Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Xaboi-poteak

2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Joan den astean gure alaben eskola txikira joan nintzen bisitan, eta berriro sartu nintzen estuegiak iruditu zitzaizkidan gela koloretsuetan. Harritu nintzen ikusteaz den-denak berdin jarraitzen zuela han, denborak aurrera egin izan ez balu bezala. Paretan iltzeztaturik, orain dela hamar bat urte kokatu zituzten antiseptiko-pote zuriak, berri-berriak oraindik; eta hutsik. Etxean aurkitu dut orduko garbiketa-aholkuak dakartzan folletoa, eskuak zenbatean behin eta nola garbitu, paperezko zapiak non bota eta sukarra agertuz gero zer egin esaten duena; atzealdean zorriez ez kutsatzeko gomendio eta tratamenduez luze dihardu. Hamarkada bat pasatu bada ere, ahalegin txiki batez berritu liteke hau guztia, eta erabilgarri ipini: xaboi-poteak bete, eta eskuorrian A gripea jartzen duen tokian koronabirusa idatzi (zorrien kasuan, bere horretan argitara daiteke). Erraz eta merke.

Eskola sarrerako xaboi-pote horiek garenaren neurria ematen dute. Begira geratu naiz, ispilu baten aurrean bezala, eta berriro ikusi dut zein zentzugabe dirudienerreakzionatzeko gure modu honek. Ezezaguna zaigunaren aurrean izuaren izuz mugitzen gara, zerbait egiten ari garen sentsazioarekin nahikoa dugu, lasaigarri modura irentsi egiten baitugu. Beldurrak agintzen du; ez senak, ez zientziak, ezta zuhurtziak ere.

Beldurra diogu ezagutzen ez dugunari, eta ongi dakigu izua itsua dela. Ez, ordea, gorra, eta seinaleak aditu egiten ditu, eta kontraesanetan aurkitzen ditu nahieran zabaltzeko zirrikituak. Lasai egoteko esaten zaigu, baina Italian Erasmus egiten ari ziren gazteak etxeratu dituzte hango agintariek. Ezohiko arriskurik ez dagoela esaten dute, baina Arabako gotzaindegiak eskatu du meza agurtzean bostekoa luzatu baino, elkarri bake-keinua egiteko begirada hutsez; jakin nahi nuke nola egiten den hori.

Neure buruari galdetzen diot hau guztia berria ote den egiazki, eta zein eragin izango duen gure eguneroko bizitzan behin izualdiaren gaina igaro eta gero. Jakin badakit goizegi dela erantzun ahal izateko, baina horrek ez du batere apaltzen. Bizkorregi bizi gara, berehala asetu nahi izaten dugu datuen eta prebisioen gure gose asegaitza, eta zientziaren denborak ez datoz bat. Bizkor bizi gara, eta bizkor jakin behar dugu den-dena, baita ulertzen zaila edo ia ezinezkoa dena ere.

Datuek diote koronabirusa baino azkoz hilgarriagoak, hedatzen azkarragoak eta mendean hartzen zailagoak diren hamaika gaitz bizi izan dugula aurretik, baina urrutiegi geratu dira ikaspenak. Tratamendu ezaguna eta eskuragarria duen elgorriak 140.000 pertsona hil zituen joan den urtean, gehien-gehienak Afrikako herrietan bizi ziren bost urtetik beherako haurrak. Pneumoniak ume bat hiltzen du munduan 15 segundoz behin. Gaitz horiek, ordea, arruntak dira edo zehatzago esanda, arrunt bihurtu ditugu, normalizatuz asepsia eta ziurtasunaren ispilatzean goxo-goxo bizi den gure mundu honetan. Hain arruntakizanik, ez dute beldurrik eragiten. Aholkuen eskuorrien atzealdean daude, zorrien kontrako gomendioekin batera, eta ez ditugu ikusten.

Hamar urtez hutsik egon diren xaboi-pote horietan ez da kabitzen egunotako histeria, baina gure garai honen satira idazten hasteko metafora egokia dira. Ohiko arrisku hilgarriak normalizatu egiten dugu, gure baitan txertatu, eta apurka-apurka lausotuz joaten da, erabat desagertzen den arte. Arrisku berrien aurrean, ordea, bizi-bizi mugitzen gara, beldurra mendean hartzeko gai izango garela uste izanda. Uste ustela, ordea. Agian, aldian aldiko krisiak behar izaten ditugu berezkoa zaigun ahultasunaz ohartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.