino gehiagotan bidaiatu du taldearekin. Bidaiak dira testigantzarik hunkigarrienak, finalean egoteko ahaleginenak. Bego Cachoren kasua ere eredugarria da, 60 urteak paseak izango dituen Santutxuko zalearena. Berandu erabaki zuen finalera etorri eta Charleroin alabarekin elkartzea. Berak deskribatu du bidaia. «Goizean irten eta Frankfurtera joan naiz Loiutik. Handik Bruselara aireportuan ordu batzuk itxaron ondoren, eta azken tartea trenean egin dut. Baina merezi izango du».

Antzeko testigantza egin zuen Javi Vila Ortuellako zaleak ere. Lan kontuengatik autobusez egin zuen bidaia; 1.184 kilometro eta hamasei ordu pasatxo. Ostiralean 18:00etan irten eta goizeko 10:30ean iritsi zen Bruselara. «Bidaia osoa Errioxako bi ardo botilarekin egin dut. Lagunak hemen zeuden, eta halako egun batean ezin nuen kale egin».

Ikusgarria izan zen Carlos II.a plazako taberna bateko bozgorailuetan euskal musika nola jarri zuten ikustea. Zaleek emaniko CD-a itsu-itsuan jarri zuen arduradunak. Erabaki komertzial ona izan zen. Charleroiko futbol taldeko eskuin muturreko zaleekin topo ez egiteko kalejira bertan behera gelditu arren, ondo baino hobeto girotu zuten alde zaharra. Zale gehienek oinez egin zuten pabiloirako bidea, eta eurentzako egokitutako gunean aurkitu zuten euriarentzako babesa. Tira, zintzurra ondo baino hobeto busti zuten arren.

Bilboko Udalarekin haserre

Han zegoen Usasonsolotik joaniko taldea ere. «Herria dela jarri», aldarrikatu dute; eurek zeramaten banderarik handiena. Tartean Usansolokoa, noski. Enrike, Olaia, Alain eta Bittor dira, eta atzo egin zuten Charleroirako bidaia. Pariseraino AHT bidez, eta gero trenean. «Pasa den martitzenean antolatu genuen dena, eta hegaldirik gabe gelditu ginen. Baina ez dugu zalantzarik; merezi izan du, susmo ona hartua diogu finalari». Hori bai, Bilboko Udalarentzat kexa ere bazuten. Enrike Barrenetxeak egin zuen publiko. «Ez zaigu gustatu Bilbon afixarik ez ikustea. Athleticek jokatu zuenean dena estali zuten, eta orain ez. Txapelketa berdina da».

Gunetik pabiloira egin zuten kalejira. Hirukoa Peñaren atzetik. Oihu errepikatuena: «Bil-bo-Bas-ket!». Kanpoan zein barruan. Errusiako zaleak iritsi zirenean ere ona izan zen harremana. Ez zen liskarrik egon. «Miribillak jauzi egin dezala» ere ozen entzun zen, baita euskal mendizaleak kantua ere. Partidaren aurrekoak ondo berotu zituzten, eta epaileek baloia airera bota zutenean iritsi zen eromena.

Partidan bertan ere ez ziren isildu zaleak. Eurek ez zuten kale egin. Baina beti ezin da irabazi. Zale horiek badakite erori ondoren altxatzea zer den, eta jokalarien ekina saritu zuten bukaeran. Malkorik ez; galdera bat bakarrik: «Non jokatuko da finala heldu den urtean? Itzuliko gara». Hori da hori adorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.