BERTSOLARIAK

2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun

Aitor Bizkarra



Jaio: Abadiño (Bizkaia), 1996.

Ibilbidea: 2014ko eta 2016ko

Bizkaiko Txapelketetan parte hartu zuen, eta lehen aldiz sailkatu da finalerako.

«Saiatuko naiz ausart jokatzen eta, era berean, finalaz gozatzen, neure buruari helburu handiegirik jarri gabe».

Eneko Abasolo 'Abarkas'



Jaio: Iurreta (Bizkaia), 1976.

Ibilbidea: 1998an parte hartu zuen lehen aldiz Bizkaiko Txapelketan, eta 2010ean finalera iristea lortu zuen. Bigarren aldia du aurtengoa.

«Uste dut nire garairik onenean nagoela, eta are hobeto egongo naiz larunbatean. Hemen gauden zortzi bertsolarietatik sei finalaurrekoetan sartu ziren txapelketara. Aitor [Bizkarra] eta biok, aldiz, udaberritik ari gara lehian, eta luze egiten da».

Etxahun Lekue



Jaio: Larrabetzu (Bizkaia), 1980.

Ibilbidea: Bizkaiko zortzi txapelketetan izan da finalista, eta txapela janztea lortu zuen 2016koan.

«Larunbateko saiora iristeko hautagaien artean, inoiz baino izen gehiago aipatzen ziren, hemen gauden zortzi lagunenaz gain. Berdin txapelarekin ere, ez dut uste inork faborito bat edo biren izenak esango lituzkeenik, baizik eta lautik gora».

Jone Uria



Jaio: Getxo (Bizkaia), 1990.

Ibilbidea: Azken lau aldietan Bizkaiko

Bertsolari Txapelketako finalista izan da.

«Ikasi behar nuena ikasita eta etxeko lanak eginda noa finalera. Egunean tokatzen den galderaren arabera eta gorputzaldiaren arabera ikusiko dugu asmatzen ote dugun ondo erantzuten. Helburua, aprobatzea baino, nota ona ateratzea izango da».

Miren Amuriza



Jaio: Berriz (Bizkaia), 1990.

Ibilbidea: Sei aldiz egon da Bizkaiko

Txapelketan, eta hau laugarren finala du.

«Gogotsu nago finalerako. Maila aldetik parekatuta gabiltza denok. Beraz, hemendik aurrerakoa, bataila psikologikoa eta emozionala izango da. Ondoen nork eusten dion izango da gakoetako bat».

Nerea Ibarzabal



Jaio: Markina-Xemein (Bizkaia), 1994.

Ibilbidea: 2016an sailkatu zen lehen aldiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako. Bigarrena du aurtengoa.

«Gogotsu nator. Bigarren urtea dut Bizkaiko Txapelketan finalista gisa; hortaz, aurtengoan gehiago inporta zait zenbatgarren egiten dudan. Edonola ere, aldi honetan, oso lagun dudan taldea gaudela sentitzen dut, eta uste dut saio ederra egingo dugula denen artean».

Onintza Enbeita



Jaio: Muxika (Bizkaia), 1979.

Ibilbidea: 2006an iritsi zen lehen aldiz Bizkaiko Txapelketako finalera, eta geroztik egin diren final guztietan izan da.

«Urduri xamar iritsi naiz aurtengo finalera, beti ez baikara berdin egoten. Hankak lurrean ditudala joango naiz larunbatean, hala ere. Gainontzekoek bezala, dudan onena emango dut».

Xabat Galletebeitia



Jaio: Lekeitio (Bizkaia), 1986.

Ibilbidea: Hirugarren aldiz sailkatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako. Bigarren egin zuen 2016. urteko lehian.

«Berrizeko finalaurrekoan asko sufritu nuen. Beraz, ea sentipen horri buelta eman, eta gehixeago gozatzen dudan. Ingurukoei ere zor diegu, gurekin batera sufritzen duen jende asko baitugu denok inguruan; beraz, ea arantza hori kentzen dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.